Erakusketa kolektiboan parte hartzen ari diren lau kide elkartu ditu Aiurri astekariak.
Eduardo Arreseygor - Andoain
Bi artelan aurkeztu ditu erakusketan, “Belchite. Zatiak” eta “Analogiak/kontraesanak” izenekoak. “Ikusleari bi proposamen desberdin luzatzea da nire gogoa; Konnotazio sentsoriala dauka batak, sentsazioak probokatu nahi dizkiot ikusleari. Bestea, berriz, sinbolikoagoa da, eta bi argazki kontrajarrita, hausnarketa egin dezan nahi nuke”.
“Belchite. Zatiak” bilduman, buztinezko 16 plaketan argazkiak integratu ditu Arreseygorrek. “Argazki horiek 1936ko gerrako bataila batean erabat eraitsita geratu zen Belchite herrian (Aragoi), elizari, etxe-hormei, leihoei eta abarri argazkiak atera nizkien; arte mudejarra edukitzeagatik zen orduan ezaguna herria, eta horregatik aukeratu dut buztina lanketarako. Azken batean, elementu birtuala (argazkiak) eta erliebe erreala (buztinezko plaka) konbinatzea izan da nire planteamendua, eta buztinarekin eta pinturarekin erabiltzen diren teknika desberdinak erabili ditut horretarako”.
“Analogiak/kontraesanak” artelanean, berriz, Arreseygorrek 15 argazki-pare zintzilikatu ditu Basteroko hormetan. Elkarren ondoan jarritako bi argazkien artean berdintasunak edo kontraesanak bilatzera gonbidatzen du ikuslea: “batak eta besteak zerikusirik ez dutela esango genuke aurreneko begiratuan, baina uste baino gehiago daukatela iruditzen zait. Bada, horiek identifikatzea eta horien inguruan burura datozkion interpretazioak egitera animatzen dut ikuslea”.
Gai eta egoera anitz, zein baino zein deigarriagoa, planteatzen ditu argazki-pare bakoitzak: Florentziako XVI. mendeko fresko bat, Andoaingo Exkerranea ondoko horma zahar batekoa), Granadako Aste Santuko prozesioa, Argentinako Videlaren diktaduran haurdun zeuden emakume presoen gela, Kubako emakume baten ipurdia, mugimenduan edo geldirik dauden trenekin islatzen den erlatibitatearen legea…
Itziar Gutierrez - Andoain
Hamabost argazki landuz osaturik dago “Evaren alabak” izenburuko bilduma: “Artearen historiaren ikerketatik abiatuta, Evaren errepresentazioa zein izan den deskribatzen saiatu naiz lanarekin. Honako ideia hau azaldu nahi izan dut: arte paleokristautik arte garaikidera bitarte, estiloz-estilo, Evaren irudia hainbat modutara gorpuztu edo pertsonifikatu izan den arren, beti-beti, funtsezko ideia aldaezina izan dela. Hots, Eva, begirada maskulino edo patriarkaletik irudikatu izan dute, eta tentaldia eta bekatua sinbolizatu dute, deabruak sagarra hartzeko eskatzen dion unetik”.
Eva pertsonaia gisa garaiz-garai margotu dituzten hainbat artisten (El Bosco, Miguel Angel, Rubens, Rivera…) fama handiko margolanak hartu eta horiekin ariketa artistiko plastikoa egin du Gutierrezek. “Digitalizazio prozesu baten bidez, margolan famatu horiek gaur egungo emakumeen gorputzetan proiektatu ditut”.
Gerta daiteke ikusleak, aurreneko begiratuan, ondo ez antzematea artelan famatuekin eta pertsona errealen gorputz zatiekin egindako fusioa edo txertaketa: “Trentxiki elkarteko zenbait lagunek ohartarazi naute muntaia abstraktuegia geratzen dela. Baliteke hala izatea, baina dena den, hori ere ikusleari planteatzen zaion jokoaren parte bilaka daiteke”.
Mezu jakina zabaldu nahi duela gaineratu du artista andoaindarrak: “Saiakera da Eva aske bat lortzeko; gaur egungo emakume anonimoen gorputzetara itzultzeko ahalegin bat da Basteron ikusgai ipini dudana”.
Gutierrezek bere gertuko emakume adiskideen laguntza behar izan du artelanak osatzeko. “Nire adiskideak modu anonimoan modelo izateko prest agertu dira, eta eskertu behar diet hori, bestela ezin ahal izango nuke sortu argazki-bilduma”.
Poztasun handia eragin diote “Ebaren alabak” artelanaren sormen-prozesuak zein azken emaitzak, eta, horregatik, etorkizunean artearen historia, emakumea eta ikonografia, hiru elementu horien gainean sakontzen segitzeko asmoa azaldu du.
Aitor Regillaga - Urnieta
#Faklipse-a jarri dio izenburua bere argazki bildumari. Berak asmatuko kontzeptu hitz joko batetik datorrela aitortzen du urnietarrak: “Zeruko gorputz batetik datorren argia beste gorputz eklipsatzaile batek blokeatzen duen fenomenoa da”.
Kontzeptu horren jatorria jakin ostean, hortik aurrera bizi izan duen eboluzioa eta moldagarri izateko gaitasuna azaldu du Reguillagak. “Elkarteko kideen artean eguzkiaren aurrean zegoen farola baten argazkia zabaldu nuen behin, eta #Faklipse titulua jarri nion. Handik gutxira, taldekideak bata bestearen atzetik gauza berbera egiten hasi ziren, argazkiak atera eta atera, eguzkiaren aurrean edozein gauza jarriz eta horrekin batera kontzeptu berri bat asmatuz: hala nola, kotxeklipse, bankuklipse, musikaklipse… Oso ariketa dibertigarria eta sortzailea bilakatu zen, eta azkenean, ideia hori oinarri edukita, argazki-bilduma egitea bururatu zitzaidan”.
Zintzilikatu dituen guztien artetik, lau Trentxiki elkarteko kideek egindakoak dira, gainerako guztiak bereak dira.
Basteroko erakusketa gelara sartzen den ikusleak adi-adi erreparatzen badio Regillagaren argazki bildumari, ziurrenera inguruko paisajean ezagunak egingo zaizkion zenbait leku, objetu… topatuko baititu.
Goikoplazako taberna bat, urrutira gabe: “Urigainen elkartzen gara, astean behin. Elkarren berri edukitzeko, eta elkarregandik ikasteko. Ondoren ezinbestekoa egiten zaigu Elizondo tabernan sartu-atera egitea; bertan Urigainen baino ideia distiratsuagoak irteten zaizkigu”. Azken aldian albiste izan den Buruntza mendiko gurutzea ere argazki bilduman topa daiteke. “Eraitsi aurretik ilunabar batean ateratakoa da”.
Ekimenean parte hartzeko deia luzatu die bisitariei, eta Aiurriko irakurleei: “Eguzkiaren aurrean jendeari bururatzen zaion argazkia atera, eta Instagramen #Faklipse jarriz gero, @miszelanea.tae kontuan zintzilikatuko dugu”. Hori bai, baldintza zera izan behar duela zehaztu du Arrillagak: “Argazkia ateratzerakoa, eguzkiarekin parez pare sekula ez jartzeko esaten da; bada, hain justu ariketa honetan horixe egin behar da”.
Iñaki Vicente - Urnieta
Erretratu pertsonalak gogoko dituen Vicentek hamabi emakume “Argi apalean” islatu ditu, eta horiek jarri ditu erakusgai. “Ezagutzen ditudan hamabi emakumeei modelo izateko proposatu nien. Gabonetako zuhaitzetan zintzilikatzen den led argi-katea bola-bola eginda eskuartean zeuzkatela, ilunpetan argazkiak atera nizkien. Argazki-saio bana egin nuen horrela. Nik argia eman, eta aske utzi nien, kamera aurrean nahi zuten begirada erakutsi eta gorputz-jarrera har zezaten”.
Vicente oso pozik dago lortutako emaitzarekin. “Modeloak ezagutzen ditut, eta esango nuke erretratuetan pittin bat islatzen dela beren nortasuna, edo, behintzat, horixe iruditzen zait nire interpretazio pertsonal subjetibotik. Denetariko begiratuak topa ditzakezu: mistikoa, transzendentala, indartsua, zorrotza, bihurria, naturala, sorgina… Argi-bola eusteko modu edo estilo desberdinek ere zer pentsatua ematen dute… Azken batean, iruditzen zait bildumak joko handia ematen duela ikuslearen irudimena piztu dadin; ikusle bakoitzak ñabardura asko atera ditzake erretratu bakoitzetik edo batzuk besteekin alderatuz, eta hortik aurrera, nahi dituen interpretazioak egin ditzake”.
Argazki bakoitzak atzean bere lan prozesua eduki duela adierazi du Vicentek: “Bakoitzarekin hogei bat argazki atera ditut, eta bakarra aukeratu dut gero, egokiena niri iritzirako. Emakumeak harritu egin dira beren erretratu pertsonala erakutsi diedanean, batik bat, beren irudia giro argi-ilun berezi horretan protagonista gisa ikusteagatik. Baina poztu ere egin dira, ez didate inongo trabarik jarri erakusketara eransteko; kontrara, ilusioa egin die”.
Vicentek erantsi duenez, ordu dexenteko lana eman dio argazki-bilduma osatzeak. “Eta ez niri bakarrik. Argazkigintza zertxobait badakienak agudo antzemango du lan prozesu luzea dagoela erakusketako argazkilari guztien bildumen atzean. Oraindik ere bada argazkiak klik batekin egiten direla uste duenik”.