Gabon giroko egitarauan aldaketak izango dira

Jon Ander Ubeda 2021ko abe. 22a, 12:00

Andoaingo Udalak "Gabon Giroan" ekitaldi-sortarekin aurrera darrai, baina egoera epidemiologikoaren araberako antolaketa gauzatuko du. Olentzero eta Errege Magoen ekitaldiak bertan behera utzi aurretik, ekitaldiak moldatu dituzte.

Gerta zitekeenaren aurrean, Gabonetako egitaraua hasieratik behin-behinekoa zela adierazi zuen Andoaingo Udalak. Zoritxarrez, behin-behineko hori moldatu behar izan da. Egoera ez da batere ona, koronabirusak eragindako intzidentzia-tasa handia tarteko: "Hasieratik ohartarazi zen Gabon Giroan programazioak aldaketak izan zitzakeela, ekitaldiak bertan behera uzteraino. Hala izango da. Gabonetako Haur Parkea bertan behera geratuko da, ezin izango baita erabateko segurtasuna bermatu. Urte Zahar gauerako Nafarroa plazan aurreikusita zegoen DJ Nemux disko jartzailearen emanaldiarekin berdin gertatuko da, eta hori ere bertan behera geratuko da".

Bertso-poteorik ez, bertso kalejira bai

Urtarrilaren 2an Maizorri txalaparta eskola eta Punttuka bertso-eskola kalera irtengo dira. Udalerriko hainbat tokitan saioak eskainiko dituzte, beti ere eguraldiak laguntzen badu. Izan ere, euriarekin bertan behera geratuko da irteera. Bazterrean utzi dutena bertso-poteoa izan da, egoera honetan janariaren eta edariaren kontsumo kolektiboa bereziki zaindu behar baita.

Txirri, Mirri eta Txiribitonen emanaldia atzeratu egin dute

Abenduaren 22rako iragarrita zegoen, baina artistak ere ez daude birusetik salbu. Taldekide batzuk koronabirusari dagozkion neurriak hartu behar dituztela-eta, saioa atzeratu egingo dute. Datorren urtarrilaren 4an izango da, arratsaldeko 17:00tan hasita. Sarrera erosita zutenek data berrian erabili ahal izango dute. Data berrian joan ezin duenari dirua itzuliko diote.

Egoera aldakorra da oso, eta gerta daiteke aldaketa berria izatea. Hala gertatuko balitz, adi Bastero Kulturguneko eta Aiurriko webguneetara.

Aldaketak Gabon Giroan zikloan

 
Kalejiraren ordez, harrera-ekitaldia: Herriko kaleetan ohikoa den kalejira bertan behera utziko dute egoera epidemiologikoa dela eta. Abenduaren 24an, arratsaldeko 17:30ean, adierazpena egingo dute udaletxeko balkoitik.
 
 
 
Gabonetako Haur Parkea eta DJ saioa bertan behera: Abenduaren 29, 30 eta 31rako Allurralde Kiroldegien ohikoa den haur parkea bertan behera geratu da, eta baita urte zaharreko DJ gaua ere.
 
 
 
Errege Magoen bisita Goiburutik abiatzen zen irteera bertan behera geratu da. Errege Magoek herriko auzoak ibilgailuz zeharkatuko dituzte, eta iluntzeko 20:00etan udaletxeko balkoitik adierazpena egingo dute.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!