AEK euskaltegia, euskararen arnasgune

Mikel Arberas 2021ko abe. 4a, 09:00

2017ko irailean ireki zituen ateak Andoaingo Euskaltegiak, Plazaola kaleko etxabean. Horrekin batera, euskara ikasteko eta sustatzen jarraitzeko aukera emango zuen gunea zabaldu zen.

Urtetik urtera, gehiago dira euskara ikasi edo maila hobetu nahi duten herritarrak. Horretarako, Andoaingo AEKra jotzen dute askok. Datu gehiago emate aldera, 2021-2022 ikasturtean 163 herritarrek eman dute izena euskaltegian eta 16 talde sortu dira. Ikasle kopuruaren gorakada medio, 10 taldek Andoainen bertan ikasiko dute eta sei talde inguruko herrietara lekualdatu dituzte. Euskaltegiko langileak pozik agertu dira euskara ikasteko herritarrek eduki duten interesarekin, asko baitira, euskara traba bat baino, etorkizunera begirako aukera gisa hartzen dutenak.

Ildo beretik jarraituz, Andoaingo AEK-k A2 eta B2 euskara mailak lantzen ditu. Herritar ugarik eman dute hutsetik euskara ikasteko pausua, eta baita orain arteko hizkuntza maila hobetzekoa. Horrez gain, autoikaskuntzarako aukera ere ematen du euskaltegiak, eta pandemia garaian areagotu egin da baliabidea aintzat hartu dutenak; zehazkiago esanda, 21 ikasle ari dira metodologia hori oinarri euskara ikasten.

Euskararen zabalkundea

Ikasleen aniztasuna areagotzen ari da, bai adinari, bai eta jatorriari dagokionez. Askok adinaren kontua alde batera utzi eta euskara ikasteari ekin diote; esaterako, Jon Roldan eta Itziar Barrondo andoaindarrak. Lehenak erretiratu bezain pronto euskaltegian izena ematea erabaki zuen: “Familian guztiek euskaraz egiten dute, baina nik ikastaro eta ikasketa guztiak gaztelaniaz egin nituen. Beraz, ohartu nintzen, euskaraz mintzatzeko gai izan arren, gramatikari buruz ideiarik ez nuela. Hortaz, erretiroa hartzearekin batera, AEKn izena eman nuen”. Barrondok euskara ikasteko premia sumatu zuen, familia andoaindarra izanik euskaraz ez zekielako: “Nire familia andoaindarra den arren ez dakit euskaraz hitz egiten. Gainera, nire semeek ez didate euskaraz hitz egin nahi, ez dakit zergatik. Gauzak horrela, ahal nuenean euskara ikasiko nuela zin egin nion neure buruari”.
Esanak esan, geroz eta euskaldunberri gehiago entzun eta ikus daitezke kaleetan; batetik, bertako hizkuntzak ateak irekitzen dizkielako. Bestetik, senitartekoekin eta lagunekin komunikatzeko garrantzitsua dela ohartu direlako. Itziar Barrondok aitortu zuen “berak lan egonkorra” eduki arren, euskarak ate ugari irekitzen dituela eta nahigabea ematen diola gaztetatik ez ikasi izana. Edozer dela ere, aurrerapausoa eman eta euskara ikasteari ekin diote, nork bere arrazoieak edukita.

AISA ikastaroa eta Uler-saioak

AEK hainbat berrikuntzekin dator ikasturte berrian. Batetik, etorkinei begirako ikastaroa martxan jarri du, horiek euskararen oinarrizko ezagutza izan dezaten, baliagarria izango zaielakoan ikasketei eta lanei begira. Bestetik, Uler-saioak izeneko proba pilotua jarri du martxan Andoaingo euskaltegiak, Udalarekin elkarlanean. Urritik otsailera bitarte ulermena baino lantzen ez den 60 orduko ikastaroa egingo dute sei ikaslek, ikastaroa egin ostean ulermen atalean A2 maila lortzen duten ala ez jakiteko. 

Mintzalagun egitasmoa indarrean da

Aurten zehazki 44 lagun parte hartzen ari dira, eta AEK-ko Olatz Peñagarikano Mintzalagunakeko koordinatzailea gustura dago jendartean egitasmoa ezagutzen ari delako.

Euskaldun berri ugari erakartzen al ditu Mintzapraktikak?

Azpimarratu nahi genuke ez direla soilik euskaldun berriak etortzen. Euskaraz aritzeko beharra sentitzen duen edonor hurbiltzen da eta hurbildu daiteke, praktikatu nahi duena edozein arrazoi tarteko. Baliagarria da ahozkotasuna lantzeko, presio gabe eta egoera akademikotik kanpo.Ikasteko eta dakitena hobetzeko. Konpromiso hori sentitzen dute dakiten horri zukua ateratzeko.

Ikasteko gogo bizia erakusten al dute parte hartzaileek?

Ez genuen uste, baina partaideek ondo erantzun zuten. Egoera hobetzearekin batera berriz jarri ginen martxan. Beste batzuek, ordea, telematikoki mantendu zuten hitzordua.

Gaur egun pandemia egoerarekin ohitu gara eta ikusi dute posible dela elkartzen jarraitzea, segurtasun neurriak hartuta. Poztekoa da zentzu horretan erakutsi duten konpromisoa eta jarrera ona. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!