Covid19 | Datuak egunez egun

Covid-19 Ziurtagiria eskatzen hasita daude ostalaritzan eta Udal eraikinetan

Jon Ander Ubeda 2021ko abe. 16a, 19:23

Gaurkoan kalez kale dabilenak antzeko oharrak topatuko ditu ostalaritza sektoreko hainbat negoziotan. Eta Udal eraikinetan ere hasita daude ziurtagiria eskatzeko iragarpenak egiten. Allurralde kiroldegian, Bastero Kulturgunean eta ostalaritza guneetako barrualdera sartzeko eskaera indarrean dago.

Allurralde

Atzokoan oharra argitaratu zuen, honako mezuarekin:

Eusko Jaurlaritzak dekretu berri bat argitaratu du, estalitako kirol-instalazioetara sartzeko Europar Batasunaren Covid Digital Ziurtagiriaren (QR) eskakizuna nahitaezkoa dela ezartzen duena.

Ildo horretatik, jakinarazten dizuet bihartik aurrera kirol instalazioetara sartu nahi duen orok, 12 urtetik beherako haurrek izan ezik, aipatutako covid ziurtagiria aurkeztu beharko duela instalazioen sarreran.

Aurreikus daiteke baldintza hori martxan jartzeak hasierako nahasmena eta deskoordinazioa sor ditzakeela, eta, beraz, instalazioetako langileekiko enpatia eta prozesuan laguntzea eskatzen dizuegu.
Eskerrik asko zuen laguntzagatik.

 

Bastero

Gaurkoan egin du iragarpena:

Andoaingo Udaleko Hezkuntza eta Kultura sailak indarrean sartu den Dekretu berrira egokitu ditu kultur ekimen ezberdinetako protokoloak. Honenbestez, 12 urtez gorako erabiltzaileek Covid pasaportea aurkeztea ezinbestekoa izango dute kultur ekipamenduan burutuko diren musika-dantza-antzerki saioetan, zinema saioetan, edota bestelako arte-ekitaldiak egiten direnean. Dekretuak zehazten du ohiko sarreraz gain, Covid ziurtagiria eta nortasun agiria eskatuko direla.

Ostiral honetako Chica Sobresalto-ren kontzertuan edo asteburuko zinema saioetan dagoeneko dokumentazioa eskatuko da. Larunbat goizean Aita Garayoa abesbatzak eta Ana Belén García organo-jotzaileak San Martin elizan eskainiko duten emanaldian ere eskatuko da.

Basteroko programazioaz gozatzeko sarrerak erosi dituzten erabiltzaileei aukera emango zaie diru-itzulketa eskatu dezaten (abenduko eta gabon giroan programazioari eragiten dioten ekitaldiak). Sarrera fisikoa dutenek leihatilara gerturatu beharko dute, eta kutxabank bidez erosi dutenek 943.30.35.40 telefonoz ere egin dezakete itzulketa eskaria.

Itzulketa prozedura, ordainketa egin den modu berean burutuko da: txartel bidez egin dutenek, txartelarekin; eta eskudirutan egin dutenek, metalikoan. Gehienez, ekitaldia ospatu baina 2 egun lehenagoko epea ezarri da sarrera itzulketak tramitatzeko. 

 

Bitartean, ostalaritza gune askotan ziurtagiria eskatzeko afitxak jarri dituzte negozioen erakusleihoetan. Neurria barrualdera sartzeari dagokio. Hau ere Eusko Jaurlaritzak ezarritakoa da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!