Amets egin dezagun, hegan egin dezagun

Jon Ander Ubeda 2022ko urt. 29a, 20:40

"Txoria nintzela sinistu nuen, sinistu. Amets polit hura gaur ere nahi nuke sinistu" abesti ezaguna da Pirritx, Porrotx eta Marimotots ikuskizun berrienaren muina. Bizitza ederra dela badiote ere, badira aski ilunak diren hainbat gertaera. Eta gertaera ilun horiek sortzen duten tristuraren aurrean amets egitea, hegan egitea proposatzen dute.

Bi saio eskaini dituzte Bastero Kulturgunean, eta sarrerak aspaldi agortu ziren. Ingurumenaren aldeko mezuak, amalurraren defentsa, mugek ezartzen dituzten eskubideen urraketak... horiek eta gehiago agertzen dira ikuskizun berrian. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak, gainera, ez dira bakarrik igo taulagainera. Haren aspaldiko lagun batzuk agertu dira ikuskizunean zehar: Txo balean datorren gaztea, Tider Afrika aldetik datorren etorkina, Ilargi lagun baserritarra,... Azkenerako, zazpikoloredun arrautzatik Kui kui txitatxoa jaio da "Nork agindu du mundu, kolore bakarra? Egunero irten ahal bada ostadarra" abestia entzun berritan.

Amets egiteko, hegan egiteko mezua zabaldu dute gaurko emanaldian. 

Ohi bezala, Andoaingo saioak grabatu egin dituzte. Hurrengo hilabeteetan DVD formatuan argitaratuko da.

Korrikari keinua

Pailazoek ikuskizun honetan egurrezko kabia oparitzen dioten tokian tokiko eragile bati. Gaurkoan AEKko kideek jaso dute, Korrika aurten Euskal Herrian barrena ibiliko dela gogoraraziz. Gaurkoan ez dute esan, baina Korrikako aurtengo omenduak pailazoak izango dira. Hauen ikuskizuna Korrikaren aldeko mezuarekin amaitu da.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!