“Ezinbestekoa da gurasook haurren elikadurari behar besteko garrantzia ematea”

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Arberas 2022ko ots. 8a, 07:00

Carola Tellez, Andoaingo Zumea kalean duen negozioan.

Carola Tellez dietista da, Andoaingo Nutri Eskolako arduraduna. Elikadura osasuntsuaren alde eginez gero, aldaketaren bidea sinplea bezain zaila da: ohiturak aldatzea eta denboran iraunaraztea lortu behar da. Haurrak helduak baino hobe darama aldaketa.

Nutrizio eskola da, besteak beste, Nutri Eskola. Elikadura on baten garrantzia geroz eta zabalagoa den pertzeptzioa da. Zein da zure iritzia?

Pixkanaka hobetzen ari da, baina bide luzea dago egiteko. Ezinbestekoa da gurasook haurren elikadurari behar besteko garrantzia ematea. Haurrak garapen prozesu betean daude, eta eskainiko diegun elikadura garrantzi handikoa da. Nutrizioa beharrezkoa da, norberaren gorputza modu egokian garatu ahal izateko. 

Elikadura ona eta osasuntsua lantzeko garaian, haurrek aurreiritzi gutxiago izan dezaketela uste duzu? Zein da zure esperientzia?

Halaxe da, askoz gutxiago dituzte. Haurrak aldaketara zabalik daude, gurasook baino erraztasun handiagoa dute. Kasu askotan gurasoak gara aldaketarako prest ez gaudenak. Nire kontsultan harridura erakusten duten guraso asko ezagutu ditut, haurrak bikain egokitzen direlako elikadurari lotutako aldaketetara. Barazki gehiago jaten dute, arraina ere, gehiago... Gurasoak gara aldaketa horiek ez direla posible izango ondorioztatzen dugunak. Haurrak egokitu egiten dira, askoz hobeto gainera. 

Haurrek haurtzaro garaian ikasten dutena helduaroan aplikatuko dute. Horrexegatik da hain garrantzitsua umeari ondo jaten irakastea.

Nutri Eskolan ez zara soilik haurrekin aritzen.

Negozioak bi atal ditu. Eskola, alde batetik. Bereziki, haurrei zuzenduta dago baina helduei begira ere tailerrak antolatzen ditugu. Kontsulta ere badugu  bestetik eta hor familiak, haurrak eta helduak artatzen ditugu.

Beharrezko ez ditugun gauza gehiegi jaten ditugu.

Lehenik eta behin, informazio falta ikaragarria dagoela esan beharko genuke. Jendea ez da gaizki elikatzen, ez duelako ondo jan nahi, baizik eta ez dakielako ondo elikatzen. Barazki gehiago txertatu behar behar ditugu gure elikaduran, baita lekale gehiago ere. Arrain gehiago eta azukre gutxiago. Eta ez soilik azukreontzikoa baizik eta opil industriala, cola cao-a, txokolatea, aurrez prozesatutako janaria...

Elikadura ona garestiagoa den ustea oso zabalduta dago, bestalde. 

Ondo jan daiteke, eta merke. Zalantzarik gabe. Lekaleak ez dira garestiak, eta elikaduran ezinbestekoak dira. Garaian garaiko barazkiak jango bagenitu, aukera exotikoak baztertuta, erosketa merkea eginez lor genezake.

Produktu horiek guztiak ez dira zertan denda berezietan batean erosi. "Comida basura" edo zabor janaria oso merkea da. Hori egia da, baina horrexegatik: zaborra delako.

Kontsumo ministerioak udazkenean iragarri zuen janari ez osasuntsuen publizitatea galeraziko zuela. Eta zuk sare sozialetan poza agertu zenuen.

Haurrak babestea (janariaren industrian zaugarrienak direlako) oso oso garrantzitsua delako. Telebistan eta bestelakoetan publizitate bonbardaketa jasotzen dute. Badira beste erraminta batzuk, eta gurasook haurrei helarazi behar dizkiogu. Izaera kritikoa garatu behar dute haurrek, zer den ona eta zer ez bereizten has daitezen. Eta hori etxean hitz eginez, azalpenak emanez egiten da. Heziketan sakontzea, etxean zein eskolan, garrantziahandikoa da.

Gosaltzeko zerealak, gailetak... gezurretan aritzen dira euren osagaiak deskribatzeko garaian?

Ez dute gezurrik esateko baimenik baina egia da hainbat osagai nabarmentzen dituztela, kaltegarriak diren beste batzuk apalago ipinita. Mineralak dituztela? Bai, baina oso proportzio txikian. Ez dago erosten dugun gaileta sanorik. Findutako irinaz eta olioz eginda daude guztiak, azukrez josita. 

Haur nintzela bokadiloak jaten genituen. Orain hori ikustea zailagoa da. Erositako produktuak ikusten dira gehiago.

Opil industriala ez da ona, ezta enbutidoa ere. Hortik harago, merienda edo askaria egiteko aukera ugari daude. Ogi integrala lehenetsi beharko genuke. Atuna, tortila, aguakatea, oilasko bularkia... Enbutidoaren ordezko aproposak dira.

Pertsona bakoitzaren gorpuzkeran elikadura onak edo txarrak eragiten duela-eta, gorputz formak arautzeko joera dago. Zer diozu zuk?

Gorpuzkera osasuntsua ez da kanpotik antzematen, barnetik baizik. Pertsona bakoitzaren grasa edo gantz kopurua jakitea oso garrantzitsua da. Pisuak ez du garrantzirik,  gorpuzkeraren osaketari erreparatu beharko genioke. Hori jakitea garrantzi handikoa da. Kontsultara datozen bezeroekin beti-beti hizpide izaten dudan gakoetakoa da.

Pisua ahaztu behar dute, zenbaki bat baino ez da. Gorputzaren osaketari erreparatu behar zaio. Hori al da giltzarri?

Elikatzea berebizikoa da, baina bada bigarren elementurik: ariketa fisikoa. 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!