"Gure beharra somatzen genuen, artila eta antzeko produktuak erosteko aukerarik ez zegoelako"

Aiurri 2022ko urt. 28a, 07:23

Instagram kontua: @labores_arantza.

Andrea Corman Castro Labores Arantza dendako arduraduna da. Andoaingo Kale Nagusian, Bikoitz argazki-denda zegoen tokian, negozio berri bat abiatzen ari da. Laboreen tradizioa biziberritzera dator Corman gaztea.

Hilabete gutxi dira negozioa zabaldu zenuenetik. Zer moduzkoa izaten ari da harrera?

Oso gustura nago. Ez nuen pentsatzen hain ondo hastea. Andoainen ez zegoen antzekorik, eta ez genekien zein izango zen andoaindarren erreakzioa. Baina pozik nago.

Gaur egun meritu handikoa dirudi negozio berri bat zabaltzeak.

Pandemia garaian gainera, arriskutsua dirudi. "Hasiko gara", erabaki genuen. Gure beharra somatzen genuen, artila eta antzeko produktuak erosteko aukerarik ez zegoelako.

Tailerrak antolatzen dituzue, ezta?

Ez zen hasierako asmoa tailerrak antolatzea. Baina bezeroak eskatzen hasi zitzaizkidan, eta jendearen beharrei aterabidea ematea erabaki genuen. Puntuzko tailerra eskaintzen dugu, eta dagoeneko lau talde ditugu. Bakoitzak bere maila eta bere erritmoa du. Otsailetik aurrera, beharbada, beste talde bat gehiago aterako da. Hilabetero ordaintzen da, eta batean huts eginez gero, ez da ordaindu behar izaten.

Adin-tarte jakin bati lotutakoa dirudi. Ba al da erreleborik?

Bai, gazteenek ere laboreak egiten dituzte. Amonen gauza dirudi, baina gazteak hurbiltzen ari zaizkigu.

Zein da zuen berezitasuna?

Originaltasuna, esango nuke. Betiko laboreak dira, baina biziberritu egiten dugu gure eskaintzarekin.

Zergatik egin beharko litzateke tokiko merkataritzaren alde?

Neronek produktu hauek Tolosan, Donostian edo internet bidez erosi behar izaten nituen. Herrian izanez gero, herrian bertan kontsumitzea litzateke onena.

Zer esango zenieke andoaindarrei?

Saia daitezela. Laboreei dagokionez, askok ez dute inoiz ezer egin eta horrek geldiarazi egiten ditu. Saiatzea da garrantzitsuena, eta, azkenean, ondo egiten bukatzen dute.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!