Euskal Herriko eta Kataluniako entitate sozialek elkarlanean antolatutako lehen mobilizazio herritarra da: ANC Assemblea Nacional Catalana, FEEC Federació d’Entitats Excursionistes de Catalunya eta Gure Esku antolatzaile, eta Omnium Cultural eta Artistes de la Republica, laguntzaile. "Atlantikotik Mediterraneora. Euskal Herria eta Katalunia batuz, gure herrien autodeterminazio eskubidea aldarrikatuko dugu", horixe da Gure Eskuren asmo nagusia. Eta dagoeneko pirinioetakobidea.eus webgunearen bidez izena eman daiteke.
Ekimenarekin mezu zehatza zabaldu nahi dute, lau haizetara: "2022ko uztailaren 2an, katalan eta euskal herritarrok 300 gailurretik gora argiztatuko ditugu Pirinio osoan zehar. Farol bereziak eta linternak baliatuz, argi-lerro bat osatuko dugu Higer lurmuturretik Creusera, Atlantikotik Mediterraneora. Euskal Herria eta Katalunia batuz, gure herrien autodeterminazio eskubidea aldarrikatuko dugu. Mezu argi bat bidaliko dugu Pirinioetatik mundura: katalan eta euskal herritarrok libre eta burujabe izan nahi dugu, gure etorkizuna erabaki nahi dugu, eta herritarron borondatea entzun eta errespeta dadin eskatzen dugu. Ez gehiago, baina ezta gutxiago ere. Lurralde bateko herritarren gehiengoak estatu berri bat sortzea hautatuz gero, posible izan behar da herri borondate demokratiko hori bururaino eramatea. Demokrazia eta askatasun kontu bat da".
Ehun gailur argiztatu beharko dira, Euskal Herrian barrena: "Egun gailur argiztatzea baino askoz garrantzitsuagoa izango da guretzat berrehun herri aktibatzea. Mobilizazioak erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika Euskal Herri luze-zabalean indartzeko balio beharko du".
Gailur ‘berdeak’ eta ‘gorriak’
Gailur berdeak ez du aparteko zailtasunik izango, eta jende gehienarentzat izango da irisgarria. Honenbestez, izen-ematea irekia izango da. Gailur hauetan bilduko da jende gehien, baina aforo muga izango dute, masifikazioa saihestu eta ingurumena zaintze aldera. Gailur gorriak, aldiz, mendizale trebatuentzat soilik dira egokiak, eta horietara gerturatzeko espedizio-taldeak osatuko dituzte.