Abenduaren 21a, San Tomas egunean hain ohikoa den txorizoa eta ogiaz gain, taberna berri baten inaugurazioarekin iritsiko da Andoainera. Berria, kakotx artean, Txitibar tabernak hamarkada askoko historia baitauka Andoainen. Berria, berritu egin dutelako jabe berriek, beste itxura bat eman. Gaur irekiko den Txitibar taberna aurrekoa baino askoz argitsuagoa da, beste kolore batekoa, eta dekorazioa ere berezia.
Euren tabernei toke, ñabardura bereziren bat eman zaleak baitira Txitibar tabernako jabe berriak, Urnietako Karrazedo-Lizeaga sendia. Hiru anai-arreba dira: Nerea, 46 urtekoa, Iker 44 urtekoa eta Egoitz, gazteena, 35 urtekoa. Urnietan eta Donostiako Martutene auzoan ezaguna da familia hori. Mikel tabernarekin hasi zuen ostalaritza negozioa euren aita zenak, Mikel Karrazedok, Martutene auzoan, 1987an. Urnietako Guria taberna etorri zen ondoren, 2013an, eta Donostiako Txomin-Berri auzoan hirugarrena, Ibai-alde taberna, 2020 urtean. Hiru tabernetako gestioak buruko min ugari sortu dizkie hiru anai-arrebei, baina Txitibar bereganatzeko aukera sortu zenean ez zuten zalantzarik eduki.
Iker Karrazedorena da azalpena: “Beti egoten zara adi tabernaren bat itxi, edo saldu nahi denean. Astelehen batean jakin nuen Txitibar utzi egingo zuela aurreko jabeak, deitu nion, batzartu ginen, adostasun batera iritsi, eta martxan jarri ginen. Urri erdialdera edo izango zen. Negozioa egiteko aukera ikusi genuen, eta aurrera egin, hori da arrazoi nagusia. Egoera aztertu genuen, han eta hemen galdetu, zer egin genezakeen tabernara jende gehiago hurbiltzeko, eta azterketa horrek konbentzituta, Txitibar erosi genuen”.
Orduz geroztik, ikusten ez den lan itsusi eta nekagarria: taberna itxuraldatu, txukundu, gremio guztiekin xehetasun guztiak lotu, zerbitzariak, janaria eta edariak ekarri… Egoitz Karrazedo: “Mila komeri izan ditugu: Covid-a hartu duten gaixoak, azken orduko langileen bajak, materiala lortzeko ere mila arazo eta telefono dei… Baina irekitzeko moduan gaude, eta pozik”. Anaia gazteak gogoratu du euren lehen asmoa abenduaren 16an irekitzea zela, eta bost egunez bakarrik atzeratu dutela urrian egindako aurreikuspen hura.
Iluntzeko 7retan irekiko dituzte ateak, eta inaugurazioan jan-edana musu truk izango da. Txitibar itxuraldatuta ikusiko du bertaratzen den bezeroak. Taberna dagoen herriko toke, bereizgarria eman zalea da Karrazedo-Lizeaga familia, Egoitz anaia gaztea, batez ere, eta horren erakusle da tabernako horma nagusian jarri dituzten lau argazki erraldoiak.
Lehen argazkia tabernara sartu eta berehala ikusiko du bezeroak. Zumea auzoko erretratu zaharra da (Txitibar taberna Zumea plazan dago), trenbidearen bestaldetik ateratakoa. Bigarren argazkia andoaindarrentzat oso ezaguna da, Unanibia zubikoa, Leitzaran ibaian, Otita parkearen ondoan. Hiru metro luze dira bi argazki horiek, oso ikusgarriak. Andoaingo Udaleko artxiboan eskatu zituen argazkiak Egoitz Karrazedok, eta tamainaz handitu. Taberna barruan beste bi argazki handi daude, Reala eta Euskal Herriko futbolarekin zerikusia dutenak. Egoitz anaia gaztea Realeko zale sutsua da, eta futbol zaleek Txitibar berrian euren tokitxoa izango dutela jakiteko jarri ditu bi argazkiak. Lehena, Kortabarria eta Iribar, ikurrinarekin, Atotxa zaharrean jokatu zen derbi historikoan, eta bigarrena, Mikel Oiarzabalen penalti jaurtiketa, Realari Kopako titulua eman zion golaren une berezia.
Andoain eta Urnieta artean lau kilometro bakarrik daude, baina Irurain gainak halako muga sortu du bi herrietako jendearen mugimenduan. Iker Karrazedok umoretsu dio, mugak muga, berak Txitibar aspaldi ezagutzen duela, eta gazte garaitan, parranda zalea zenean, taberna itxi bitarte egonaldi batzuk egindakoa badela Txitibar tabernan. Egoitz bera ere herriko eskubaloi taldean jokatutakoa da, gaztetan, bi urtez.
Janari ona, salneurri ona
Karrazedo-Lizeaga sendiak eskarmentu handia du ostalaritzaren sektorean, eta eskainiko duten zerbitzua orain arte eskaintzen dutenaren antzekoa izango da. Nerea Karrazedo: “Gure jarduteko modua sinplea da: janari ona eskaintzen saiatzen gara, prezio onean. Hala egiten dugu beste hiru tabernetan, eta Txitibar-en ere antzera izango da. Pintxoak, ogitartekoak, plater konbinatuak eta antzeko gauzak. Formula horrekin ondo joan zaigu orain arte, eta antzekoa egiten saiatuko gara Andoainen ere”.
“Gure jarduteko modua sinplea da: janari ona eskaintzen saiatzen gara, prezio onean. Hala egiten dugu beste hiru tabernetan, eta Txitibar-en ere antzera izango da"
Dekoraziotik harago, jabe berriek garbi dute nolakoa izango den Txitibar berria. Iker Karrazedo: “anbiente lasaia izatea nahi genuke, musika baxua, andoaindarrak gustura egon daitezkeen txoko bat izatea nahi genuke”. Txitibar tabernara joateko ohitura zutenek jakin dezaten, tabernak ez dizkio parranda egiteko aukerari ateak itxiko. Astean zehar janaria eta giro lasaia izango da nagusi, baina asteburuan kopa batzuk hartzeko aukera ere izango da. Egoitz Karrazedo: “Astegunetan goizeko 7etan irekitzeko asmoa daukagu, Urnietako Guria tabernan bezala, eta gauean, hamaikak aldera arte edo, jendeak etxerako bidea hartzen duen arte. Ostiral eta larunbatetan itxiera ordua luzatuko dugu goizaldeko 02:00ak edo 03:00ak arte, eta kopatxo pare bat hartu nahi dituenak horretarako aukera izango du. Esan digutenez Zumea plazaren bueltan, bizpahiru tabernetan gazte jendearen mugimendua badago, eta horiei beste aukera bat ematen ere saiatuko gara”.
“Astegunetan 07:00tan irekitzeko asmoa daukagu, Urnietako Guria tabernan bezala"
Dozena lagun pasa ariko dira lanean Txitibar tabernan, horietako batzuk andoaindarrak. Zumea plaza eta inguruetan herritar asko aritu omen dira galdezka azken asteetan taberna noiz ireki behar ote zuten. Galderak badu, erantzuna, dagoeneko. Gaur iluntzeko 7retan, inaugurazio ekitaldia. Eta bihartik aurrera, taberna egun osoz irekita bertaratu nahi duenarentzat. Abenduaren 24an, Gabon Gauean, eta 31n, Urte Zahar egunean, afal ostean taberna goizaldera bitarte irekiko dutela jakinarazi dute jabe berriek.