Kartel lehiaketa Andoainen, martxoaren 8a ardatz hartuta

Aiurri 2022ko urt. 25a, 07:21

Andoaingo Udalak egitarau oparoa antolatu ohi du. Egitaraua ilustratzen duen afitxa edo kartela lehiaketa bidez aukeratzen da, eta dagoeneko deialdia egin dute.

Koloretan eginda aurkeztuko dira lanak. 65 cm-ko altuera eta 31 cm-ko zabalera izango dute kartelek, eta irudia neurri horietan edo horien proportzioan aurkeztu beharko da. Guztietan, ongi nabarmendurik, ondoko testua azalduko da: “Martxoak 8 - Emakumeen nazioarteko eguna. Andoain 2022”. Testu horrez gain, ez da beste lelorik edo testurik idatziko.

Gipuzkoan bizi diren eta 16 urtetik gora duten emakume guztiek parte har dezakete.

Lanak aurkezteko epea

Datorren otsailaren 9a da lanak aurkezteko azken eguna. Bastero Kulturgunean aurkeztu behar dira, eta ordutegia honakoa da: 10:30etatik 13:30etara eta 17:00etatik 19:00etara.

Sari bakarra izango da, 450 eurokoa, Salkinera atxikitutako merkatalguneetan kontsumitzeko. Epaimahaia Udaleko Berdintasun Batzordearen, Kultura batzordearen eta Gizarte Zerbitzuetako batzordearen ordezkari banak, Berdintasunean aditu batek eta plastika arloarekin zerikusia duten bi ordezkarik osatuko dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!