"Oraingoz, harrera ona edukitzen ari gara"

Mikel Arberas 2022ko ots. 4a, 10:55

Mizpiradi sagardotegiko Jon Mikel Arruabarrenak denboraldiari hasiera eman dio eta pozik agertu da; hala ere, txotx denboraldia normaltasunez bizitzeko itxaropena agertu du.

Nola aurrekusten duzu aurtengo sagardo denboraldia?

Hasiera batean, azken bi urtetako joerarekin antzekotasunak ikusten ditugu, baina itxaropen printza bat sumatzen dugu.

Mugimendua nabaritzen al duzu Mizpiradin eta inguruko sagardotegietan?

Egia esan, bai. Jendea animatzen ari da, baina, soilik, asteburuetarako; larunbat eta igandetako erreserbak dira gorantz egin dutenak. Aste barruan joaten zirenen kopurua, berriz jaitsi egin da. Tradizio hori apur bat atzean geratu da.

Gazteak ala helduak, nortzuk joaten dira gehiagotan sagardotegira?

Azken aldian gazte asko gerturatzen ari dira. Baina bertaratzen diren helduak ere ugari dira. Azken finean, otordu goxo bat eta sagardoa lasaitasunean edateko aukera daukate. Hori bai, Mizpiradik zerbait eduki badu, familia-giroa izan da. Sarritan gerturatu izan dira, mendi buelta baten ostean, aiton-amonak, seme-alabak, osaba-izebak eta gurasoak otordu on bat egitera. Familia askoren bazkaleku izan da, eta, espero dut, aurrerantzean ere horrela izatea. Esanak esan, mota guztietako pertsonak hurbiltzen dira Mizpiradira.

Oraindik, ezin da txotx preziatua egin eta neurri murriztaileak indarrean daude...

Hona hurbiltzen diren kontsumitzaileek nahiago dute sagardoa botilan edan, pitxarretan baino. Badira ere, sagardoa dastatzera etortzen direnak, eta horiek pitxarretan hartzen dute hainbat upeletik edateko. Hala ere, espero dugu aste batzuetara normaltasunera itzultzea.

Janariari dagokionez, ohiko menuaz gain, gauza gehiago ere eskaintzen hasi zarete, ezta?

Betiko menua eskaintzen dugu, baina txekor saiheskia patata frijituekin eskatzeko aukera dago ere. Gainera, begetarianoek, aurretiaz deituz gero, menu berezia prestatzen dugu.

Herritarren artean sagar bilketarako laguntza handia edukitzen duzula jakin dut...

Bai. Ia beti nire lagunak etortzen dira laguntzera, baina, aurtengoan, askoz ere jende gehiago bildu gara eta laguntza handia eman didate. Eskerrak emateko, guztion artean bazkari handi bat egin genuen.

Denboraldian sagardotegia betetzea espero al duzue?

Baietz esango nuke. Jendea gogoz dabil eta bezero asko dira datozen hilabeteetarako erreserba egiteko deitzen ari direnak. Esaterako, inauterietako bazkaria edo afaria egiteko jendea deika ari zait; beraz, harrera nahiko ona edukitzen ari gara.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!