Oroituz oroimen-taldearen agiria, Buruntzako gurutzea eraitsi dutela-eta

Aiurri 2021ko abe. 20a, 11:50

Andoainen frankismoak eragindako biktimen eskubideen alde lan egiten duen "Oroituz, Andoainen" elkarteak agiria zabaldu du, Buruntzako gailurreko gurutzea eraitsi dutela eta.  

Buruntzako gurutzea eraistearen berriak agerian uzten digu, berriz ere, 1978tik Espainiako Estatuko demokraziak arrastaka dakarren defizit sakona, 1936ko kolpe militar faxistarekin eta ondorengo diktadurarekin lotura zuzena duena. Hasteko eta behin, bizkar eman zioten nazioartean onetsita dagoen “Egia, Justizia, Erreparazioa eta ez errepikatzeko Bermeak” kontzeptua aplikatzeari, eta muzin egin zietelako frankismoak eragindako milaka eta milaka biktimei dagozkien eskubideei.

Trantsizio politikoa gidatu zuten indarrek amnesia eta inpunitatea ezarri zuten frankismoaren eta historikoaren krimenei zegokienez, eta alfonbra gorri “demokratikoa” eskaini zieten diktadurako estatu-egitura guztiei. Eta, horrexegatik, gaur egun, eta, urrutira joan gabe, Errepublika eta demokrazia defendatu zuten ehun mila demokratek baino gehiagok bide bazterretan lurperatuta jarraitzen dute, eta biktimek egia eta justizia aldarrikatzen jarraitzen dute beren senideentzat.

Memoria antifrankistarekin lotuta dagoen defizit demokratiko horren testuinguruan, gure artean oraindik irauten duten sinbolo frankisten kapitulua aurkezten zaigu. Andoaingo Udal artxiboko dokumentuek, prentsa historikoak edo urte hauetan bildutako lekukotza pertsonalek ez dute zalantzarik uzten Buruntzako gurutzearen jatorriaren gainean: Andoaingo Falange Española de las JONS erakundea izan zen berau jartzea bultzatu zuena 1939ko abuztuan, eta eginkizun horixe Andoaingo Udalaren laguntzarekin egin zuen. Horrela, hiru urte atzera, Buruntzako gailurraren “konkista militarrean”, “gorri” eta “separatisten” aurka borroka eginez hil ziren “Askapenerako Gurutzada Nazional-Katolikoko” kideak ohoratu nahi izan zituzten. Egun eta aste batzuk lehenago errepresio basatian parte hartze zuzena izan zuten altxatuak eta gaizkileak ohoratu nahi izan zituzten; hain zuzen, Nafarroa, Goierri, Tolosaldea eta Andoaingo abertzale, sozialista, komunista eta anarkisten kontra errepresio basatia gauzatu zutenak ohoratu nahi izan zituzten.

Eta horretarako, 1939ko ekimenaren sustatzaileek, gurutzea bezalako sinbologia katolikoa baliatu zuten, hiru urte lehenago kolpe militar faxista bedeinkatu zuen Estatu espainiarreko Eliz Hierarkiaren onespenarekin.

Hamar metroko gurutzea ez zuten tontorreko punturik garaienean jarri, baizik eta Buruntzaldeko herri guztietatik gehien ikusten zen tokian. Helburu bat baino gehiago zeukaten buruan egileek, sinbologia hori erabiltzerakoan. Alde batetik, beren hildakoei gorazarre egitea, esan bezala. Bestetik, argi eta garbi gera zedin nor zen “irabazle” eta nork agintzen zuen lur horietan. Eta, halaber, Buruntzaldeko herrietako milaka biktima umiliatzeko (hots, erailak, espetxeratuak, ilea moztuta eta ibilaldia eginda zigortuak, langileen batailoietara kondenatuak, betiko erbestera behartuak…).

Zapatero presidentearen garaiko Memoria Historikoaren 2007ko legeak berriz ere umiliaziorako eta frustraziorako arrazoiak eragin zituen frankismoaren biktimen artean. Ez zen tresna baliagarria gertatu demokraziak bere iraganarekin eta frankismoaren biktimekin dauzkan justiziazko zorrak kitatzeko. Baina aipatu lege horretatik zerbait salbatu beharko bagenu, ikur frankistei buruzko kapitulua litzateke, ikur horiek kentzea agintzen duena.

Oroituz jakitun da 2007ko lege hori aplikatze hutsa nahikoa izango zela agintari publikoek Buruntzako gurutzea kentzea erabaki zezaten. Egokiena izango zen erretiratze hori jada gauzatuta egotea; hori bai, jendartean jatorriari, sustatzaileei, sinbolismoari eta abarri buruzko pedagogia egitearekin batera. Izan ere, aitortu behar dugu Buruntzaldeko biztanleen artean badagoela ezjakintasuna oraindik gurutzearen gaineko historiari dagokionez, goian aipatu ditugun frankismoarekiko amnesia eta inpunitatea izanik -1978an ezarri zitzaizkiguna- gabezia horren eragile nagusi.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!