Sahararen alde hamar tona elikagai bildu dituzte

Xabier Lasa 2022ko ots. 17a, 12:52

Hurria Sahara elkarteak eskerrak eman dizkie andoaindarrei, bikain erantzun baitiote Saharako herriaren aldeko elikagaien bilketari. Elikagaietan ia hamar mila kilo jaso dituzte, eta egunotan kaxetetan antolatzen aritu dira bildutako guztia.

Arroza, lekalea, azukrea, atuna, pasta, konpresak, botikak…Denetik jaso dute Andoainen azken asteetan egin duten elikagaien bilketa-kanpainan. Hainbat saltokik hartu dute parte: Ondarreta eta Zumeako Eroski, Coviran Karrika, BM, Super Amara eta Teletxea. Parte-hartzaileen zerrenda horri Andoaingo farmaziak, Andoaingo ikastetxetako (Aita Larramendi, Ondarreta, La Salle Berrozpe eta ZINEVIk) ikasleak, Galardi Haur eskola eta Euskalduna futbol taldea erantsi behar zaizkio.

Bilketa amaitutzat eman ostean, egunotan, Hurria Sahara elkarteko kideak genero guztia sailkatzen eta kaxetan sartzen aritu dira Kaleberrian ireki duten egoitzan.

Andoainen eta Euskal Herriko beste makina bat herritan bildu den guztia Saharara bidaliko dute otsailaren 27an, horretarako antolatuko den karabanan. Ez dute edonolako eguna aukeratu, izan ere, 1976ko egun berean sortu baitzen Arabiar Errepublika Demokratiko Sahararra.

Oso pozik agertu dira Hurria Sahara elkarteko Miren Erkizia eta Ana Sanz kideak. “Janari saltokietan bilketa postuak jarri genituenean, ez genuen espero halako erantzunik. Aurrikusmen ez oso baikor hori edukitzeko, kontuan hartu genuen osasun-egoera larria eragiten ari den krisi ekonomikoa, batik bat (dela ostalaritzaren egoera, direla ERTEak lantegietan…). Elkarteko kideok ere aurten murriztu egin behar izan dugu kanpainaren nondik norakoa. Saltokietan ezin izan dugu beti bezainbateko lan presentziala egin, eta kalean mahaiak ere ez ditugu jarri”. Trabak traba, saltokietan jarri direnean, sahararrekiko elkartasuna eta gertutasunak bizirik segitzen duela egiaztatu dute.

Andoainen sustraitutako elkartasuna

Hurria Saharako kideak pertsona aski ezagunak dira herrian, Sahara aske baten aldarrikapen historikoarekin eta bere aldeko elkartasunarekin identifikatzen dira, eta horrek asko errazten du saltokietan dabiltzan bezeroek elikagaiak postutan uzteko keinua egin dezaten. “Pasadizo ugari konta ditzakegu “eskean” ibiltzearekin bizi izan ditugunak. Jendearen gizatasuna eta elkartasunaren maila erakusten digute. Urteak daramagu antzeko kanpainak egiten, baina oraindik ere emozioz gainezka jartzen gaitu zenbaitek edukitzen dituzten erreakzioekin. Badira familia-ekonomia larri-larri eduki arren, daukaten gutxi horretatik laguntza emateko prest agertzen direnak”.

Nazioartean, gatazka-lekuak zein errefuxiatuen kopurua ez da jaitsi, igo baizik, zoritxarrez, azken urtetan. Eta maila berean hazi dira elkartasun ekimenak. “Nolanahi ere, laguntza-eskaerak gehitu diren arren, Sahararekiko elkartasunak ez du behera egiten, Andoainen ez behintzat, eta pozgarria zaigu errealitate hori”.

Sanzek zein Erkiziak oso zail ikusten dute Saharako herriak burujabetza lortzea epe motz edo ertainera, nazioarteko komunitatearentzat Maroko estatu zapaltzaile eta giza eskubideen urratzaile gisa ez, baizik eta aliatu geo-estrategikotzat jotzen dutelako. Baina analisi hori kontuan hartu arren, ez dute etsitzen, eta elkartasunaren bideari eusteko konpromisoarekin darraite, inurrien moduko lan eginez, eta sinetsiz munduan, behingoz, arrazoi humanitarioek eta justiziazkoek nagusitu beharko liratekeela.

Behin elikagaien bilketa kanpaina atzean utzi ostean, Hurria Saharako kideek bertso-saioa antolatzeari ekingo diote. Honaino egindakoa bikaina izan da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!