Datozen urteetan 70 etxebizitza botako dituzte beste 266 egiteko

Mikel Arberas 2022ko ots. 11a, 13:41

Etxebizitza hauen proiektua aurrera eramateko 30 milioi euro erabiliko dira. Gainera, hiru eremutan egikarituko dira jarduketak: Etxeberrieta, Ama Kandida eta Agirialai (Zumea plaza atzeko aparkalekuan) auzoetan. Hala ere, Maider Lainez alkateak Lurralde Plangintza, Iñaki Arriola Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarekin elkartu beharko du proiektua sinatu eta ofizialki egingo dela ziurtatzeko. 

Etxeberrietan, udalerriko alde zaharraren barruan, hainbat fasetan egingo zaio aurre zonaldearen degradazioari: lehenik eta behin, 58 etxebizitza sozialen sustapena eraikiko da Zumea plazaren atzekaldeko aparkalekuan, botako dituzten etxebizitzetan bizi diren familiak birkokatzeko. Bigarren fasean Aita Larramendi kalean kokatutako etxebizitzak botako dituzte eta 108 etxebizitzako eraikin bat egingo da alokairu babesturako; eta, azkenik, ingurunea berrurbanizatuko da.

Bestalde, Ama Kandidan eta Agirialain Udalak lursailak lagako dizkio Sailari, etxebizitza babestuko sustapenerako espazioetan 80 eta 20 etxebizitza inguru, hurrenez hurren, eraikitzeko. 

Pedro Javier Jauregui Etxebizitza Sailburuordeak adierazi duenez, "alokairua norbanakoaren errentaren arabera ezarriko da ordaindu beharrekoa. Hau da, Etxebideko alokairua, gehienez, langilearen errentaren %30 izaten da". Maider Lainez alkateak "aukera ezin hobea" eta herriko "gune degradatu" bati bizi berri bat emateko aukera ezin hobea dela nabarmendu du.

Etxebizitza behar handia, datuak

Sailburuordeak emandako datuen arabera, erroldatutako 326 andoaindarrek egin dute alokairu publikoan sartzeko eskaera eta erroldatu gabeko 148 pertsonek. Hala ere, lehen etxebizitzak 2027 eta 2028 urteetarako egitea espero da; izan ere, lehenik eta behin, botako dituzten bizilagunak birkokatzeko etxebizitzak egin beharko dituzte Agirialai kalean.

Hala ere, Maider Lainez alkateak Lurralde Plangintza, Iñaki Arriola Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarekin elkartu beharko du proiektua sinatu eta ofizialki egingo dela ziurtatzeko. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!