Gazteen artean euskararen erabilera sustatu eta sormena bultzatzeko helburuarekin antolatzen da “Andoain Laburrean” bideo-lehiaketa, eta Andoaingo Euskara Saila eta Zine eta Bideo Eskola dira bere bultzatzaileak.
Aitor Eliasen Eta orain zer lan irabazleari dagokionez, bere ikuspuntu berritzailea nabarmendu du epaimahaiak. Hain zuzen, “off-eko ahots batez baliatuz eta kamera orijinaltasunez kokatuta, ikastetxe eta ikasturte berri baten hasierakoan edonork senti ditzakeen bizipenak islatzeari” eman diote balioa.
Unai Garciaren Copernicus bigarren sarituaren gainean, berriz, “egungo bizimoduari, robot pertsonaia baten bidez, egiten zaion kritika berezia egiteagatik”, nabarmendu du epaimahaiak.
Ikuslearen Saria, azkenik, Asier Arrieta eta Ibai Muñozek elkarrekin sortu duten Martin Ugalde lanak eskuratu du; Andoaingo idazle eta kazetariaren zenbait bizipen jasotzen dituen lana da. Aurten, lehenengo aldiz, andoaindarrek ikusleen saria bozkatzeko aukera eduki dute web bidez, eta 440 pertsonak bozkatu dute.
Alexander Huitzi euskara zinegotziak lehiaketara aurkeztutako bideo lanen artean nagusitu diren zenbait gai azpimarratu zituen, Basteroko ekitaldian: “aurtengo edizioan, berriz ere gazteon kezkak eta beldurrak argitara atera dira. Etorkizuna nolakoa izango ote den, denboraren indarrak zein ondorio izango dituen edo familia eta maitasunaren gorabeherak izan dira beste urte batez laburmetraien gai jorratuenak”.
Martin Ugalde gaitzat
Ekitaldia aurkeztu zuen Ainhoa Aiertzak aurtengo edizioko ezaugarrietako bat Martin Ugalderen aipamena dela gogoratu zuen, “gaia eta generoa libreak izan dira, eta Anjel Lertxundik idatzitako Martin Ugalderi buruzko Herriminak Prosak liburuak azaldu behar zuen, izan zeharka, izan istorioaren elementu garrantzitsu gisa”. Euskaltzale andoaindarraren bizitza eta lanari keinu berezia egin nahi izan zaio, era horretan.
Epaimahaia Jokin Jimenez errealizadore eta Odeun Media ekoiztetxeko zuzendariak, Olatz Beobide aktore eta zinema, antzerki eta telebista zuzendariak, eta, Jonathan Sedeño Ozzinema zineklubeko kideak osatu dute.
Ekitaldiari amaiera biribila emateko, antolatzaileek Aitor Gametxo zinemagile gaztea gonbidatu zuten, Basterora hurbildutako publikoak berak egindako Berak baleki lana ikusteko eta komentatzeko aukera izan zezan. Aurtengo Kimuak izeneko euskal sortzaile gazteen bideo laburren bilduman parte hartu du Gametxoren laburmetraiak.