"Nekazari giroko inauteria berreskuratzea egoki ikusi dugu"

Aiurri 2022ko ots. 3a, 12:01

Jon Urtasun Puska Biltzeko kidea da eta inauteriak badatozela gogora ekarriko digute. Andoaingo Leizotz auzuneko baserrietan ibiliko dira, hurrengo otsailaren 12an.

Axerien Puska Biltzea inauterietako lehen hitzordua izango da Andoainen. Otsailaren 12an, goiz-goizetik hasita, axeri dantzariak Leizotz auzoan barrena dantzan, kantuan eta kale-jiran ibiliko dira, nekazari-giroko usadio zaharra biziberrituz. Jon Urtasun hitzorduari hutsik egiten ez dion axeri dantzarietako bat da.

Zer da Axeri Dantzarien Puska Biltzea?

Andoainen andoaindarrei inauterien etorrera iragartzen dien lehen ospakizuna da; ondoren Kaldereroak eta kale giroko inauteri-desfilea datoz. Nekazari giroko ohitura da, eta urtero auzo batean egiten da; Leizotzi egokitzen zaio aurten. Kuadrillarekin batera txistulariak joan ohi dira, Axeri dantzako ohiko zortzi dantza edo jokoak (Aitarena, Zortzikoa, Paseoa, Orratzakoa, Txingoa, Dorrea…) egiteko; halaber, trikitilariak ere bidelagun izaten ditugu, kale-jira girotzeko eta arin-arina eta fandangoa dantzatzeko. Jolas edo jokotik asko daukate Axeri Dantzako dantza zati guztiek, eta primeran uztartzen dira inauteriek berarekin daukaten txantxa eta umorearekin. Bestalde, parte-hartzaileok Axeri Dantzako jantziak janzten ditugu, baina aldi berean, kontuan hartzen dugu inauteri kutsuko estetika informalagoa ere (mozorroa, lastozko txapela, zintzarria edo beste edozein elementu zaratatsu…).

2013an ekin zenioten ohiturari.

Bai, bi arrazoi nagusik bultzatuta. Batetik, Aita Larramendik eta beste zenbait herri-ikerlarik idatzita utzi ziguten Beterriko herrietako gazteek nola ospatzen zuten Axeri Dantza baserriz-baserri erronda eginez, eta usadio hori nola egiten zuten inauteri aldera. Bestetik, Axeri Dantzaren aldeko elkarteak ikusi zuen egokia izan zitekeela nekazari kutsuko inauteriak berreskuratzea, Andoaingo kultur giroa aberaste aldera.

Zer moduzko harrera eskaintzen dizute baserritarrek?

Izugarri estimatzen dute geure bisita. Asko eskertzen digute gurekin eramaten dugun alaitasuna, eta batik bat, beraiekin gogoratzea; izan ere, normalki, Andoaingo kultur dinamiketatik kanpo geratu ohi dira lau baserri auzoak. Gu ere haiek bezain pozik ibiltzen gara, oso harreman polita sortzen baita bisitek irauten duten denbora horretan. Eta beste gauza bat ere erantsi nahiko nuke: kalekume askorentzat Andoaingo baserri-auzo horiek eta bertako bizilagunak ezagutzeko parada bikaina suertatzen da Puska Biltzea.

Nola “salduko” zenuke Axerien Puska Biltzea, edonor bertan parte hartzera anima dadin?

Behin parte hartu izan duenak badaki euskal ohitura bati jarraipena emanez batera ziurtatuta daukala jendarteko giro jatorra, eta normalean, beste konpromisurik ez bazaio sortzen, errepikatu egiten du egun horretan. Ekitaldiak erakargarria izateko osagai guztiak ditu: nekazari giroko euskal inauteriak, euskal kultura, euskal dantzak, festa, umorea… Guzti horrekin gozatzeko prest dagoen edonori luzatzen diogu gonbidapena. Ez dezala erreparorik eduki Axeri Dantzako dantza edo jokoak ez jakiteagatik, ibilbidean barrena ikasteko aukera edukiko baitu. Hitzordua, Irunberri elkartean jarrita daukagu, goizeko 07:45ean.

Gurekin harremanetan jarri nahi izanez gero, e-postara idatz dezake: andoaingoaxeridantza@gmail.com.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!