Buruntza jatetxearen berrabiatzea Miren Argi Well eta Karmele Telleriaren eskutik

Buruntza taberna-jatetxea Kaletxikin dago (tel.: 688 865 385 erreserbatarako). Bestalde, pizzeria egunero dago irekita, 19:00-23:00 (tel.: 843 674 245).

Buruntza jatetxeak ateak berriro ireki ditu, denboraldi batez itxita egon ostean. Miren Argi Weill eta Karmele Telleria lanean ari dira, tabernan zein sukaldean eta jangelan.

Kaletxikin dagoen taberna-jatetxearen bere betiko normaltasuna berreskuratzeko gogoz ekin zioten, abenduan.

Noiz ireki zenuten?

Abenduaren 7an. Berez, lau langilek osatu dugu Buruntzako lan taldea Paulok erretiroa hartu zuenetik, baina oraingoz bi hasi gara lanean. ERTEn bolada egin dugu lauok, eta orain Karmele eta biok hasi gara lanean. Gauzak txukun joan ahala, dena lehengoratzea eta lauok lehengo martxari heltzea izango litzateke pozgarriena.

Buruntza jatetxearen betiko martxari heldu nahi diozue.

Bai, halaxe da. Esan beharrik ez dago pandemiak zeinen panorama traketsa eragin digun ostalaritza sektorekooi.

Etxean geratzea da hartu daitekeen azkeneko erabakia, eta horrexegatik, Buruntzako ateak berriro zabaltzera animatu gara.

Horrela, 08:30an zabaltzen ditugu ateak, eta gabean, bezeroen arabera itxi. Astelehenetik larunbata bitarte, igandea jai egun hartuta. Bazkaritan eguneko menua eskaintzen dugu, eta afariak eskaini ostean itxi. Bazkaria eta afari bereziak (bataioak, jaunartzeak, enpresakoak...) ere hartzen ditugu. Ahaztu gabe ogitartekoak, sandwichak, hanburgesak, pizzak, urtebetetzeak… Bestalde, pizzeria ere martxan jarri dugu. Aipatzekoa ere bada ostiraletan, 19:00etatik 21:00etara pintxo-potea berriro martxan jarri dugula.

Sukaldaritza tradizionalari eusten diozue.

Jakina baietz! Bertako produktuekin landutako sukalde tradizionalagatik nabarmendu izan da Buruntza betidanik, eta ez diogu uko egiten horri. Buruntzaren ezaugarri propioa da!

Betiko bezeroak nahiz berriak erakarri nahian zabiltzate…

Ea lehengo mugimendua berriro sortzen den nahiko genuke lehenbizi, eta ea gehitzen den, noski. Hori da gure itxaropena! Ez dago erreza gauza, pandemia dela-eta. Nolanahi ere, osasun-krisialdia zabaldu aurretik ere sumatzen ari ginen gizartean, orohar, ohitura sozialak eraldatzen ari zirela, sozializazio joerak aldatzen ari zirela, eta batik bat taberna-giroaren kaltetan. Orain bizi dugun salbuespenezko egoerak errealitate hori bistaratu ez ezik areagotu ere egin du. Azterketa horri, Kaletxiki auzoaren erretratu partikularra gehitu beharko genioke: adinez aurrera dozean auzotarrak bizi dira gehienbat, eta gazte gutxi etorri da hona bizitzera azken urtetan. Esate batera, nahiko argi dago Zumea inguruko tabernek bizi duten arrakasta nork eragin duen, haurrak dituzten gazteak gertu bizitzeak, alegia.

Buruntza jatetxea auzoko eta herriko bizilagun askoren topagunea izan da betidanik.

Inguruko lantegietako langileentzat ere betiko txokoa izan da, bai, kontsumizioren bat hartzeko edo otordua egiteko; esate batera, La Salle Berrozpe ikastetxeko langile edo gurasoentzat, edo Martin Ugalde Kultur Parkeko langileentzat.

Abenduaren 7an zabaldu genituen ateak, eta oso poliki bada ere, betiko bezeroak hurbiltzen hasi zaizkigu. Ahoz-ahokoa da kanpaina eraginkorrena guretzat.

Terrazei heldu diote azken aldian Andoaingo taberna askok.

Bai, guretzat irtenbide polita izan zitekeen. Eta saiatu gara, baina ez dugu Udalaren baimenik lortu. Bi aukera ikusi genituen. Batetik, jatetxe aurreko espaloian mahai batzuk jartzea, baina adierazi zaigunez legeak eskuan ez dago nahiko espaziorik. Bestetik, aparkaleku bat libratu eta hortxe terraza jartzea, baina kasu hori ere ezinezkoa dela erantzun digute, errepidea bi norabidekoa delako.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!