Herriko odol emaile bereziei eskerrak emateko ekitaldia

Aiurri 2021ko abe. 17a, 20:22

Juan Antonio Alduntzin, Ana Isabel Zalakain, Maria Dolores Eskudero, Bixente Zabala eta Joxe Inazio Aranburu odol emaileak, Maider Lainez eta Joxe Mari Tolosarekin.

 Urtero legez, Andoaingo odol emaileen elkarteak omenaldia eskaini die odol emate kopuru handi batera iritsi diren odol emaileei. Sei herritarri egin zaie aitortza urtetan erakutsitako elkartasunagatik: Joxe Inazio Aranburu Aranburu (25); Ana Isabel Zalakain Mendizabal (25); Imanol Ansa Etxeberria (50); Juan Antonio Alduntzin Garrido (75); Maria Lourdes Escudero Ruiz de Larrinaga (80); eta, Bixente Zabala Huizi (100). Udaletxean egin dute ekitaldia.

Maider Lainez Andoaingo alkateak aurtengo sarituek urtetan erakutsi duten elkartasuna goraipatu du, “ezeren truke ematen duzuen odol horrekin bizitzak salbatzen dituztelako, eta alde horretatik gure esker ona adierazi behar dizuegu”.

Joxe Mari Tolosak Andoaingo odol emaileen elkartearen izenean hartu du hitza. Sei odol emaileei omentzen digutu gaur; erruz erakutsi dute konstantzia eta eskuzabaltasuna. Ezagutzen ez ditugun makina bat gaixoentzat izan da baliagarri zuek urtetan emandako odola. Ez dakigu nortzuk diren gaixo horiek, baina badakigu hor daudela, hain justu zientziak sortu ez dezakeena jasotzeko zain”.

“Covid-ak eragindako mundu mailako krisiak gizakien alderik onena eta gaiztoena” erakutsi diguela esanez jarraitu du Tolosak hitzalditxoa. “Jarrera berekoi, friboloak eta elkartasunetik gutxi dutenak igarri ditugu. Baina baita ere, jokaera solidarioak eta arduratsuak. Giza komunitatearekin konpromisua hartzen duen jendea, urkoa zaintzen duena. Aurrenekoak ez zaizkigu interesatzen; beste horiek bai, ordea! Harro sentitzen gara horiekin!”.

 

Ba al dago elkartasun ederragorik?

Azkenik, odol emaileen aldeko aladarria egin du. “Odola ematea da elkartasuna erakusteko gure modua. Odola emateko hitzordua iristen zaigunean, gure erosotasuna  bazterrean utzi, galbana gainditu eta zintzo-zintzo etortzen gara. Badakigulako gure odolak osasuna eta bizia ematen diela behar duten beste batzuei. Ba al dago elkartasun ederragorik?”.

 

 

Aurtengo sarituak, Andoaingo odol emaileen elkarteko kideekin batera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!