Sheila Arnaiz, Eskola mailako 2030 Agenda ekimeneko logotipoaren egilea

Xabier Lasa 2022ko ots. 2a, 09:25

Andoaingo ikastetxetako ikasleek zelaiak, larreak eta landare itsutasuna landuko dute aurtengo ikasturtean. Egitasmoaren marka indartzeko lehiaketa antolatu zuten, eta irabazlea Sheila Arnaiz Leizaran institutuko ikaslea izan da

2021etik 2030era Andoaingo ikastetxeetan landuko den Eskola Agenda 30 programak irudi identifikatzaile ofiziala behar zuela-eta, logo-lehiaketa jarri zuten abian iaz Leizaran, Ondarreta, Aita Larramendi eta La Salle Berrozpeko ikasleen artean. Sheila Arnaiz ikasleak aurkeztu zuen diseinua hautatu zuten guztien artetik. Ondarreta ikastetxean eta Leizaran institutuko ikaslea izan da Arnaiz, eta aurtengo ikasturtean unibertsitatean kimikako ikasketak egiten ari da.

“Bi ideia nahiko argi neuzkan buruan; batetik, logoak mezua zuzen-zuzenean transmititu behar zuela, eta bestetik, Planeta laguntza eske irudikatu berako litzatekeela. Bada, irudi ugariren zirriborroak egin ostean, azkenean, buruan neukan ideia islatzen zuenarekin asmatu nuen: gizakiaren eskuak laguntza eske dabilen Planetari erantzuten dio”. Era horretan, sortutako irudi definitiboak mezu ezin zuzenagoa proiektatzen duela iruditzen zaio Sheilari: “Alegia, Planetak jai daukala baldin eta gizakiok ez badugu babesten”.

Sheila Arnaiz Andoainen lehen eta bigarren hezkuntzako ikasle izan den aldetik, ondotxo ezagutu du iaz arte ikastetxeetan garatu izan den Eskolako Agenda 21 programa. “Baliagarria iruditzen zait horrelako programa ikasleen artean sustatzea, kontzientzia sortzen duelako mundua hobera aldatzeko helburuz. Zehatzago izanda, esango nuke ikasleen artean birziklapenaren arloan batik bat eragin izan duela orain arte”.

Sheila Arnaizek aspaldi heldu zion sorkuntza artistikoari. Marga Oiartzun eta Eduardo Arreseigor irakasleek ireki zuten Andoaingo Sormen Tailerreko ikaslea izanik, margoketako eta buztingintzako hainbat teknika landu izan ditu urtetan, eta bide horretatik segitzen dio egun ere. “Batik bat, paisaiak eta erretratuak margotzea dut gogoko”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!