Azoka Solidarioa arrakastaz ospatu zen joan zen asteburuan

Aiurri 2021ko abe. 21a, 14:04

Andoaindarrek bikain erantzun zioten Azoka Solidarioari, La Palmako sumendiak eragindako kaltetuen alde antolatu zen ekitaldiari. Jende ugari ibili zen postuz-postu begira eta erosketak egiten Ondarretako ikastetxean ipini ziren 45 postutan, larunbatean zein igandean. Salgai jarritako artikuluen %70a saldu dela estimatu du Egoitz Urquiano antolakuntzako kideak. Argazki-galeria, ikusgai:

Uzquianok adierazi duenez, "herritar ugari bertaratu zen azokara, eta erabat pozik gaude. Eskerrak eman behar dizkiegu ekintza solidarioan erosle gisa parte hartu zuten herritarrei, eta baita ere postu guztietan saltzaile gisa jarri ziren makina bat boluntarioei”.

Eginkizun ugari egokitu zaizkie antolakuntza lanetan (artikuluen bilketa, azoka eta saltokiak jartzea, salmenta…), eta guztira 40 bat herritar mugitu direla nabarmendu du Urquianok.

Bestalde, egindako estimazioaren arabera, salgai jarritako artikuluen %70a saldu dute asteburuan.

Soberan geratu zaizkien artikuluekin zer egin erabakitzen ari dira egunotan antolatzaileak. “Oraingoz lotuta daukaguna da arropen zati bat Siriako errefuxiatuei bidaliko zaiela; CD, liburu eta abarrak, Groseko denda batera eramango ditugu, eta unitate bakoitzeko kantitate bat eskuratu ahal izango dugu. Gainerako produktuak, hots, etxeko hornidurak, dekorazioak eta abarrak, sare sozialetan salgai jarriko ditugu”.

Garbi jokatu nahi izan dute hasieratik, eta Azoka Solidarioan bi egunetan bildutako irabaziak zein dohaintzan jaso dituztenak zigiluz itxitako hontzietan bildu dituzte. "Hontzi horiek streaming bidez zuzenean ikusteko moduan irekiko ditugu udaletxean egingo dugun ekitaldian, eta guztia La Palmara bidaliko dugu, hango kaltetuen esku uzteko".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!