Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazteen gaineko batzar informatiboa egin dute Juanita Alkain plazan

Aiurri 2022ko ots. 5a, 22:41

Barbado eta Zelaia arabarrak 2019ko otsailaren 7an atxilotu zituen Ertzaintzak Audientzia Nazionalaren aginduz; lehergailuak eta armak helburu terorristekin edukitzearen akusaziopean. Sei hilabetez espetxean egon ostean, baldintzapeko askatasunean geratu ziren.

2021eko urtarrilean epaiketa eduki zuten Audientzia Nazionalean. Jasotako informazioaren arabera, 4 urteko espetxe zigorra, zaintzapeko urtebeteko askatasunera eta 10 urteko inhabilitaziora kondenatu zituzten. Abokatu eta fiskalak errekurtsoa jarri zuten, baina, egun epaiaren zain daude.

Honako hau adierazi du Ernai Gazte Antolakundeak:

Urtebete igaro da eta edozein unetan irits daiteke sententzia. 2022. urtean gaude, eta Euskal Herriak bake eta normalizazio bidean jarraitzen duen bitartean, Estatu Espainiarrak, PNV eta Ertzaintzaren laguntzarekin, euskal gizartearen eta gazteriaren aurka jarraitzen dute. Militantzia politikoan diharduen oro beldurtuz eta zigortuz.

Horregatik, bihar izan daitekeelako, adi etorriko diren mobilizazio eta deialdiei.

Eta garbi diogu borrokan jarraituko dugula, badela garaia euskal gazteria bakean uzteko eta ez dugula absoluzioa ez den beste epairik onartuko. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!