Mahai politikoa aurkeztu du EH Bilduk

Aiurri 2022ko ots. 6a, 10:36

EH Bilduren mahai politikoa: Joxean Barandiaran, Ana Carrere, Garazi Usandizaga, Aitor Ibarguren, Larraitz Arriola, Andoni Alvarez, Xabier Fondon, Ainara Audikana, Euken Villasante, Ainara Rodriguez, Jon Zulueta eta Esti Mujika.

Eskarmentu handikoak eta kide berriak elkartu ditu EH Bilduk, “Andoainerako etorkizuneko proiektu bat landu eta eskaintzea” helburu.

Tartean dira Joxean Barandiaran eta Ana Carrere alkate ohiak, Udal politikagintzan ibilbide luzea duten Ainara Rodriguez edota Esti Mujika, eta kide berriak: Aitor Ibarguren irakaslea edota Larraitz Arriola medikua.

“Garai berri baterako mahai politikoa” izenburupean, EH Bilduk bere asmoen berri eman du.

Garai berri baterako mahai politikoa

2021a urte garrantzitsua izan da EH Bildurentzat, bere jaiotzatik 10 urte betetzeaz gain, bigarren kongresua egin baitu.

Azken 10 urtetan EH Bildu Andoaingo lehen indar politiko bezala egonkortu da. 2011tik egindako udal hauteskunde guztiak irabazi ditugu, eta azken hauteskunde ziklo osoan ere lehen indarra izan gara (Europakoak, Eusko Legebiltzarrekoak eta Espainiar estatuko Kongresukoak). Udala gobernatzen eman ditugun zortzi urteek argi utzi dute zeintzuk diren gure lehentasunak: inbertsio estrategikoak, berdintasuna eta justizia soziala eta gobernatzeko modu ireki eta parte-hartzailea. Kongresuaren ondoren, jauzi handia egin dugu antolaketa-mailan. Apustu horren helburua da EH Bilduren ekintza-eremua zabaltzea. Udalean egiten dugun lanaz gain, proiektu sendoa eta etorkizunekoa eskaini nahi diogu gure herriari.

Hori izango da gure Mahai Politikoaren helburua, EH Bilduren lan instituzionala eta soziala dinamizatzea, eta Andoainerako etorkizuneko proiektu bat landu eta eskaintzea. Ezin dugu ahaztu urtebete pasatxoan egingo direla udal-hauteskundeak, eta, hauteskunde horiei begira, Mahai Politiko honek etorkizuneko programa erreal bat egiteko ardura izango du, eta baita EH Bilduko oinarriei hautes-zerrenda bat proposatzekoa ere. Udala berriz gobernatzea ahalbidetuko duen gehiengo nahikoa egituratzea izango da helburua.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!