"Olentzero eta Mari Domingi Udaletxeko balkoian agertuko dira musikariez lagunduta"

Aiurri 2021ko abe. 21a, 13:40

Aitor Iriondo Aita Larramendi Ikastolako zuzendaria da eta Andoaingo Udalarekin kontaktuan aritu da Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera antolatzeko. 

Azkenean Udaletxeko balkoian egingo duzue ekitaldia. Nolatan otu zitzaizuen hori egitea?
 
Hasiera batean bertan behera geratuko zen Olentzero eta Mari Domingiren etorrera. Betiko moduan egitea ezinezkoa zen segurtasun neurriak ezin genituelako bermatu. Andoain gune gorrian murgilduta dago eta kalejira egitea ezinezkoa zen. Udaletxearekin bildu ondoren ekitaldiaren diseinua aldatu genuen eta modu "berri" hau antolatu dugu.
 
Zein segurtasun neurri ezarriko dituzue?
 
Segurtasun neurriak betetzeko Udaletxearen laguntza behar beharrezkoa izan dugu. Udaletxeak Goikoplaza hesituko du eta eserlekuak jarriko ditu distantzia mantentzeko eta ekitaldia ikusteko.
 
Nolako ekitaldia izango da?
 
Aurtengo ekitaldia oso xumea izango da. Olentzero eta Mari Domingi Udaletxeko balkoian agertuko dira musikariez lagunduta. Bertan gure bi protagonistek hitz egn eta abestu egingo dute umeak eta familiak pozteko helburuarekin. Horretaz gain etxean dauden umeengana iristeko bideo bat grabatuko da denon etxeetara Olentzero eta Mari Domingi iritsteko. 
 
Pentsatzen dut oso garrantzitsua dela Ikastolarentzat haurren poza eta ilusioa mantentzea...
 
Noski. Udalaren eta gure helburu nagusia hori izan da; haurren eta familien poza eta ilusioa mantentzea eta gure euskal ohiturarekin jarraitu ahal izatea. Hala ere pena ematen digu normaltasunez ospatzeko aukera ez edukitzea, izan ere bigarren urtez ezingo dugu Andoaingo kaleetan zehar ibili eta herriarentzat gertuko ekitaldia egin. Beraz, hurrengo urterako indarrez hartuko dugu Olentzero eta Mari Domingiren etorrera.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!