"Gauza handiak lortzeko aukera ikusten dut"

Mikel Arberas 2022ko ots. 20a, 09:00

Eski munduan nabarmendu ostean, triatloira jauzi egin du hamazortzi urteko kirolari gazteak. Kirola du pasio, matematikako ikasketak bazterrean utzi gabe.

Hasteko, zein taldetan lehiatzen duzu eta zein modalitatetan?

Aurtengoan, triatloiaren modalitatean lehiatzen hasi naiz, batez ere, Sprint modalitatean. Portugaleteko Alusigma Peñota Dental triatloi taldeko kide berria naiz.

Nolatan jarri zen Portugaleteko triatloi talde zurekin kontaktuan?

Pasa den urtera arte, Yepa Triatloi taldeko kirolaria nintzen, baina urrian nirekin kontaktuan jarri ziren Instagram bitartez. Taldeko zuzendariak aipatu zidan, Alusigma taldeko partaide izateko interesa zuela. Eskaintza interesgarria iruditu zitzaidan, beraz, zuzendariarekin geratu nintzen kafe bat hartu eta gehiago jakiteko; guztia azaldu ostean, eta, taldearen maila ezagututa, baiezkoa esan nuen.

Zer moduzkoa da taldea?

Alusigma taldea oso lehiakorra da. Hasteko, nabarmendu beharra dago triatloiko lehen mailan lehiatzen duen taldea dela; hori gutxi balitz bezala, iaz, Espainiako txapeldunak izan ziren Distantzia Luzeko modalitatean, emakumezkoetan zein gizonezkoetan. Nire modalitatean, emaitza onak lortu dituzte azken urteetan. Aurten, aukera ikusten dut gauza handiak lortzeko.

Nola entrenatzen duzu?

Pasa den urtean Jon Unanue entrenatzaile pertsonalarekin kontaktuan jarri nintzen bere zerbitzua jaso ahal izateko, izan ere, kirolari gehiago entrenatzen ditu, esperientzia handia du. Eskarmentu handiko kirolaria dela nabari da, oso gustura nago.

18 urte ditut, asko dut ikasteke eta, oraindik, garapen bidean nagoela esan nezake. Gauzak horrela, entrenamenduak nire egoerara moldatzen ditu, gogorrago edo arinago entrenatzen nau txirrindularitzaren, lasterketaren edo igeriketaren arabera.

Nola tartekatzen dituzu ikasketak eta entrenamenduak?

Leioako kanpusean matematika ikasketak egiten ari naiz eta, zorionez edo zoritxarrez, klaseak arratsaldez ditut; gauzak horrela, normalean, klaseak eguerdiko ordubietatik arratsaldeko seiak arte edukitzen ditut. Leioatik irten bezain pronto igeriketa talde batekin entrenatzen aritzen naiz. Goizetan, berriz, ikasteko eta lasterka entrenatzeko antolatzen naiz.

Ba al duzu aurreikuspenik denboraldiari begira?

Lehenik eta behin, Espainiako txapelketan parte hartuko dut. Avilara joan behar dut apirilean Sprint modalitateko duatloian lehiatzera. Bost kilometro lasterka, hogei kilometro bizikleta gainean eta, berriro ere, bi kilometro eta erdi lasterka egin beharko ditut. Lehiatzeaz gain, parte hartzaileen maila aztertzea dut xede, nire kasuan juniorretan. Epe ertaineko helburua, triatloieko Espainiako txapelketan parte hartzea da, urrian izango da.

Zein da zure anbizioa?

Elitean lehiatzea gustatuko litzaidake, ahalik eta maila altuenean. Datorren urtean 23 urtez azpiko mailan sartuko naiz, eta, beraz, Elitean lehiatzeari ekingo diot. Maila horretan eman nahi dut nire onena. Ez da batere erraza izango, baina gogo bizia dut. Fisikoki memento onean nagoela uste dut.

Arestian eskian ere lehiatzen zenuen, baina indar guztiak triatloira bideratzeko erabaki hartu duzula dirudi...

Oso gustuko dut eskiatzea, baina Alusigma taldeak egindako eskaintzari uko egitea ezinezkoa zitzaidan. Denbora luzez aritu nintzen pentsatzen. Egia da triatloian murgilduz gero, entrenatzeko ingurune egokian bizi naizela; etxetik irtenda korrika edo bizikletan ibiltzen has naiteke. Bestalde, eskiaren kasuan, mugatuta bizi nintzen; urrutira joan behar nintzen entrenatzera eta denboraleak erabat baldintzatzen ninduen.

Aita kirolari handia da. Asko poztuko zen Alusigma taldea zurekin kontaktuan jarri zela ohartzean, ezta?

Nire aitak kirolari fina da, beraz, aholku baliagarri ugari eman dizkit urteetan. Berak murgildu ninduen triatloiaren, eskiaren eta lehiaren munduan. Alusigma taldea nirekin kontaktuan jarri zenean, aitarekin hitz egiten aritu nintzen eta argi esan zidan: "Aimar ez galdu aukera hau, pentsatu gabe egin aurrera".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!