Maider Lainez eta Txitxu Ruiz udal ordezkariek, Iñaki Zabaleta Andoaingo San Martin elizako parrokoak eta Kongregazioko ordezkari Blanca Ester Iriartek hartu zuten hitza, eta guztiek ere 2010ean Erroman Santu aitortu zuten Ama Kandidaren bertuteak goraipatu zituzten; bere garairako emakume aurreratutzat jo zuten, neska gazte txiroen hezkuntzan kementsu saiatu zelako.
Ama Kandidaren ibilbide oparoa
Juana Josefa Zipitria Barriola "Ama Kandida" Kaletxikin sortu zen, Berrozpe baserrian, hain zuzen, 1845eko maiatzaren 31n. Salamancan, 1912an hil zen.
Ibilbide emankorra osatu zuen Ama Kandidak, eta 2010ean Benedicto XVI. Aita Santuak Erroman kanonizatu zuen. Hona segidan, andoaindarraren biografia laburtua, zenbait datu esanguratsuren eskutik.
17 urte inguru zituela, Burgosera joan zen. Zazpi ahizpetan zaharrena zen eta ez zuen heziketarik jaso. Horrenbestez, neskame lanetan hasi zen familia aberats batentzat. Familia hura Valladolidera joan zen bizitzera eta bera ere bai, haiekin batera. Valladoliden zegoela ezagutu zuen Miguel Herranz jesuita. Haren laguntzarekin erabaki zuen bere etorkizuna erlijiora eta heziketara bideratzea, batez ere emakumeei zuzenduta.
Salamancara joateko erabakia hartu zuen orduan, garai hartako hezkuntza-gune nagusia bertan zegoelako.
1871eko abenduaren 8an Jesusen Alaben kongregazioa sortu eta hezkuntza arloan lanean hasi zen, 26 urte zituela. Beste bost emakumerekin batera eman zituen lehen pausoak. Denbora gutxira, zenbait eskola irekitzea lortu zuen, Salamancan eta inguruko herrietan lehendabizi, eta beste hainbat tokitan geroago. Gaztela inguruan hainbat ikastetxe zabaldu ondoren, Euskal Herrira zabaldu zuen bere ekimena. Hemen ere eskolak eraikitzen hasi baitziren.
Bera hil aurretik, Brasilen bi etxe irekita zeuden dagoeneko. Filipinetan, Hego Amerikako hainbat herrialdetan, Afrikan, Asian… Geroztik hona, Jesusen Alaben kongregazioa premia larrian dauden herrietan presente dago. Hain justu, munduko 190 herrialdeetan zabalduta dago, eta 21 ikastetxe dauzka bere ardurapean. Eginkizun ebanjelizatzailea da kongregazioaren helburu nagusia, eta hainbat arlotan aritzen dira bere kideak: hezkuntza arautua, katekesia, osasunaren pastoraltza, alfabetatzea, emakumearen sustapena, gizarte eta eliz erakundeekiko lankidetza…
Berrozpe kapera
XIX. mendean Berrozpe baserria zenbait etxebizitzatan banatua zegoen eta bere familia eskuin aldera zegoen bizigunean bizi zen. Urteak pasa ahala, Berrozpe baserria hutsik geratzen joan zen eta 1926an enkantean jarri zuten. Oso egoera txarrean zegoen ordurako. Juan Olazabal donostiarrak erosi zuen 1926ko urriaren 12an, 12.000 duroren truke. Etxea Jesusen Alaben kongregazioari oparitzea erabaki zuen, baina etxea ez zen erabilgarri izan 1946ra arte.
Egun, mundu zabaletik, Kongregazioko kideen eta fededunen bisitari ugari hurbiltzen da Andoainera. Bereziki, Ama Kandidaren jaioterria ezagutu asmoz.
Agiri historikoak, digitalizatuak
Ekitaldian, Myriam Ulanga musikariak jakinarazi zuenez, bere garaian Berrozpeko elizako koroan zeuden zenbait partitura (tartean, “Ama Kandida” abestia) eta eskuizkribu hartu egin zituzten, digitalizatzeko asmoz. Geroztik lan horretan aritu dira Roberto Nuño eta Myriam Ulanga bera, eta, abenduaren 15ean, itzulketa ekitaldia burutu zuten; Txitxu Ruiz kultura zinegotziak Kongregazioko kide den Lurdes Leteren esku utzi zituen digitalizatutako agiriak.