"Sahara aldera itzultzeko asmoa daukagu"

Xabier Lasa 2022ko ots. 19a, 09:00

1976az geroztik Aljeriako basamortuan kokatzen diren errefuxiatuen kanpamenduetatik etorri dira; Tecber Awserd herritik, eta Chaia Smara herritik.

34 urtekoak dira, eta hilabete batzuk daramatzate Andoainen. Bay, Habub izeneko umea eskuetan zuela atera zen Saharatik; bigarren umea Extremaduran zela ekarri zuen mundura, hara iritsi baitzen lehenbizi. Brahim, aldiz, bakarrik heldu da Euskal Herrira; han Awserd herrian 11 eta 7 urteko bi ume utzi ditu, “telefonoz mintzatzen naiz berarekin, eta galdezka dauzkat, ea noiz itzultzen naizen. Laster, erantzuten diet”.

Brahim eta Bayri jaioterritik honako bidaian bizi izandakoa kontatzerik nahi ote duten galdetzerakoan, azalpenik ez ematea nahiago dute. “Oso latza” izan dela diote, beste xehetasunik ez dute eman nahi izan.

Familia eta jaioterria zergatik utzi dituzten atzean azaldu du Brahimek: “Osasun kontuek ekarri gaituzte hona; Bayk bizkarrezurra gaizki dauka, eta neuk belaunean arazo larria daukat. Euskal Herrian tratamendua jaso eta, onbidean jarri bezain pronto, berriro itzultzeko asmoa daukagu”. Munduko errefuxiatuen eta migratzaileen eskubideak defendatzen dituen ZEHAR (CEAR) erakundearen laguntzarekin heldu dira Euskal Herrira.

Andoainen ezagutu dute elkar, eta lauak, bi helduak eta bi haurrak, etxe berean bizi dira orain. Pozik daudela dio Brahimek, “egonaldia eramangarriagoa egingo baitzaigu elkarren arrimuan”. Migratzailearen patua bizi dute: etxetik urrun eta leku arrotzean bizi den herritarraren ziurtasunik gabeko bizimodua, alegia. “Horrexegatik, berebiziko garrantzia edukitzen du gertu edukitzea hizkuntza, ohiturak eta kezka berdintsuak partekatzen dituen jendea. Zorionekoak gara alde horretatik”.

Tecber Brahimek goiza Donostian igarotzen du gaztelaniazko klaseak jasotzen; Chaia Bayk etxean umearen zaintzan eta etxeko lanetan, eta, arratsaldeetan, Zumea plazara hurbiltzen dira zenbaitetan, Habub ikastolan egin dituen lagunekin jolasteko gogoz egoten baita.

Azken horrek herritarrekin harremanetan jartzeko apenas eduki dutela aldarterik aitortzen du: “Denbora behar izaten da konfiantza pixka hartzen joateko, eta bertakoen edozein keinu asko estimatzen du kanpotik heldu denak. Nire kasuan, Udane Aita Larramendiko andereñoa, Amaia gizarte zerbitzuetako langilea eta Amaia hiribuseko langilea, hiru pertsona horiek gertutik ezagutzeko aukera eduki dut; hirurak ere modu zoragarrian ari dira jokatzen gurekin”.

Bakartasun sentimendua, hausten

Kostatzen ari zaie gizarte arrotzean bizitzearen eta babesgabetasunaren sentsazioak arintzen, eta, horrexegatik, Bayk egundoko pozaldia hartu zuen orain aurretik Miren Erkizia Hurria-Sahara elkarteko kidea kalean ezagutu izanagatik. Erkiziak azaldu du nola izan zen elkar topo egitea: “Saharako emakumeek soinean eraman duten meljfa jantzi koloretsu tradizionalarekin ikusi nuen kalean, eta “zu sahararra al zara? galdetu nion, atrebentziarekin. Eta baietz erantzun zidan”. Bayk erantsi duenez, biak ere begiratu konplizeak gurutzatu, eta emoziozko malkotan lehertu ziren. “Saharako herriaren berri daukan jendea munduan topatzeak, ez dakizue ondo zenbat asebetetzen gaituen! Gu ez gara lotsatzen sahararrak izateaz, eta meljfa jantzita nahita ibiltzen gara kalean, Saharan gatazka politiko larria bizi dugula eta bertakoak askatasunaren eta bakearen ameslariak garela adierazteko”.

Erkiziak euskal herritarrek eta sahararrek azken hamarkadetan bizi izan duten aparteko senitartekotza baieztatzen du. “Euskal Herritik erakundeen ordezkariak eta herritarrak bisitan askotan joan izan gara. Eta hori baino ariketa pedagogiko eraginkorragorik ez dago sahararrek bizi duten injustiziaz kontzientzia hartzeko, eta gero Euskal Herrian haien alde jarduteko. Haien alde lan praktikora jotzen dugu, eta premiazkoak dituzten mota askotako artikuluak eskura jartzen dizkiegu: elikagaiak, botikak, jantziak…”. Bayk gehitu duenez, ez da harritzekoa izaten bere lanpostuan Osakidetzako ikurra daramaten jantziak edo kalean Ertzaintzaren autoak ikusteak.

Itzultzea, helburu

Saharako gazte askok jaioterria utzita munduko beste herrialdeetara bidaiatzen dute ikasketak edo oporraldiak egitera. Goiz ala berandu, ordea, itzuli egiten dira gehienak-gehienak. Errefuxiatuen kanpamenduetan bizi duten egoera larria beste herrialde horietako “luxuzko” bizimoduarekin alderatzeko aukera edukitzen dute. Beharbada tentaldia eragingo die mundu zabalean ikusten dutenak, baina itzuleran besterik ez dute pentsatzen.

Horretan dira bi elkarrizketatuak; etxeratzekotan, beren osasuna sendatze bidean jarri bezan pronto, alegia. Lehenak bere herriko udaletxean lan egiten du, eta bigarrena erizaina da Smarako herriko ospitalean. Bi arrazoi dauzkate itzuli nahi izateko: “Familiarekin berriro elkartzeko berebiziko gogoa edukitzeaz aparte, herrikideen zerbitzura dauden bi lanpostu horietara itzultzeko konpromisua sentitzen dugu. Guztiok familia bat izatearen sentimendu kolektiboa daukagu; gerran, Marokoko gobernuari berdin izango zaio bere gazteak hiltzea, baina, guretzat, bat bakarra hiltzea familia-tragedia gisa sentitzen dugu”.

Alde horretatik, mendebaldeko herrialdeetan ohikoa den afrikar jatorriko migrazioaren fenomenoak, baditu berezitasunak Saharako herritarren kasuan. “Iruditzen zaigu migrazio gehien-gehiena etorkizunean bertan geratzeko asmotan etorria dela. Andoainen esate baterako, Marokoko migrazio dezentea ikusten da; emakume bat gure bizilaguna da, eta lehengoan garbi adierazi zigunez, berak eta bera bezalako askok ez daukate itzultzeko batere pentsamendurik”.

Elkarrizketa honaino iritsita, ia derrigorrezkoa zaigu bi sahararrei galdetzea ea zer moduz moldatzen diren Andoainen bizi diren marokoarrekin. Brahimek erantzun du: “Marokoarren artean denetariko iritziak topa ditzakezu. Baina guk ondo bereizten dugu Marokoko gobernu zapaltzailea, eta, gobernu horren politikak eragindako miseria sozialagatik migratzea erabaki duten marokoarrak”.

Gatazka odoltsuaren ondorioak

200.000 bat pertsona bizi dira Tindufeko errefuxiatuen kanpamentuetan; basamortu babesgabean bizi ere, muturreko baldintza klimatologikoak jasanez: 50 graduko beroaldiak, harea-ekaitzak... Bizi-baldintza horiei gehitu behar zaizkie 2020ko urriaz geroztik Fronte Polisarioaren eta Marokoko ejertzitoaren artean berpiztu den gerra eta bere ondorio odoltsuak. Biek gertu-gertutik bizi dute Saharako errefuxiatuen bizimodu latza.

Beharbada, Bayk bizi du eguneroko errealitatearen arpegirik krudelena, erizaina den aldetik: "Dauzkagun baliabide teknikoak ez dira punta-puntakoak, baina berebiziko eginahala egiten dugu herrikideen ongizatea hobetzeko. Pertsonen aurkako minaren batek hankak edo besoak moztuta datozenak, eguzki-galdak zorabiatutakoak, sugeen hozkada jasandakoak eta abar artatzea egokitzen zait. Latzena, pertsonen aurkako minen eragina izaten da, umeak direnean, batik bat. Izan ere, Marokoko ejertzitoak 2.700 kilometroko horma militarraren inguruetan eta sahararrek askatutako eremuetan milaka mina ezarrita dauzka, eta euri-jasa bortitzek sortzen dituzten erreken menpe geratzen dira; horrela, errekek minak basamortuko hondarrean edozein lekuetara sakabanatzen dituzte”.

Edozein formatan fabrikatzen dituzte minak; jostailuen itxura ere hartzen dute, eta Bayk bere herrialdeko haur ugari ikusi izan du gorputzeko atalen bat faltan: “Iraganean mingarriak egiten zitzaizkidan halako giza tragediak, baina, orain, ama naizen aldetik, bereziki sufritu egiten dut, ezin naiz ohitu errealitate horretara, osasungintzako profesionala izan arren”.

Oraindik orain, ur-putzura erori zen bost urteko Rayan marokoarra etorri zaio gogora Bayri. “Marokoko gobernuak egundoko baliabideak erabili ditu haurra erreskatatzeko; propaganda ariketa hutsa izan da hori, haurren biziarekin oso sentibera dela mundu osoan zabaldu nahi izan baitu. Jarrera horri kontrajarriz, ordea, ez dio batere axolarik Saharako haurrak erailtzea”.

Biek ala biek erantsi dutenez, Marokoko Mohamed VI. monarkaren erregimenak eginahalak eta bi egin izan ditu beti, Sahararekin daukan gatazka ezkutatzeko, eta nazioartean ez zabaltzeko. “Gerra piztuta dago 2020ko urriaz geroztik, eta hilketak izaten ari dira borrokaldi militarretan nahiz Marokoko hegazkinek populazio zibilaren kontra egiten dituen bonbardaketetan, baina inondik ere ez zaio interesatzen munduak jakin dezan gertatzen ari dena. Okupatuta dauzkan Saharako lurraldeetan ere gure herrikideen kontrako zapalkuntza latza ematen ari da polizien eta kolonoen eskutik (atxiloketak, torturak, mota guztietako bazterkeriak…)”.

Nazioarteko komunitateak, eta, bereziki, AEB, Frantzia eta Espainiako gobernuen jokabide historikoak sahararrei amorrua ematen dietela azpimarratzen dute elkarrizketatuek. “Giza eskubideen defentsaren gainetik interes geo-estrategikoak hartzen dituzte aintzakotzat, eta Maroko ezinbesteko aliatutzat jotzen dute. Epaileek azken aldian bitan adierazi diote Europako Batasunari Marokorekin ezin duela hitzarmen ekonomikoak egin arrantza-bankua edo fosfatoaren erreserbak ustiatzeko, horiek Sahararenak direlako, baina ez diote kasurik egiten”.

Bestela ere, Marokok neurria ondo hartuta omen die nazioarteko herrialde horiei: “badaki nola presionatu haiek; esate beterako, nahi duenean, Espainiari mugak irekitzeko mehatxua egiten dio. Espainiaren jarrera egiten zaigu mingarriena guztien artetik, 1976an Marokoren esku utzi baikintuen, eta Nazio Batuen Erakundetik planteatu izan den konponbidearen aurrean berak baitauka erantzukizunik handiena”.

Nazioartean panorama etsigarri hori ikusita, ea itxaropena ez zaien agortzen ari galdetuz gero, ezezko biribilarekin erantzuten dute biek. “Ez zaigu beste erremediorik geratzen. Gu biok Tindufeko kanpamenduetan jaiotako belaunaldikoak gara. Sekula ez dugu Sahara aske bat ezagutu, baina badakigu gurekin dagoela justiziaren eta giza eskubideen defentsa".

Adierazpen instituzionala

Andoaingo Hurria Sahara elkarteak adierazpen instituzionala proposatu du Andoaingo Udalak otsailaren 24ko udalbatzan azter dezan. Otsailaren 27an, saharar herriak Saharako Estatuaren (Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa-RASD) sorreraren
46. urteurrena ospatuko du, eta egun seinalatu horren harira aurkeztutako adierazpena da. Aldi berean, bi eskaintza egiten dizkio Udalari: Batetik, adierazpena onartuz gero, nazioarteko erakundeei helaraztea. Eta bestetik, otsailaren 25etik 28ra Saharako bandera udaletxeko balkoian zintzilikatzea.

Hurria Sahara Elkarteak udaletxean aurkeztu duen idatzian, 1975etik luzatzen den Mendebaldeko Saharako gatazkan lurralde okupatuetan bizi diren biztanleek eta baita Tindufeko errefuxiatuen kanpamentuetan bizi direnek giza eskubideen urraketak pairatzen dituztela gogoratzen da, eta azken aldian gertatutako zenbait gertakizun aipatzen dira. Adierazpen osotik nabarmenena, honakoa: “Berresten dugu Fronte Polisarioa dela Saharako Herriaren ordezkari legitimoa eta bakarra, NBEk eta nazioarteko komunitateak hala onartuta. Berriro salatzen dugu Marokok Mendebaldeko Saharan duen presentzia legez kanpokoa dela, eta ezin duela eragin juridiko edo politikorik izan saharar herriak autodeterminaziorako eta independentziarako duen eskubidea kaltetzeko. Baieztatzen dugu Mendebaldeko Sahara Lurralde Ez Autonomoa dela, Nazioarteko Zuzenbidearen menpekoa, inoiz ez da Marokoko Erresumakoa izan, eta, horregatik, Mendebaldeko Sahararen legez kanpoko okupazioa bertan behera uzteko eta Saharako Herriak autodeterminaziorako duen eskubidea gauzatzea ahalbidetzeko exijitzen diogu.

Marokoko Erresumari exijitzen diogu saharar preso politikoak eta kontzientziako presoak berehala aska ditzala eta kontrolatzen dituen espetxeetan giza eskubideen urraketak eten ditzala, presoen osotasun fisikoa eta psikikoa bermatuz. Era berean, elkartasuna adierazten diegu haien familiei.

Erabat gaitzesten dugu Marokoko Gobernuak bere itsas eremua Mendebaldeko Saharari zuzenean eragiten dioten uretan ezartzeko hartutako aldebakarreko erabakia, Nazio Batuen Erakundearen Itsas Eskubideei buruzko Konbentzioan adierazitakoa eta Marokok onartu duena urratuz.

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak Mendebaldeko Saharan Marokoko Gobernuak emandako epaiak gorabehera, baliabide naturalen espoliazioa salatzen dugu, eta zonaldean jarduten duten enpresei nazioarteko zuzenbidearekiko eta sahararren eskubideekiko errespetua exijitzen diegu, interesatuei (enpresei eta herrialdeei) Saharako Herriaren ordezkari legitimoarekin, Fronte Polisarioarekin, negoziazioei ekiteko eskatuz.

Nazio Batuen Erakundeari eskatzen diogu lehenbailehen susta dezala Mendebaldeko Saharako gatazkaren konponbide justu eta behin betikoa, eta irtenbide hori erreferenduma eginez saharar herriaren autodeterminazio-eskubidea praktikara eramatea da”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!