Elkarteak Nafarroa plazan urtetan eta urtetan zabalik eduki duen egoitzan topatu dugu hirukotea, barrualdea hustutzen. Errentan eduki dute, eta orain, tresneria eta traste handiak ateratzen ari dira. Errenterian Andaluziako kultura sustatzen duen Aljarafe elkarteak jasoko du material hori guztia.
Estela Perez elkarteari buruzko datu edo mugarri esanguratsuenak gogoratzen hasi da: “Triana elkartea, berez, 1990eko hamarkadaren hasieran jarri zen abian. Ofizialki, 1994ko maiatzaren 24an eratu genuen elkartea, 180 bazkiderekin. Nafarroa plazako egoitza berriz, handik bi urtera ireki genuen: 1996ko abenduaren 24an”. Perezek berak jarraitu du, elkartearen xede nagusia zein izan zen argitu asmoz. “Andaluziako kultura, folklorea, gastronomia eta abar zabaldu eta sustatu nahiak bildu gintuen guztiok”. Sanguinok bazkideen jatorriaren gainean Andoainen askok eduki dezaketen uste okerra argitu nahi izan du: “Bada harritzen den jenderik esaten diogunean orduko bazkide guztien artean, bakar-bakarrik 13-14 ginela jatorriz andaluziarrak: gainerakoak estatuko komunitate askotan sortuak ginen, baita Euskadin ere, eta ezerk batzen bagintuen, hori Andaluziarekin sentitzen genuen atxikimendu berezia zen”.
Desagertzearen zergatia
Nabaria den tristeziarekin azaldu dituzte elkartea desegiteko erabakia bultzatu duten arrazoiak. Ekonomikoa, lehenbizikoa. “Bi urtez geldirik egotera behartu gaitu pandemiak. Diru-sarrerak eragin ohi zigun ekimenik ezin izan dugu antolatu, txosna Andaluziako jan-edanekin, batik bat. Udaletik diru-laguntza jasotzen genuen, baina aktibitaterik ezean, iturri hori ere agortu zaigu pandemia garaian. Eta, bien bitartean, alokairuan hartutako egoitzaren errenta ordaintzen jarraitu behar izan dugu, eta baita beste hainbat gasturi (argia, ura, dantza-taldeen jantzien mantenua…) aurre egin behar ere! Egoera larriari erantzuteko bazkideen kuota igo egin genuen orain urtebete, baina horrela ere ezin izan diogu aurre egin arlo ekonomikoari”.
Elkartearen antolakuntzarako jende faltak ere erabaki mingarria hartzea eragin duela aitortu dute. Hala dio Tomas Cuervak: “Antolaketa lanetarako jendea falta izan zaigu. Egia da ekitaldi edo jaialdiren bat etorri aldiro, laguntza puntualetarako, jendea erruz agertu izan dela boluntario gisa; gainerako bazkideek ere parte hartu izan dute ekitaldietan, eta biziki eskertu izan dugu hori, elkarte baten bizitasuna islatzen baita horrela. Baina zailtasunak hasten dira urte osokoa den lan isileko zuzendaritzan parte hartu behar denean. Eta, horretarako, nekez arrimatu izan da jendea”. Boluntarioen gabeziarekin lotuta, atzetik etorriko zen gaztediaren inplikazioa ere falta izan dela gaineratu du Cuervak.
“Azkenean, jende berbera egon gara elkartearen gurdiari tiraka urtetan, eta nekagarria da hori; aurrera goaz, jubilatzen ari gara poliki-poliki gutako batzuk, eta nahiz eta Trianaren sorrerako helburuekiko ilusioa ez dugun galdu, jada ez daukagu orain 15-20 urte geneukan sasoia”.
Cuervak ohartarazi nahi izan du nahiko orokorra dela Trianak jasan duen gaitz hori. “Asko mugitu gara Gipuzkoako beste herrietan etxe erregionalek antolatzen dituzten jaialdiek gonbidatuta, eta gehien-gehienetan antzeko errealitatea sumatu dugu: alegia, eragile berberek jarraitzen dutela elkarteen antolakuntzan, ez dela belaunaldien arteko erreleborik gertatu”.
Trianako hiru kideek gehitu dutenez, ez dago Andoaindik atera beharrik errealitateaz jabetzeko, nahikoa ei da erreparatzea bertako hainbat kultur eta gizarte taldeen barne dinamika.
Triana elkarteak, hastapenetik, kultur izaerako elkartea izatea erabaki zuen, printzipio horri eutsi dio beti, eta, zoritxarrez, horrek ere ez du gehiegi “lagundu” elkartearen zabalkundean, Sanguinoren iritziz. “Elkarte gastronomikoa izatea erabaki genezakeen, Nafarroa plazako egoitzak bai baitauka espazioa mahai ugari jartzeko eta lizentzia sukaldea edukitzeko. Baina hortik jo beharrean, kulturaren aldeko apustua egin genuen, dantzarako tokia izango zen oholtzari eman genion lehentasuna. Gastronomiaren ikuspegitik jo izan bagenu, ziur asko arrakasta handiagoa izango genukeela, eta gaur ez ginela Trianaren heriotzaz mintzatzen ariko”.
Hazia, neska-gazte talde bat
Urtetan atzera joanda, esan daiteke Triana elkartearen hazia, Andoaingo neska gazte batzuk jarri zutela, Lourdes Motiño irakaslea gidari zutela sortu zuten Andaluziako folkloreko taldearen eskutik. 90eko hamarkadako hasieran izan zen hori, eta Estela Perezek adierazi du fama handia hartu zuela taldeak, telebistan dantzatzearen poderioz. “Jose Luis Morenok ETB2n programa bat aurkezten zuen, eta Manolo Escobar eta antzeko Andaluziako folklore ukituko artistak ekartzen zituenean, haiekin batera atzean dantza egiteko deitzen zion Andoaingo taldeari. Denbora berean, Young Play diskotekan eta modako beste zenbait tokietan ere emanaldiak eskaini zituen taldeak”.
Talde hura gorpuztu zuten zenbait dantzariekin gogoratzen da Estela. “Amparo Moreno, Estrella Sanguino, Irene Cerrato, Olga Martin, Ines Cerro, Soraya Tello, Mari Luz Uribesalgo, Susana Arbiol… 17-18 urteko neskatoak ziren, eta egundoko kalitatea eta grazia erakusten zuten oholtza gainean. Andoaingo Goikoplaza inguruko zenbait tabernek sotoa edukitzen zuten eskailerak jaitsita, eta bertan entseiatzen zuten. Era horretan, taberna asko (Goy, San Martin, Komunistena…) hartu zituen egoitza gisa gazte taldeak”.
Lasterrera, Andoainen Andaluziako kultura maite zuten herritarrak biltzea lortu zuen dantza taldeak, eta 1991ean, baita Triana elkartea sortzea lortu. “Doktor Huitziko etxabe batean hasi ginen biltzen; irrati-afizionatuen elkartearekin partekatzen genuen egoitza orduan. Horrela atontzen joan zen elkartea, eta 1994an jada estatutuak osatu, bazkide kanpaina egin, eta elkarte gisa erregistratu egin genuen”, gogoratu du Estela Perezek.
Dinamika indartsua eragin zuen lehenbiziko urte haietan 180 bazkidez osatzera iritsi zen Triana elkarteak. “Neskato eta mutikoen lau dantza taldek funtzionatzen zuten: Triana, Marea Brava, Al Alba eta Rocieras de Triana. Irakaslerik gabe jarduten zuten gazteek; euren artean aritzen ziren irakasten eta ikasten, eta egundoko koreografiak sortzen zituzten. Aktuazioak non eduki, jarraitzaile ugari eramaten zuten atzetik”.
Kultur giro aberats hori poliki-poliki gainbehera joan zen urteen poderioz, baina. “Ikasketak, bikotea, lan-ordutegia, familia… Badakizu nola diren gauzak: gazteei bizitza konplikatzen hasten zaie, eta orduan zirkunstantziak pilatzen joaten zaizkie ezin eutsi ahal izateko entseguen eta emanaldien dinamikari”.
Gazte ugariren faltan, helduez osatutako bi taldek iraun dute elkartearen aterpean, azken urtetan: Triana Abesbatza Rocieroa eta Triana y Ole dantza taldea.
Makina bat ekimenen sustatzaile
Triana elkarteak bizitza oparoa erakutsi izan du hiru hamarkadetan. Cuervak, Perezek eta Sanguinok, atzera begira jarrita, zehaztu dute elkarteak ekitaldi ugari antolatu izan dituela urtez urte. “Urtean, hiru hitzordu sakratu baziren, gure egutegi partikularrean: Andaluziaren Eguna (otsailaren 18), Apirileko Feria eta Herrien Jaia (Hogar Extremeño elkartearekin elkarlanean). Egia esan, Gipuzkoan nortasun andaluziarra daukagun elkarte guztiek antzeko egitarau finkoa izaten dugu, eta gonbidapenak nonahitik jaso izan ditugu dantza eta musika emanaldiak eskaintzeko; horrela, eromena izan da apirilak, maiatzak eta ekainak osatutako hiruhilekoa, hamarkadetan. Gustura ibili bai, baina beste edozertarako denborarik ezin eduki!”.
Harrotasun puntu bat ezin ezkutaturik, izaera eta formatu desberdineko ekitaldiak zerrendatu dituzte arrapaladan: hala nola, dantza eta abesbatzaren emanaldiak han hemen (aipatu tako egun seinalatuetan, San Juanak, Zahar egoitza, Gipuzkoako elkarte andaluziarren egun bereziak, Gipuzkoako Etxe Erregionalen Jaialdi folkloriko-gastronomikoak…), ongintzako kontzertuak, Andaluziako kultura edo migrazioa hizpide zituzten hitzaldi eta mahai inguruak, inauterietan konpartsa…
“Guztiek ere ahalegin berezia eskatu badigute ere, gozatu ederrak hartu izan ditugu eta herritarrak goza araztea lortu dugula iruditzen zaigu. Horrexegatik, oroitzapen gozoekin geratzen gara. Beharbada, satisfakziorik handiena, 2018ko abenduan Basteron Gora Kaletxiki Bandarekin elkarlanean antolatu genuen ongintzako jaialdia izan daiteke, kontuan hartuta zein zen bere helburua (minbizia duten haurrekin lan egiten duen Aspanogi elkartea laguntzea) eta Andoaingo herritarrek eman ziguten erantzun bikaina”.
Gora Kaletxiki Banda aipatzen hasita, hiruek ere herriko hainbat kultur taldeekin edukitako harremana azpimarratu nahi izan dute. Beti egon gara prest elkarrekin lan egiteko, eta gurekin ere berdin jokatu izan dute; azken batean, beti eduki dugu argi herriaren kulturari eta bizitzari ekarpena egiteko jaio ginela”.
Esker oneko mezuak, agurra iragarri zutenetik
Makina bat mezu jaso dute Triana elkartea desegitea zihoala publikoki iragarri zutenetik. “Gipuzkoako eta Andoaingo kultur elkarteek, elkarte gastronomikoek, alderdi politikoek, norbanakoek… makina bat lekuetatik jaso ditugu mezuak, eta denek ere atsekabea adierazteaz eta gurekin igarotako une atseginak gogoratzeaz aparte, eskertza luzatu digute urtetan herri kulturaren alde musutruk lanean aritu garelako. Emozio handia eragiten diguten mezuak dira, eta bihotz-bihotzez estimatzen ditugu”.