"Edonork parte har dezake Kaldereroen kalejiran"

Xabier Lasa 2022ko ots. 17a, 12:46

Jesus Ibañez Andoaingo Kaldereroen Konpartsako kidea da; larunbatean iritsiko dira Andoainera. 

Nondik nora ibiliko zarete larunbat honetan?

Berrozpeko jolastokian geratu gara, 17:00etan. Aspaldiko usadioari jarraituz, konpartsa Juan Bautista Bataiatzailea zahar egoitzara abiatuko da zuzenean. Bertan, bizpahiru pieza joko ditugu Joxe Mari Oiartzabalek zuzenduta, bertan bizi diren egoiliarren eta langileen aurrean. Bertakoek asko estimatzen dute bisita, eta guretzat ere emozio bereziko aldartea izaten da.

18:00etan Goikoplazan kanpaldia ezarriko da, sua piztuta. Udal Musika Eskolako helduen abesbatzak konpartsarekin bat egingo du bertan, Katrin Iturraldek zuzenduta. Bospasei abesti interpretatuko ditugu plazan, 80 kiloko ingudeak markatzen duen erritmora. Ondoren, Zumea plazarako bidea hartuko dugu.

Konpartsaren karrozan doazen erregina eta bere dama zuekin izango dira, noski?

Bai, eta jakin izan dugunez, Erreginak Hungariatik hiru laguntzaile berezi ekartzeko asmoa omen dauka; Jexuxkovich Ibañezchenko, Josefin Antoniet Wellova eta Luzianof Molotof dira horiek. Herrian azken hilabeteetan gertatu diren gorabehera batzuei errepasoa egiteko gogoz omen datoz, ironia eta kritika erabiliz.

Konpartsako kide izan nahi duenak, zer egin behar du?

Ekitaldia irekia da eta edonork parte har dezake. Entsegu bakarra egingo da, ostegunean 19:00etatik aurrera, Basteron. Ongietorria izango da azaltzen den edonor.

Afari herrikoia ere antolatu duzue.

Errekaburu elkartean egingo da. Honako telefonoa jarri dugu, izena emateko: 679 043 812.

Konpartsak ezinbestekoa du musika, eta Gora Kaletxiki txarangak bete izan du arlo hori beti.

Halaxe da. Ezinbesteko hitzordua da guretzat Kaldereroena. Azken bizpahiru urte gorabeheratsuak izan ditugu Luxio Aranburu, Jose Luis Fernandez "Fitero" eta Pako Bidasoro kideren heriotzagatik batik bat, eta gainera pandemia egoerak ere bere ibilbidea denbora puska batean etetea derrigortu digu. Instrumentu jole berriak, gazteak zein helduak, gehitu zaizkigu azken aldian, eta pozik egoteko moduan gaude.

Zenbat doinuk osatzen dute zuen errepertorioa?

Kaldereroen kulturan ezagunak diren zazpi pieza: Hungariar Kaldereroen konpartsa, Kalderero hungariarrak lanean, Hungariar kaldereroen koroa, Hungariar kantua, Begi urdin bat, Gabiltza, eta, Andoaingo Kaldereroak. Joxe Mari Oiartzabalek konposatutako pieza da azken hori, espeziala kalejiran jotzeko.

Kaldereroen tradizioari Andoainen eutsi diozuen artean zaude. Herrian errotuta dagoela esango zenuke?

Donostian edo Tolosan dagoen bezainbat ez, egia esan. 80ko hamarkadan tradizioa abian jarri zenetik gorabeherak eduki ditu, eta ederki kostatzen ari da herritarren festen agendan sustraitzen. Hasierako urteak nahiko indartsuak izan ziren Ontza elkartearen babesean aritu ziren Felix Martinez de Lezea, Patxi Mendikute, Txena Arozena, Imanol Etxeberria, Joseba Arabaolaza eta beste zenbaiten eskutik. Baina apaltzen joan zen urteen poderioz, herriko beste ekitaldi batzuen antzera. Ahal dugun neurrian ari gara indarberritu nahian, merezi duela sinetsita, inauterien testuinguruan egoki kokatzen dena.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!