Hizkuntzen joan-etorrian murgildu zen orain urte asko Izaro Arruti Agirreurreta andoaindarra. Erdigunekoak eta periferikoak, mihi luzekoak nahiz laburrekoak. Bi hizkuntza hegemonikoren ikasketak gauzatu zituen urnibertsitatean, ingelesa eta frantsesa; beste hainbat ikasteko bidean da, buru-belarri. Gainera, musika darabil egunerokoan harremanik eduki ezin duen hizkuntzak “bizitzeko”. Hala, orain gutxi, ama hizkuntzari eutsi dio, baita ikertu ere, Lasarte-Oriako Sandra Prietorekin batera. Hori horrela, Txillardegi-Hausnartu Soziolinguistika Saria irabazi dute, hezkuntza soziolinguistikorako baliabideen azterketarekin: “Hezkuntza soziolinguistikoa: Euskal Herrian han eta hemen dauden material eta baliabideen bilketa, azterketa eta sailkapena”.
Zerk eraman zaitu, ikuspegi soziolinguistiko batetik, euskararen gaineko azterketa egitera?
Euskalgintzan jarduten duten eragile gehienak ados daude. Hutsune handia dago euskararen ezagutzaren nahiz erabileraren artean, gazteei dagokionez. Euskal herrian, %68k D ereduan ikasten du eta %55ek daki euskaraz. Nolanahi ere, 2013. urteaz geroztik, beheranzko joera hartu du erabilerak. Hortaz, arrakala horren atzean zein faktore dauden identifikatzea da egungo ikerketa soziolinguistiko gehienen xedea. Bide horretatik jorratu dugu gure Master Amaierako Lana: faktore asko daude, eta badakigu horien artean dagoela kontzientzia soziolinguistikoa. Hau da, euskaraz dakiten gazteek hizkuntza bera erabiltzeko hautu kontzientea egitea nahi badugu, ezagutu behar dute zein den inguratzen dituen errealitate soziolinguistikoa. Hortik abiatuta, euskaran gustagarria bezain baliagarria den zerbait biltatu behar dute. Orain arte, hizkuntza zaurgarri gisa auzkertu zaigu euskara, “galtzea nahi ez badugu, zaindu beharrekoa”; zentzu batean, zama gisa: “Eutsi ezean, desagertu egingo da”. Beraz, zentzu horretan landu behar da kontzientzia. Gazteak euskararen egoeraz jakitun izatea garrantzitsua da, kontzienteki hartzeko, gerora, euskaraz mintzatzearen (edo ez mintzatzearen) erabakia. Gutxienez, egoeraren berri izan, libreki hautatzeko zein harreman izan nahi duen norbanakoak euskararekin.
Hari horri eutsi genion lana egiteko: uste badugu kontzientzia linguistikoa dela gakoa, orain arte inork egin ez duen zerbait egin dezagun; goazen gai horiek lantzeko materiala bilatzera, aztertzera zein sailkatzera. Unitate didaktikoak sortzen ditu jendeak, era isolatuan, agian, jakin gabe zer dagoen aurretik eginda. Horrenbestez, horixe egin dugu, jada sortuta dagoena bildu eta sailkatu.
Horretarako, harremanetan jarri ginen soziolinguistika arloan dabiltzan hainbat eragilerekin, ea zein material erabiltzen duten ikusteko: Kike Amonarriz, Txerra Rodriguez, Berritzeguneak, Ikastolen elkartea, AEK, Irale... Alde batetik, formatuen araberako sailkapena egin dugu (liburuak, bideoak, unitate didaktikoak...); beste alde batetik, modalitatearen araberako zerrenda sortu dugu (ikasleek irakasleekin zuzenean landu dezaketena, irakasleen formakuntzak...). Hitz gutxian, bilduma horixe da gure ikerketaren mamia. Helburu du tresna bihurtzea, aurretik aipaturiko eragileen nahiz interesa duen ororen eskura ipintzeko.
Euskal Herrian bertan, euskararen egoera asko aldatzen da lurraldetik lurraldera. Hala, kontzientzia hartzeko prozesua era ezberdinean ematen al da?
Horren jakitun ginen ikerketa egin genuenean, zeren ez baitu gauza bera bilatuko gure baliabide-zerrendan Zarauzko edo Tudelako irakasle batek. IÒaki Eizmendi soziolinguistaren ideia eredu gisa hartu genuen, nahiz eta gero ez zitzaigun egingarri bihurtu; hala ere, horixe litzateke idealena: termometro antzeko bat sortu, irakasleak bere premiak identifikatzeko eta kokapen horren araberako baliabideak praktikan jartzeko.
Galizia izan duzue kanpo erreferente ikerketan.
Txerra Rogriguez soziolinguistak gomendatu zigun Galiziaren errealitatea ezagutzea. Beraz, atal batean bertako egoera dugu hizpide. Bi irakasle hartu genituen eta gauza bera galdetu genien: soziolinguistika nola lantzen da hezkuntzan? Liburuetan jorratzen al da? Curriculumarekin bat al dator? Zein beste material osagarri duzue?
Ez ditugu Galiziako ikasketa-material guztiak arakatu, baina gure bi elkarrizketatuek gomendatu zizkiguten bik jarraitzen dute curriculumak dioena: gai bakoitzean soziolinguistikari bideratutako edukia dago, lingua e sociedade. Horrela, ikasleei ezaguna egiten zaie ideia, hizkuntzak jendartearekin duen lotura. Horrez gain, oso erreferentzia argiak dituzte, material osagarriari dagokionez. Labur azalduta, eragile gutxi dago soziolinguistikaren gainean hausnartzen Galizian, baina dauden horien gutxien lana hemen baino eraginkorragoa da.
Horrez gain, aurrekoan beste jardunaldi batzuetan izan ginen eta ondo baino hobeto dut gogoan irakasle bati entzundakoa, "minus eta minus, plus". Finean, babes gutxien jasotzen duen kolektbioek erraztasun handiagoa daukate erantzun azkarrago bat emateko, esnatzeko eta altxatzeko. Gogoeta soziolinguistikoa hizkuntza gutxituetan garrantzitsuagoa da, hizkuntza gutxitu bateko hiztun izateak ahalegina eskatzen duelako.
Soziolinguistika ikas-materialetan ez agertzeak eragina al dauka, beraz, ikasleek euskararekin duten atxikimendu faltan?
Hori da gure hipotesia. Euskara jakin, badakite, baina ez dute erabiltzen. Hutsune handia dago tartean, eta makina bat faktore pilatzen da bertan. Fernando Ramallo soziolinguistak dio lehen mailako zein bigarren mailako baldintzak daudela ezagutzatik erabilerarako saltoa (mudantza linguistikoak) egiteko. Lehen mailan, gaitasuna, autokonfiantza eta aldeko posizionamendua daude, eta, behin horiek eskuratuta egiten dugu salto bigarren esparrura. Egun, gazte gehienek badute gaitasuna;, autokonfiantzaren aferan, kili-kolo gabiltza, inguruaren arabera garatzen delako. Gainera, hiztun berriaren figura sartu da jokoan (etxean jaso ez eta euskara eskolan ikasten duena); horiek euskara batua mintzoaz gizarteratu dira, baina ikusten dute ez omen dela euskalkiak besteko “ona”. Hiztun idealarekin apurtzen du figura horrek, eta horixe egin behar da, puskatu. Bestela, ez goaz aurrera. Aldeko posizionamenduari erreparatuta, gazteek baliogarritzat dute euskara, baina oso rol kontsumitzailea daukate, festarekin lotzen dute: KORRIKA, Kilometroak...
Baldintza sozialak kokatzen dira bigarren mailan, hiztun orok behar duelako hizkuntzarekin duen harremanean ingurukoen "onespena", alegia, hizkuntza batean jardun ahal izateko, baldintza sozialek alde egon behar dute, eta askok ez dauzkate.
Gazteen artean, maiz, aipatzen da naturalizazioaren ideia. Hernandezek azaldu lez, oso kontzeptu arriskutsua da hori: "Niri naturalki ateratzen zait gazteleraz hitz egitea lagunekin". Finean, hain agerian ez dauden rolak ezkutatzen ditu, botere-harremanak. Horregatik, soziolinguistika lantzean, gazteek tresna bat dute eskura gizartean gertatzen diren fenomeno linguistikoak identifikatzeko: diglosi-egoerak, estres linguistikoa... Ahalduntzea dakar horrek, zure inguruan gertatzen denaz jabetzen zarelako eta horren araberako hautua egiten duzulako. Horren ostean, ez badute euskaraz jardun nahi, oso ondo, baina ez dadila izan hausnarketa hori egin ez dutelako.
Hizkuntzen ikasketa-prozesua ezkortasunarekin lotu ohi dute ikasle askok. Zein da horri aurre egiteko formula?
Ez dago formula magikorik. Guztiz sinetsita nago hizkuntzaren ikasketa gainontzeko ikasgai guztiak bezala bideratu behar dela: tresna gisa aurkeztu behar da eta bizipen positiboekin uztartu (musikaren bidez, boluntaritzak...). Zaila bada ere, horixe litzateke idealeana, alegia, ikastetxeek, nork bere eskalan, txikian edo handian, horrelako baliabideak ikasleen esku ipintzea. Esanak esan, egoera ekonomiko hobea dutenek aukera gehiago izango dituzte hizkuntzaren ikasketa-prozesua bizipen positiboekin lotzeko, izan akademia batean sartuta, izan bidaia bat eginda.
Bestalde, batzuetan, iruditzen zaigu ingelesa eta frantsesa direla tresna baliagarrienak. Alabaina, ahaztu egiten zaigu ikasgelan ere badela bestelako hizkuntza errealitaterik, hala nola, suajilia edota arabiera hitz egiten duenik.
Bi hizkuntza hegemonikoren ikasketak gauzatu dituzu. Orain, ordea, hizkuntza gutxitua izan duzu ikergai. Euskararekin edukitako hausnarketak, buruhausteak izaten al dira hizkuntza hegemonikoetan?
Gure ikerketan atzerriko erreferentziak sartu nahi genituen, baina ez genuen ikerketarik topatu soziolnguistikari buruz. Euskarari ondo datorkio soziolinguistikaren termometroa izatea bizi duen testuinguruaren ahulguneak identifikatzeko eta aurre egiteko. Ingelesak edo frantsesak ez dute baliabide hori behar, eta soziolinguistika erabiltzen dute dialektoez jarduteko. Ondorioz, ez dira ematen euskararen gainean izaten diren eztabaidak. Euskal Herrian soziolinguistika ez da diagnostikoa egitera mugatzen; hortik harago doa, erronka gisa ulertzen baititu identifikatutako gabeziak.
Aurrera begira, ba al daukazu proiekturik esku artean?
Lanean jarraituko dut, egindako ikerketa ahalik eta eraginkorrena izan dadin. Bestalde, oso gustora nabil EuskarAbentura egitasmoan eta biziki aberasgarria da niretzat bertan ikertzaile gisa gazteekin egotea, hilabete batez. Horrez gain, hizkuntzalaritza beste hainbat esparrurekin lotzen jarraituko dut, hizkuntza gutxituen borroka beste borroka batzuekin uztartzen, hain zuzen ere. Agian, horixe da gazteak euskarara gerturatzeko gakoa.
Elkarrizketa osorik, Aiurri hamaboskariaren 595. zenbakian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.