Olentzero eta Mari Domingiren agurra Goikoplazatik

Jon Ander Ubeda 2021ko abe. 24a, 18:17

Hain aldakorra den garaiotan, Olentzero eta Mari Domingi aurrez aurre ikustea ez da gauza gutxi. Gaurkoan Andoaingo neska-mutilek bi pertsonaia maiteak ikusteko eta entzuteko aukera izan dute. Lanez gainezka daude, etxe guztietara iritsi nahi badute.

 

"Ez gara kalez kale ibiliko, baina etxe guztietara iritsiko gara", adierazi du Mari Domingik. Olentzerok lasaitasun mezua eman die haurrei, eta bizipozez aritzeko deia egin die. Ekitaldian ez zeudenak gogoan hartu eta euskara eta euskal kultura egunerokotasunean bizitzeko gogoa agertu dute.

"Datorren urterarte!" esanez agurtu dira Udaletxeko balkoitik. Aita Larramendi ikastolako lantalde handi bati esker egin da ekitaldia, musikariz eta abeslari bikainez aberastu dena. Bertan ziren haur eta gaztetxoentzat gogoangarria izan da.

Koronabirus garaian, gizarte bizitzari lotutako ekitaldi oro airean geratu da. Andoainen abenduaren 20ra arte ez zen Olentzero eta Mari Domingiren etorrerari buruzko xehetasunik iragarri, eta gaurkoan Goikoplazan muntaia profesional handi baten erakustaldia egin da. Xumea izaten da ekitaldia, eta Olentzero eta Mari Domingiren agerpena bezain deigarria izan dira argiztapena eta bideo-muntaia.

Haurrak lo diren bitartean, Olentzero eta Mari Domingi etxez etxe ibiliko dira opariak anatzen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!