Bigarren gaua, ibaien ur mailari begira

Aiurri 2021ko abe. 10a, 20:02

Bati baino gehiagori goiza zaildu zaio, gaurkoan. Ur maila nabarmen igo da Oria ibaian, eta baita Leitzaran ibaian eta eskualdeko beste zenbait errekatan ere. Horrek eragina izan du eguneroko bizitzan, eskolara edo lanera joateko garaian. Eta bada euritearen beldur bizi izan dena, besteak beste, ibai ertzeko biztanleak, dendariak eta landa eremuan luiziekin kezkatuta dauden herrikideak.

Pantailatik jarraitzea ikusgarria izan da, eta horren isla Aiurritik zabaldutako argazkiak eta bideoak. Baina hainbat eta hainbatentzat ardura handiko orduak izan dira. Etxabeak, negozioak eta bestelako ondasunak dituzten herrikideentzat kezkaz beteriko orduak dira.

Eguerdi partean egoera egonkortu egin da, baina ez dago erabat lasaitzeko motiborik oraindik. Eguraldiaren iragarpenaren arabera, Gipuzkoako alde honetan oraindik ere eguraldia euritsua izango da. Eta ur-emari hain handia duten ibaietan ezer gutxi behar izaten da ibaiek berriro gainezka egiteko.

 

 

Kale Nagusia eta Zumea kalea, ostiral arratsaldean

Merkataritzak garrantzia berezia du bi kale horietan, eta kasu batzuetan negozioak itxita izan dira eta beste batzutan normaltasun osoz aritu dira. Hori bai, denak ere zuzenean edo zeharka ibaira begira egon dira. Gauari begira zer? Atzokoan bezain besteko alarmarik antzematen ez den arren, merkatalgune gehienetan atzoko neurri beretsuak hartuko dituzte. Baita Santa Krutz elizan eta Caritasen egoitzan ere.

Jokabide baikorra dutenen artean dago Santa Krutz frutadenda. Diego Barragan fruta saltzaileak atzokoan atean itxitura berezia jarri zuen, ahalik eta ur gutxien sar zedin. Gaurkoan ez du horrelakorik egingo, okerrena pasa den ustekoa baita. Virgina Jimenez lankidearekin batera lanean ari zen, ostiral iluntzean. Barragan lasaiago dago: “Goizean Udal langileek zubian zeuden enbor handienak kendu izanak lasaitasuna eman dit. Tenperatura igo egin da eta mendietatik urtu daitekeen elurra gutxitu egingo dela ondorioztatzen dut. Gaur gauean ez dut aparteko neurririk hartuko”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!