Sekundino Etxeberria argazkilariaren argazki altxorra, osatzeko bidean
Sekundino Etxeberria Fernandez Andoaingo lehenengo argazkilariak hamarkadetan atera zuen argazki sortatik zati handi bat Udal Artxiboan bildu dute eta jada digitalizatuta dago, Juan Bautista Etxeberria bere iloba batek dohaintzan eman eta gero. Esker oneko ekitaldia ospatu zuten udaletxean atzo.
Ekitaldian ohorezko lekua hartu zuten Juan Bautista Etxeberria berak eta baita bere emazte Maria Puyk eta biren seme-alabek eta bilobek.
Maider Lainezek aurkeztu zuen ekitaldia, eta ondoan Udal Artxiboko Karmele Otaegi arduraduna eta Marta Trutxuelo bertako langilea izan zituen. Lainezek adierazi zuenez, Moises eta Truchuelo bi anai argazkilarien argazki-bildumak osatu ostean, Udalak eta bere artxiboak aspalditik zeukaten asmoa Etxeberriaren argazki-bilduma ere Udal Fototekako parte izan zedin.
Sekundino Etxeberriaren argazki sorta biltzeko egitasmoa ez da amaitu, eta Juan Batista Etxeberriak argazki sorta Udalaren esku uztea lehen urratsa izan zen. Eta geroztik, Etxeberria familiako beste zenbait kide ere artxibora hurbildu dira, etxean zeuzkaten argazkiak bertan uzteko asmoz.
Lainezek atzo egindako esker oneko ekitaldian gonbitea luzatu zien andoaindarri, eta bereziki Secundino Etxeberria familiako kideei etxean eduki ditzaketen argazkiak Artxibora ekarri ditzaten, “eskaneatu ondoren itzuli egingo zaizkie, eta horrela, Andoaingo lehen argazkilari profesionala izan zenaren Argazki Fondoa osatzen joango gara, gure artxiboko fototekan ohorezko lekua merezi duena”.
Kulturarako sentiberatasun handiko gizona
Sekundino Etxeberriak Andoaingo XX. mendeko lekukotza grafiko paregabea utzi zigun, argazkilari gisa. Andoaingo eta andoaindarren bizimodua, bizitza publikoa, ospakizunak, janzkerak, ohiturak, etxe eta eraikinetako arkitektura, paisaje naturalak… erretratatu zituen. Gainera, ez zen erretratu hutsetara mugatzen, eta edertasuna bilatu nahian, kalitate bikaineko argazkiak atera ohi zituen, lehen planoei garrantzia emanez.
Nolanahi ere, ez zen argazkilari huts izatera mugatu; gizon jantzia eta kultur zale eta euskaltzale amorratua zenez, besteak beste, euskarazko antzerkigintzako bultzatzaile nagusia izan zen Andoainen. Antzerki zuzendari eta antzezlari, bai Errepublikako bizialdian (1931-1936) indartsu plazaratu zen Euskal Pizkundearen babesean, eta baita gero, diktadura frankistari aurre eginez 60ko hamarkadan sortu zen euskal mugimenduarekin.