“Aurrikusitako epeak betetzen badira ere, 2026a baino lehen ez dituzte zarataren aurkako panelak instalatuko”

Jon Ander Ubeda 2021ko abe. 6a, 11:08

Horixe da Andoaingo Podemos Ahal Dugu alderdiaren ondorioa, haren ordezkariak Gipuzkoako Foru Aldundian egindako galderari eman dioten erantzuna irakurri eta gero.

Zein egutegi aurrikusten du Foru Aldundiak N-1 errepidean, Andoainen, zarataren aurkako panelak jartzeko? Galdera zehatz hori egin zuen Podemos alderdiak, Bide Azpiegitura sailean. Jaso dute erantzuna, Gipuzkoako Foru Aldundiak A15 eta N1 errepideen lotunea gauzatzeko duen egutegiari oso lotuta dagoena.

Mimendi

Erantzuna oso argia da. Mimendiren kasuan, uztailean Andoainen eskaini zuten hitzaldian adierazi bezala, zarataren aurkako panelak ez dira eraginkorrak eta bertan errepidearen zati bat estaltzea aztertzen ari dira. Beti ere kontutan hartuta oso irtenbide zaila dela.

Sorabilla

Sorabillaren kasuan argi adierazten da egitasmo berriari oso lotuta egongo dela. Zarataren aurkako panelak, jartzekotan, A15 eta N1 errepideen lotunea hobetzeko lanen baitan txertatuko dira.

Aita Larramendi ikastola

Lotune berriak ikastolara gerturatuko du errepidea, Aita Larramendi ikastolak ohar baten bidez gogorarazi zuenez. Podemosi emandako erantzunean argi samar ageri da Foru Aldundiak 2022an zehar jarri nahiko lituzkeela panel berriak bertan, orain jarrita dauden lastozko horien ordez.

Podemos Ahal Duguren balorazioa

“Gure ustez Andoaingo bizilagunen sufrimendua luzeegia da. 40 urteko eragozpenek eta bete gabeko promesek konponbide ausarta eta ahalik eta azkarrena merezi dute. Foru Aldundiak bizilagunei entzutea eskatzen dugu, eta herritar gehienak asebeteko dituen irtenbide bat aurkitzen den bitartean, eskatutako pantailak ahalik eta lasterren jarriko lituzke eragindako auzo guztietan. Bitartean, egoera tamalgarri hau ezagutarazteko eta arazoari behin betiko konponbidea bilatzeko ekimenak bultzatzen eta egiten jarraituko dugu”.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren egutegia

A15 eta N1 errepideen lotunea hobetzeko honako egutegia darabil Aldundiak eskuartean. Podemosi emandako erantzunetik hauxe da darabilten egutegia, laburbilduta:

  • 2021eko abendua. Trazadura-proiektuaren erredakzio lanen amaiera.
  • 2022ko urtarrila. Jendaurrean jarriko da erredakzio lana, eta ingurumen eragina aztertuko da.
  • 2002ko uztaila. Eraikuntza-proiektuaren lanketa, eta bertan aztertuko dira zarataren aurkako irtenbideak. Hala nola, Mimendi parean errepidea estaltzea edota Sorabillan panelak jartzea.
  • 2023ko amaiera. Eraikuntza-proiektuaren jendaurreko erakusketa eta tramitazioa bideratzea.
  • 2024tik aurrera. Eraikuntza-fasea hasiko litzateke.

Zaratarena, Andoainen lehen lerroan dagoen auzia

Azken hilabeteetan 5.100 sinadura lortu dituzte Andoainen, bereziki Mimendin bizi diren auzotarrek sustatu duten ekimenari esker. Zaratekin amaitzeko neurri zehatzak eskatzen dituzte, eta alde horretatik aho batez onartu zen mozio bat aurrera ateratzea lortu zuten.

Bestalde, honi lotuta, Andoainen giza mugimendu bat antolatzen hasi da 2011ko Hiru Antolamendurako Plan Orokorraren defentsa egiteko. Zeinaren bitartez, "Andoaingo Saihesbidea" egitasmoa aurrera aterako litzatekeen Mimendi eta Sorabilla arteko errepide zatia herri barruko eremu bilakatzeko.

Gauzkoz, Gipuzkoako Foru Aldundiak Bidegik aurrera eraman nahi duen egitasmoa lehenetsi du. Eta, ondorioz, bazterrean geratu da “Andoaingo Saihesbidea” izeneko egitasmoa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!