“Andoain Laburrean” bideo lehiaketa abian da

Aiurri 2021ko abe. 17a, 13:34

Alexander Huitzi eta Ainhoa Aiertza, lehiaketaren aurkezpenean

16-28 urte bitarteko gazte ez-profesionalei begirako lehiaketa da, eta Andoaingo gazteen artean euskararen erabilera sustatu eta sormena bultzatzeko helburuarekin antolatzen da. Bideo laburra osatzerakoan gai librea izango den arren, berrikuntza batekin dator lehiaketa; Udalak argitaratu berri duen Anjel Lertxundiren “Herriminaren prosak” liburua nonbait agertu beharko da, “istorioaren elementu garrantzitsu edo zeharkako elementu gisa”.

 

Andoaingo Udalak Zine eta Bideo Eskolarekin (ESCIVI) batera antolatzen duen lehiaketa da, eta zazpigarren edizioa egingo du aurten. Lehiaketa Alex Huitzi euskara zinegotziak eta ESCIVI eskolako Ainhoa Aiertzak aurkeztu zuten, asteazkenean.

Aiertzak aurreko edizioen inguruko balantze baikorra egin zuen: “urtero antolatzen den lehiaketa honek, ikus-entzunezko munduan mugitzen diren gazteen artean interes handia sustatzen du”. Konparazio batera, ikusgai daude iazko edizioan parte hartu zuten bideo lan guztiak.

Huitzik lehiaketaren zergatia izan zuen aipagai agerraldian, “euskarazko inguru bat sortzea du helburu. Ikus-entzunezko munduan euskara bezalako hizkuntza txikien presentzia handiagoa sustatu nahi den honetan, Andoain Laburrean bezalako lehiaketa euskaraz sortzeko eta kontsumitzeko apustua da”.

Filosofia horri eutsiz, euskaraz beharko dute izan bideo laburren hizkuntza eduki guztiak, oinarrietan agertzen den moduan.

 

"Ikuslearen saria", sari berri bat

Lehenengo saria 500 eurokoa izango da, eta 300 eurokoa bigarrengoa. Urtarrilaren 28a da lanak aurkezteko azken eguna. https://labur.eus/andoainlaburrean estekan dagoen formularioan  egin behar da aurkezpena, eta, jarraian, My Air Bridge (www.myairbridge.com) bidez bidali bideoak euskarazerbitzua@andoain.eus postara, mov edo .mp4 formatuetan.

Bestalde, sari berri bat sortu dute, “ikuslearen saria”. Ikusleek www.andoaindarraeuskaraz.eus webgunean bozkatu ahal izango dute bere bideo laburrik gogokoena, otsailaren 5etik 13ra, eta boto gehien jasotzen duen bideoaren egileak Bastero Kulturguneko zinemarako bi bazkidetza bono eskuratuko ditu.

Sari banaketa ekitaldia otsailaren 17an egingo da, Basteroko Kulturguneko ekitaldia aretoan.

 

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!