Ama Kandidak sortu zuen Jesusen Alaben Kongregazioaren 150. urteurrena

Aiurri 2021ko abe. 15a, 20:54

Kaletxikin, Berrozpeko ermitan, ekitaldi xumea burutu dute iluntzean. Besteak beste, Katrin Iturraldek zuzendutako abesbatzak parte hartu du. Ama Kandidak sortu zuen Jesusen Alaben Kongregazioak 150 urte bete dituela eta elkartu dira gaurkoan. 

Juana Josefa Zipitria Barriola, "Ama Kandida"

KALETXIKIn sortu eta gerora beatifikatu zuen andoaindarraren biografia laburtua

Andoaingo Berrozpe baserrian jaio zen Juana Josefa Zipitria Barriola "Ama Kandida", 1845eko maiatzaren 31n. Aurtengoan, beraz, 175 urte bete dira. Eta efemeride hori dela eta, ospakizun berezia antolatu zuten auzotarrek.

XIX. mendean Berrozpe baserria etxebizitza ezberdinetan banatua zegoen eta bere familia eskuin aldera zegoen bizigunean bizi zen. Urteak pasa ahala, Berrozpe baserria hutsik geratzen joan zen eta 1926an enkantean jarri zuten. Oso egoera txarrean zegoen ordurako. Juan Olazabal donostiarrak erosi zuen 1926ko urriaren 12an, 12.000 duroren truke. Etxea Jesusen Alaben kongregazioari oparitzea erabaki zuen, baina etxea ez zen erabilgarri izan 1946ra arte.

Ibilbide oparoa osatu zuen Ama Kandidak. Biografia osoa asko laburtuta, hona hainbat datu. 17 urte inguru zituela, Burgosera joan zen. Zazpi ahizpetan zaharrena zen eta ez zuen heziketarik jaso. Horrenbestez, neskame lanetan hasi zen familia aberats batentzat. Familia hura Valladolidera joan zen bizitzera eta bera ere bai, haiekin batera. Valladoliden zegoela ezagutu zuen Miguel Herranz jesuita. Haren laguntzarekin erabaki zuen bere etorkizuna erlijiora eta heziketara bideratzea, batez ere emakumeei zuzenduta.

Salamancara joateko erabakia hartu zuen orduan, garai hartako hezkuntza gune nagusia bertan zegoelako.

1871ko abenduaren 8an Jesusen Alaben kongregazioa sortu eta hezkuntza arloan lanean hasi zen, 26 urte zituela. Beste bost emakumerekin batera eman zituen lehen pausoak.

1871ko abenduaren 8an Jesusen Alaben kongregazioa sortu eta hezkuntza arloan lanean hasi zen, 26 urte zituela. Beste bost emakumerekin batera eman zituen lehen pausoak. Denbora gutxira, zenbait eskola irekitzea lortu zuen, Salamancan eta inguruko herrietan lehendabizi, eta beste hainbat tokitan geroago. Gaztela inguruan hainbat ikastetxe zabaldu ondoren, Euskal Herrira zabaldu zuen bere ekimena. Hemen ere eskolak eraikitzen hasi baitziren.

Bera hil aurretik, Brasilen bi etxe irekita zeuden dagoeneko. Filipinetan, Hego Amerikako hainbat herrialdetan, Afrikan, Asian…, Jesusen Alaben kongregazioa premia larrian dauden herrietan zabaldu da.

Egun, mundu zabaletik, Kongregazioko kideen eta fededunen bisitari ugari hurbiltzen da Andoainera. Bereziki, Ama Kandidaren jaioterria ezagutu asmoz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!