"Bizitzaren aurpegi krudela samurtzeko darabilt poesia"

Xabier Lasa 2022ko urt. 15a, 09:00

Nerea Tuduri idazleak "No hay agua para las flores" poesia liburua aurkeztu zuen Basteroko ekitaldi aretoan azaroaren 4an. Tuduriren bigarren liburua da honako hau.

Inviernos frente al mar izan zen bere lehen liburua, 2019an kaleratu zuena. Tudurik esaldi murritzez egoerak eta sentimenduak deskribatzea du gogoko.

Zer moduz joan zen liburuaren aurkezpena Basteron?

Ez zen batere klasikoa izan, oso urrun Basteron egiten diren liburu-aurkezpenen edo hitzaldien formatu tradizionaletik. Ohea, leihoa, loreak… denetik jarri genuen eszenategian, eta zenbait poesia errezitatzea ere egokitu zitzaidan. Nerea Rodriguezek aurkezle lanak egin zituen, eta jendaurreko gauzetarako daukan etorri eta graziari esker, pozik geratu nintzen emaitzarekin; liburu bat aurkeztera doan edozein egile asebetetzeko modukoa izan zen zinez.

Nolanahi ere, pozgarriena bertaratu zen publikoa izan zen, ezagunak gehienak. Interesa jarri zuten, eta pena eman zidan ezin izan nituelako behar bezala atenditu ekitaldia bukatu ostean eskaintza baten bila hurbildu zitzaizkidan lagun guztiak.

Zer moduzko iritziak jaso dituzu geroztik?

Aurreneko liburuarekin jende ugariren iritzi eta kritikak jaso nituen bezala, oraingoan gehiago ari zait kostatzen irakurlearekin feedback-a lortzea. Denbora eman beharko zaie, irakur dezaten. Egia esan, nik ere ez diet erraz jartzen askori; Sorabillan bizi naiz, ez naiz herrira gehiegi gerturatzen, gutxiago pandemia dela-eta. Auzoko lagun batzuekin aisa geratzen naiz tarteka, eta liburuko kapituluei buruz aritzen gara hizketan. Izugarri gustatu zaiela aitortu didate.

Lau kapituluetan sailkatu duzu poema liburua.

Halaxe da, eta emakumeak dira protagonista denetan. Hots, Alzheimerra jasaten duen nire ama, etxean sexu-abusuak jasaten dituen Alexandra, neu eta Kotoiaren Emakumeak (Andoaingo eta Bergarako ehungintzako langile ohiak).

Batek baino gehiagok adieraziko zizun poesiekin biluztu egin zarela sentimendu pertsonalen ikuspegitik.

Aurkezpenean bertan esan zidan horixe Rodriguezek, eta baita galdetu ea horrela ez ote neukan beldurrik gizaki hauskorregi gisa agertzeko. Bada, ez dut uste inorentzat kaltegarria behar duenik izan zure sentimenduak publikoki adieraztea, baldin eta barru-barrutik eta zintzoki irteten bazaizkizu. Hori ez nuke nahastuko sare sozialetan gertatzen ari denarekin, nola gustatzen zaigun irribarretsu agertzea, zoriontsuak bagina bezala; jokabide horrek zerikusi gehiago dauka batzuen exibizionismoarekin eta besteen vouyerismoarekin.

Azken batean, iruditzen zait ni naizen bezala agertzen naizela zenbait poemetan, biluztu egiten naizela emozionalki, eta jada hortik aurrera ezin dudala izurik sentitu inork min egin diezadan.

Ez dago urik loreentzat” etsipena darion titulua jarri diozu liburuari.

Bizitzako hainbat aurpegi krudel samurtzeko baliagarri zait poesia. Nahiz eta poesia tristeziaz asko mintzatu, gero aukera ematen dizu hitz edo esaldi-joko jakin batzuekin itxaropenezko pintzeladak marrazteko, errealitate ilun hori edertzeko eta politago egiteko asmoz. Beraz, liburuan egoera gogorrak deskribatzeaz gain, gero horiek samurtzen ere saiatu naiz.

Alzheimerra daukan Pakita, zure ama, da lehen kapituluaren protagonista.

Poemetan islatu nahi izan dut bion arteko harremanetan zenbateraino inpaktatu duen pandemiak. Bera Zizurkileko zaintza-egoitzan bizi da, eta oso gutxitan ikusi ahal izan gara azken aldian. Egundoko premia sentitu dut bera ikusteko, bere begiei begiratzeko, mintzatzeko, ukitzeko, laztantzeko… Eta batez ere, zenbat maite dudan emateko aditzera. Azken aldian sekula baino gehiago konturatu naiz gizakiok zeinen hotzak garen sentimenduei hitzak jartzerakoan; bikoteaz aparte, gertukoei zenbat kostatzen zaigun adieraztea maite ditugula…

Beraz, amarekin sentitzen dudan harreman berezitik eta maitasunaren adierazpenaren inguruko hausnarketatik sortuak dira poesiak lehen kapitulu horretan.

Hitz bakanak erabiliz, bikain deskribatzen duzu etxean sexu-abusuak jasaten dituen gazte baten egoera, bigarren kapituluan…

Iritzi berbera eman dit aditzera batek baino gehiagok. Gau batean idatzi nuen; etxean iraganean sexu-abusuak jasan zituen emakume batek telebistan eman zuen testigantza izan nuen inspirazio-iturri. Protagonista, Alexandra gau horretan jaio, bizi eta hil zen niretzat. Amaiera etsigarria eman nion kapituluari, lehenbiziko idatzi aldian. Baina pentsatzen jarrita, Alexandraren istorioak etsipenetik itxaropenerako mezua zabaltzea merezi zuela iruditu zitzaidan. Horretan hausnartzen nebilela, Maialen Porroyk liburuan itsasteko ilustrazioak erakutsi zizkidan, eta hara non, kapitulu horretarako diseinatu zituen irudietatik, azkenak, istorioan irekitako zartadura latzak irudi baikor eta samur bat islatzen zuela! Hori ikusirik, nik ere tonu bereko azken mikro-poema osatu nuen.

Bestalde, kapitulu horretan erlijio kristauaren zenbait sinbolo edo kontzeptu (Satan, gurutzea, otoitzak…) aipatzen ditut, eta nahita egin dut hori. Izan ere, kritika egin nahi izan diot jende fededunak batez ere iraganean eduki duen joerari: sinboloez baliatzea geure burua errugabetzeko, alegia. Gure etxean bertan bizi izan dut hori, elizara joan eta bi otoitz eginda pentsatu izan dugu aski zela arazoak edo jokabide okerrak estalita gera zitezen.

Hirugarren kapitulua, nahiko autobiografikoa dela dirudi...

Bai, badauka horretatik zer edo zer. Lehenengo liburuaren ildotik jo dut, eta nire gauzak, hots, bikotearekin harremanak, sentimendu pertsonalak, kezkak eta ahuleziak, oporretako oroitzapenak… ditut hizpide. Konparazio batera, abesti batzuk entzunez, nola joaten zaizun burua; hasten zara Chavel Vargas edo Guns N´Roses entzuten, eta kantariek ahoskatzen duten esaldi jakin bati tiraka hasten zara, eta irudimenak poema berri bat sortzen dizu. Musikarik gabeko abesti berri bat eratu zaizu oharkabean, azken batean.

Kotoiaren Emakumeak” proiektuko emakumeak dituzu mintzagai azken kapituluan.

Andoaingo eta Bergaran ehungintzako industrian lan egin zuten emakumeak gogoratzen dituen proiektuan parte hartzeko zoria eduki dut azken aldian, eta bizitzan gertatu zaidan bizipenik aberasgarrienetakoa izan da. Egundoko ikasketa izan da niretzat, emakume langile horiek ezagutzea. Eskasia eta lan baldintza latzak gazte-gaztetatik sufritu arren, transmititzen duten bizi-pozak ez dauka preziorik! Gaitasun miresgarria daukate bizpahiru esaldietan deskribatzeko zeinen latza izan zen euren iragana, eta segituan, luzaz kontatzeko bizi izan zituzten une alai eta gozagarriak.

Nire antzera, horiek ere ez dute erreparorik biluzteko; beren etxeko eta bizitzako sukalderaino sartzeko gonbidatu naute, eta oso identifikatuta sentitu naiz beraiekin.

Azpimarratzekoak dira Miren Porroy ilustratzailearen ilustrazioak.

Berealdiko sormen-lana egin du Mirenek. Poemetan aipatzen diren hainbat elementu (malkoak, leihoa, oinetakoak ohe azpian, erlojua, zimeldutako loreak, mezua botila barruan, ehundegietako irazkia eta trama…) perfekzioz interpretatu eta islatu ditu orriz-orri. Arrosa edo salmoi kolorea erabili du batik bat, eta argitasuna itsatsi dio nik poemetan proiektatu dudan iluntasunari.

Anne Galarragaren maketazio lana ere ez nuke ahaztu nahi. Bete-betean asmatu du formatuarekin, letra tipoarekin eta mikro-poemetako hitzak han hemen modu askean ipintzerakoan.

Gutxitan baloratzen da ilustratzaileen lana.

Argi dago nola gutxiesten dugun sorkuntza hori. Nerea Rodriguezek Mireni zera galdetu zion liburuaren aurkezpenean: “zer erantzungo zenidake, esango banizu marrazkiak egin dituzula?”. Mirenek beste galdera batekin erantzun zion: “eta zer erantzungo lidake Nereak, esango banio bere poemak hitzak besterik ez direla?”.

Poesiarekin ere antzekoa gertatzen da…

Jendeak jakingo balu zenbat lan eta buruhauste dagoen mikro-poesia bakoitzaren atzean! Nire kasuan, perfekzionista samarra naizelarik, obsesiboa bihurtzen zait maiz sormen prozesua: igual idazten dut testu bat, irakurtzen dut, zakarrontzira botatzen dut orria, berriro jasotzen dut zakarrontzitik, berridazten dut gainetik… Kaleratu dudan liburua berrirakurriko banu oraintxe, seguru aldaketak egingo nizkiokeela!

Ez al dizu tentatzen narrazioa (ipuina, nobela…) jorratzeak?

Idatzi izan ditut ipuin laburrak Hementxe aldizkarian, baina ez da nire indar-gunea. Burua ordenatuta behar duzu eduki, eta kaos bat naiz. Oso kaotikoa naiz, irudimena borborka jartzen zait, eta ez nintzateke kapaz izango trama batean biltzeko buruan dauzkadan ideia guztiak. Argi daukat poesiaren formatuarekin moldatzen naizela egoki.

Bi liburu idatzirik, estilo propioa finkatu duzula esan daiteke?

Baietz esango nuke. Poeta ugari irakurtzen ditut eta formakuntza ikastaroak egin izan ditut; heldutasun puntu bat lortu dut, eta iruditzen zait hori antzematen dela bigarren liburuan. Hitz gutxi erabiliz sentimenduak eta egoerak deskribatzeko gaitasuna bilatzen dut, azken batean. Baten batek esan dezake estilo hori honako edo halako idazlearena dela. Izan liteke, zergatik ez! Izan ere, denok baitaukagu guretik eta irakurtzen dugunetik.

Hirugarren poema liburu bati ekingo zenion honezkero…

Badaukat burutazioren bat, baina denbora eta lanketa eskatzen du. Urteak beharko ditut gauzatzeko, batez ere dokumentazio eta ikerketa lanak eskatzen dizkidalako. Gainera, gaztelaniaz ez ezik euskaraz ere izatea nahi nuke. Bien bitartean, poesia-errezitaldiaren ideia dabilkit buruan, musika eta poesia batuz ikusleentzat aparteko giro bat sortuko lukeen ikuskizuna, alegia.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!