Txikienetik hasita, urratsez urrats euskaraz

Aiurri 2022ko urt. 10a, 09:00

Andoaingo Udaleko Euskara sailak abenduan abiarazi zuen "Ogia ez dadila falta… ezta euskara ere!" kanpaina, udalerriko haurtzaindegi eta ikastetxearen lankidetzarekin. Urtarriletik ekainera gurasoek euskararen aldeko konpromisoa hartu behar dute.

"Norberaren hizkuntza eta kultura oinarri izanik", haurrak euskaran murgiltzeko eta hizkuntzaren transmisioa egiteko gonbita luzatu diete Andoaingo familiei. Horretarako Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleek eskuorri bat eta ogi txiki bat jaso zuten abenduan, gero etxera eramateko eta familian partekatzeko.

Eskuorrian euskararen transmisioak duen garrantzia azaltzen da, eta hori bermatzeko hainbat aholku jasotzen dira, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta arabieraz. Aldi berean, urtarriletik ekainera bitarteko egutegia ere badago, eta hilabete bakoitzerako erronka bat jartzea proposatzen zaio familiari: "Erronka, noski, familiaren euskara gaitasunaren arabera izango da, familia euskaldunentzat, adibidez, euskaraz dakiten guztiekin euskaraz aritzea izan daiteke erronka, beste familia batzuentzat, berriz, euskarazko filma bat ikustea… Erronka horiek ikasgeletan eta familietan lantzen joango dira ekain bitartean, eta aukera ederra eskainiko dute eskolan eta familian euskararen inguruan hitz egiteko".

Andoainen hizkuntza asko erabiltzen dira egunerokoan, eta hizkuntza horien guztien hiztunak ikasten ari dira herriko ikastetxeetan. Euskarari eusteko kanpaina abenduan hasi zen, eta 2022an zehar luzatuko da. Hilabetez hilabete erronka txikiei helduz. "Haurren aurrean helduok heldu" izan zen abenduan Topaguneak abiarazi zuen egitasmoa. Andoaingoa ildo beretik doa, ikasturte osora zabalduta. Gurasoen konpromisoa behar-beharrezkoa baita.

Xabier Amiano, gurasoa

“Gurasoek euren artean euskaraz hitz egiteko konpromisoa hartzen badute, positiboa da hori. Haurrentzat gurasoak eredu dira”.

Mary Cayetano, gurasoa

“Badira gurasoak euskaraz egitea zerbait gehiago kostatzen zaiena, eta kanpaina honi esker euskaraz aritzea sustatuko dugu. Motibazioa handiagoa delako”.

Asier Ugarte, gurasoa

“Bikotea ez da hemengoa, eta haurra bi hizkuntzatan komunikatzen da gurekin. Etxean euskaraz hitz egingo duen norbait izatea garrantzitsua da”.

Kanza Zemmouri, gurasoa

“Ondo iruditzen zait kanpaina hau aurrera eramatea, kanpotik gatozenok gutxienez oinarrizko hitzak erabili ditzagun. Modu horretan praktika areagotzen da”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!