Teodora (“Teo”) Nava de Rey herrian 1941eko azaroaren 11n jaio zen; 80 urteak bete berri samarrak ditu, beraz. Osasuntsu, ipurterre eta alai bizi da, eta Andoainen makina bat herritarrek eskatzen diote gaztetasunaren formula majikoa azal diezaien. “Osasuna lagun, jarrera baikorra da axola duena. Ilusioa ez dut galdu familiarekin eta bilobekin gozatzeko, jendearekin hitz-aspertuak egiteko, dantza egiteko…, ezta umorea ere! Irribarrea ezpainetatik galtzen dudan egunean, nireak egin du!”.
Teo Allurralde kiroldegiko gimnasioko taldean aritzen da, astean hirutan. “Taldeko baten-bat kenduta, ni izango naiz zaharrena. Arin-arina sentitzen naiz, are gehiago azken aldian galdutako kiloak direla-eta. Izaskun Jauregi gure monitoreari galdezka ari naiz ea noiz jartzen duen koltxoneta lurrean, iraganean bezala. Txiri-buelta emateko oraindik ere kapaz naizen ikusi nahi nuke”.
Bizitza soziala murriztea ekarri duen Covid-aren izurriteak berari ere eragin diola adierazi du. “80. urtebetetzea ez zitzaidan oso alaia gertatu, birusak harrapatu baininduen, eta baita familiakoak ere!”. Neurri murriztaileek tristura zabaldu, eta jendearen bizi kalitatea kaltetu duela nabarmendu du. “Gazteek pentsatuko dute krisialdia pasako dela eta lehengora etorriko garela. Aurretik urte mordoa duenak pentsa dezake hori. Baina esango didazu 80 urtetara iritsita gaudenok, zein itxaropen geratzen zaigun, zein etorkizun? Emozionalki lur jota, bizi-pozik gabe ikusten dut jende asko inguruan; nik ere depresio puntu bat bizitu izan dut orain gutxi. Larria da gauza, oso-oso etsigarria. Batzuetan ematen du adin nagusikoak soberan gaudela, inori ez diola axola gure ongizateak eta osasun psikologikoak”.
Harmonia oneko familia ugaria
Atzera begira jarri, eta hamar senideko familiaren gora beherak ditu kontagai Teodorak. “Hamar ume erditu zituen Constantinak, gure amak, eta ni zortzigarrena izan nintzen; bi zaharrenak oso gazte hil zitzaizkigun. Gure amak zioen hamaika zenbatu behar genituela berez, abortu bat ere eduki baitzuen”. Etxean denak ere ederki asko moldatzen zirela aitortzen du. “Familia txiroa zen gurea, baina haurtzaro zoriontsua bizi izana daukat oroitzapenean, senideen arteko sesio handirik gabekoa”.
Teodora bederatzi urterekin jada hasi zen ordain-saripeko lanetan, eta beraz, apenas zapaldu ahal izan zuen herriko eskola. “Ez nintzen kapaz izan irakurtzen eta idazten ikasteko. Min eman izan dit beti ezjakintasun horrek, eta horrexegatik, geroztik, saiakera franko egin izan ditut Andoainen helduen eskoletan”.
Umetan, ume-zaintzan
Teodoraren aita nekazaria zen, eta herriko jauntxoarentzat egiten zuen lur-lanketa; etxeratzen zituen sosak nekez iristen ziren familiaren bizimodua aurrera ateratzeko. “Nonbaitetik diru-sarrerak bilatu behar-eta, uztaroa egokitzen zenean, ama eta anai-arreba batzuk gari-aleen bilketara abiatzen ginen gari-sorora, goizeko 05:30ean jaikita; hori bederatzi urtez geroztik bizitu nuen. Gari-arorik ez zenean, belazetara joan eta belar-zakuak bete, bizkarrean hartu eta behitegietan saltzen ibiltzen nintzen. Esne-saltzaile gisa ere antzerako ibiliak egiten nituen, kalez kale oihuka esne-saltzailea zebilela aldarrikatuz. Nekazaritzako eginkizun horiek bazkalordura arte izaten ziren. Ondoren etxean mokadu bat hartu, eta arratsaldean umeak zaintzera abiatzen nintzen familia baten etxera”.
Umea izan arren, Teodorak langile gisako eskubideak aldarrikatzen ikasi behar izan zuen, mahats-biltze kanpainetan parte hartzen zuenean. “Lur saileko jabeak, emakume gaiztoa izan, hasieran ez zidan zegokidan soldata eman nahi izan; zama-lanetan besteak baino eskasagoa nintzela argudiatu zuen. Nik gogor ekin nion, esanez lan neketsuetara zaildutako neskatxa nintzela, eta nire eskubidearekin ezin zuela txantxetan aritu”.
Orain aste batzuk Margari Aranburu adiskidea eta biak Nafarroako Arandigoien herrian mahatsa eta piperra biltzen arituak dira, eta gogora etorri zaizkio umetako bizipenak. “Harrituta utzi nituen hango nekazariak, ikusita zenbateko bizitasunez aritzen nintzen mahatsa eta piperra biltzen eta zakuak bizkarreratzen!”.
Andoainen, denetariko langintzetan
Nava de Reyko bizimoduak ez zuela etorkizun duina ziurtatzen erabakita, Calleja Rodriguez familiak lana erruz zegoela entzuna zuen Gipuzkoara abiatu zen Andoainera, 1957an. “Errepublika egunean iritsi ginen, eta Kale Nagusian jarri ginen bizitzen. Sei anai-arreba Intex lantegian hasi ginen segituan, ehungintzan. Nik, bertan, 11 urte egin nituen, ezkondu nintzen arte”.
Pablo Alkorta herriko semearekin 1968ko abuztuaren 28an ezkondu zen, eta orduko gizarte patriarkalean ohikoa zenez, hantxe amaitu zitzaion Intex lantokiko ibilbidea. Idoia eta Amaia bi alabak hezi ostean, ordea, gaztetan eskarmentua hartutako zenbait ogibide berritzea egokitu zitzaion. “Andoainen familia ugariren umeak zein adineko pertsonak zaindu izan ditut, eta baita etxeko garbiketak egin, 70 urterekin erretiroa erabat hartu nuen arte”.
Orain 14 urte senarra hil egin zitzaion. “Oso-oso gutxi neukan kotizatua, eta alargun geratzean, pentsio eskasa geratu zitzaidan, apenas aurre egiteko bizitzaren garestitzeari. Eta pentsio duinen alde Goikoplazan egin izan diren elkarretaratzetan parte-hartu izan dut. Ikusten denez, hamar urterekin zein 80 urterekin, kondenatuta gaude dagozkigun eskubideak aldarrikatzera!”.
Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.