Datozen urteetatarako erronka nagusia zein den aurkeztu zuen Manuel Larramendi Kultur Bazkunak

Jon Ander Ubeda 2022ko urt. 28a, 07:00

Manuel Larramendi Kultur Bazkunak egitasmo handi bati ekin nahi dio: Euskaltzaleen kontzientzia pizten bidegile izan zen Manuel Larramendiren interpretazio gunea sortu nahiko luke, Andoainen. Fundazioa sortuz izango litzateke, Udala eskutik hartuta.

Jon Unanue Larramendi Bazkuneko zuzendariak hartu zuen hitza bileran, etorkizunari begira duen apustu handiaren berri emateko: “Aspaldiko asmo bat berritzera dator Garagorrienea egitasmoa. Duela hamabost bat urte Udalarekin eta eskualdeko beste udalekin eta baita Gipuzkoako Foru Aldundiarekin ere fundazioa sortzeko bidean izan ginen, baina, azkenean, atzera egin behar izan genuen. Denbora tarte honetan beste saiakeran bat izan bada ere, gaur aurkeztuko dugun egitasmoak Garagorrienea du izena. Larramendi Bazkunak aurten 30 urte beteko ditu, eta hasieratik genuen asmo bati behingoz heldu nahiko genioke. Zein da asmo hori? Manuel Larramendiren biografiari eta bereziki bere obrari dagokion balioa ematea. XX. mendean Manuel Larramendiren irudia eta bere obraren balioa asko gutxietsi zen. Karikaturizatzeraino iritsi zen bere irudia. Errealitatea guztiz bestelakoa da. Larramendik bere bizitza osoan estrategia oso zehatza izan zuen euskalgintza eta euskararen etorkizuna suspertzeko eta bermatzeko”.

Bazkunak, 30 urte; "Ezina Ekina" liburuak, 300

2022an, beraz, hogeita hamar urte beteko dira Larramendi Bazkuna sortu zela. Etorkizunari begira jarrita daude, 2029ra hain zuzen. Fundazioa sortuta eta Larramendiren gaineko interpretazio gunea sortuta iritsi nahiko lukete data seinalatu horretara. Eta zergatik 2029a? Bada, euskaltzaleen ahalduntzean ezinbestekotzat hartzen den "El Imposible Vencido-Ezina Ekina" lehen euskal gramatika liburua argitaratu zela 300 urte beteko direlako.

Egitasmo handia da, zalantzarik gabe. Bide horretan ezinbestekoa izango da Andoaingo Udalaren laguntza.

Manuel Larramendi Garagorri jesuita, idazlea, intelektuala

1690eko abenduaren 25ean jaio zen, Goiburuko Garagorri baserrian. Azpeitiko Loiolan zendu zen 1766ko urtarrilaren 29an. Itzal handiko lanak argitaratu zituen: "De la Antigüedad y universalidad del Bascuence en España (1728)", "El Imposible Vencido. Arte de la Lengua Vascongada" –"Ezina Egina"– (1729) edota gaztelania-euskara-latina "Hiztegi Hirukoitza (1745)".

Politikan Gipuzkoako foruen defentsa sutsua egin zuen.

2029ra bitarteko egitaraua:
Fundazioaren sorrera eta egoitzaren egokitzapena data seinalatuan amaitu beharko lirateke. 300 urte beteko baitira Manuel Larramendik El Imposible Vencido –euskaraz, Ezina Egina– euskarazko gramatika idatzi zuenetik.

Egitasmoaren helburu nagusiak

Alde batetik, Manuel Larramendiren bizitza eta obra interpretatzeko gunea. Beste alde batetik, elkartearen ekimenak bideratuko lirateke: Ikerketarako eta zabalkunderako egitasmoak, Rikardo Arregi mintegia...

Bazkideekin partekatutako hausnarketa:
Astelehen arratsaldean Bastero Kulturguneko ekitaldi aretoan elkartu ziren Larramendi Bazkuneko bazkideak. Entzuteko eta ekarpenak egiteko aukera izan zen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!