"Ez genuen espero hainbeste garaipen eskuratzea"

Aiurri 2021ko abe. 27a, 07:56

Senior taldean ari da jokatzen Olatz Dieguez andoaindarra; jubeniletan, Izaro Tapia, herrikidea. Bi taldeak denboraldi bikaina egiten ari dira

Garaipen asko lortu dituzue bi taldeek norgehiakoetan. Martxa ona, ezta?

Olatz Dieguez: Bai. Gainera, aurten, senior taldea atera dugu, eta ez genuen espero hainbeste garaipen eskuratzea. Lehiakortasun handia al dago aurtengo denboraldian?

Izaro Tapia: Partida zailak ere izan ditugu, baina talde gisa nahiko ondo ari gara jokatzen, eta oso pozik gaude.

Zein aurreikuspen egiten zenuten denboraldi hasieran?

O.D.: Gure kasuan, berria zen taldea, eta denboraldia egin ahal izatea zen gure helburua. Hala, emaitzak ez zitzaizkigun hainbeste axola.

Zaila egin al zaizue, Olatz, taldea ateratzea?

O.D.: Bai. Ia talde osoa bigarren urteko jubenilok osatzen dugu. Senior kategoriako taldekideak ere badira, baina justu.

Oro har, postu onean zaudete. Urnietaren pareko zabiltzate, goran.

O.D.: Gainera, nire ustez, Urnieta da gure erronka handiena.

Jubenilei dagokionez, zer moduzkoa izaten ari da liga, Izaro?

I.T.: Iragan denboraldian uste baino hobeto gelditu ginen, positiboa izan zen emaitza. Aurten ere gustuora gabiltza; izan dugu partida zailarik.

Nolakoak dira entrenamenduak?

O.D.: Hiru entrenamendu izaten ditugu: astean bi egunez, jubenilekin batera entrenatzen dugu seniorrok. Horrez gain, nork bere kabuz entrenatzen du egun batean, asteko partida prestatzeko.

Pandemiak eraginik izan al du zuen jardunean?

O.D.: Aurten, ez hainbeste; iaz, gehiago. Gehienak txertaturik gaude, eta, emaitza negatiboa jasoz gero, ez dugu zertan konfinatu.

Zein aurreikuspen egiten duzue datorren urteari begira?

I.T.: Hiru partida gelditzen zaizkigu jokatzen ari garen liga amaitzeko. Ez dakigu zer datorren ondoren. Hori horrela, bigarren postua eskuratzen ahaleginduko gara, gutxienez. Nahiz eta aukera galdu dugun mailaz igotzeko.

O.D.: Urnietari irabaztea da gure helburu nagusia. Bestalde, mailaz igotzea ere ederra litzateke.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!