"Galardi haurreskolak behar zuen bere logoa"

Xabier Lasa 2021ko abe. 26a, 08:33

Nerea Ormaetxea Amiama disenatzailea da eta galardi haurreskolak daukan irudi berriaren egilea da, “Ikusi eta ikasi” izenburu duena. Marrazketarako sormena betidanik izan duela aitortu du andoaindarrak.

Poztuko zinen epaimahaiak zure proposamena bereizi izanagatik

Izugarri! Ezustekoa izan zen, egia esan, ez bainuen espero. Alderdi askotatik egin zait pozgarria, izan ere epaimahaiko kideei ez ezik Galardiko langileei edo herriko jendeari ere asko gustatu zaie irudia.

Bultzada emango zizun bide beretik segitzeko etorkizunean…

Bai, noski. Lehiaketen mundua ezezaguna zitzaidan, eta beldur pixka bat ematen zidan hor murgiltzeak. Probatzera jo nuen, eta ondo atera zait apustua. Aurrerantzean bide beretik segitzera animatzen nau saritu izanak. Jaietako esku-programen azalei, informaziorako esku orriei, logoei eta edonolako ekitaldi publikoei begirako lehiaketak antolatzen dira, eta horietara lehen baino erreparo gutxiagorekin aurkeztera animatuko naizela iruditzen zait. Zergatik ez?

Zer islatu nahi izan duzu Galardiko logoan?

Haurra izan, heldua izan, guztiek ere logoa ikusi orduko haurreskolarekin modu erraz batean identifika zezaten lortu nahi nuen; horixe transmititzea izan zen nire lehenbiziko asmoa eta ideia. Horrela, hainbat osagai hartu nituen kontuan, eta guztiak batzen saiatu nintzen. Galardi eraikina bera islatu nahi nuen logoan, eta, horretarako, forma geometrikoak (umeen jolasekin lotzen diren hirukiak, laukiak…) erabili nituen. Gainera, kolore argiekin jolastu nuen, ortzadarraren koloreez baliatuz. Batzuetan, abstrakziotik jotzeko joera egoten da erakunde jakinen logoak egiteko orduan, baina ez nuen hortik joan nahi. Nahiago nuen zuzen-zuzena izatea, aurreneko ikustaldian Galardi eraikinarekin identifikatzeko moduan, eta beraz, lerro zuzenak erabili nituen. Iritzia eman didaten pertsona guztiek aitortu didate polita dela eta Galardi garbi irudikatzea lortu dudala. Niretzat satisfazio handia da hori entzutea.

Apirilean onetsi zuten logoa, eta, jadanik, itsatsi dute Galardi eraikinean bertan, bere web orrian eta beste hainbat agiri eta euskarritan.

Ilusioa egiten dit, ikusten dudan aldiro. Irudiaren gizartean bizi gara, eta nahitaezkoa bihurtu da edozein motatako erakunde, ikastetxe eta abarrek beren marka edo nortasun propio eta identifikagarria edukitzea. Alde horretatik, Galardik ez zeukan logorik, eta behar zuen eduki.

Logoen sorkuntza, gutxietsia dago batzuetan…

Egoten da, bai, gutxiesteko joera. Irudi bat aurrez-aurre jarri, eta pentsatzen da di-da batean asmatutakoa dela, edonork berehalako batean egin zezakeen gauza dela. Ez da baloratzen atzean dagoen formakuntza artistikoa, sormen prozesua, inspirazioa... Nik Galardiren logoa sortzerako, aurrez dokumentazio lana egin nuen, haurreskola beraren historia irakurri, argazkiak ikusi... Gero, ordu mordoxka pasa nuen buruari jiraka irudiak egin eta egin, azkenean egokiarekin asebeteta geratu nintzen arte.

Nondik datorkizu irudiak sortzeko zaletasuna?

Betidanik eduki izan dut marrazketako gogoa. Txiki-txikitatik, margoak eta orri zuriak nirekin edonora eramaten nituen. Berdin zitzaidan non, ederki entretenitzen nintzen marrazketak eginez, eta, alde horretatik, ez dut uste gurasoei arazo handirik ematen nienik (barreak). Bizpahiru urtez Marga Oiartzun eta Eduardo Arreseygorren sormen tailerreko ikaslea izan nintzen; han zeinbait teknika ikasi ahal izan nituen buztina eta marrazketa lantzeko. Urtetan aurrera marketing eta diseinu grafikoko ikasketei ekin nien, buruan neuzkan ideak garatzen lagunduko zidatelakoan. Lan munduan, komunikazio agentzia batean praktikak egiten aritu nintzenean diseinu grafikoaren arloa barrutik ezagutu ahal izan nuen. Nire kontura, freelance baten modura aritzeko tentazioa eduki nuen iraganean, baina ohartu nintzen oso zaila dela irtenbide hori, bezero ugari behar dituzulako eduki. Moda diseinuak ere erakartzen dit, diseinatu izan ditut jantzi batzuk, baina mundu horretan aurrera egitea ere ez da batere samurra.

Une honetan, enpresa bateko marketing sailean ari naiz lanean, eta kartelak, folletoak, diptikoak eta antzeko argitalpenak diseinatzea egokitzen zait.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!