Ia bi hilabete eskas geratzen dira Santakrutz jaiak ospatzeko. Asko dira egingo ote diren galdetzen dutenak...
Egingo dira, bai. Baldintzatuta egongo dira mementoan mementoko egoerara, baina modu ohikoago batean egingo direla zalantzarik ez egin.
Esanak esan, gogo handia dugu bi urteren ostean, herriari behar bezalako Santakrutz jaiak eskaintzeko.
Jada, festak antolatzeko lanean ari zarete eta bilera ugari egin dituzue, ezta?
Hasiera batean, jaiak ohiko moduan antolatzen hasi ginen eta, badaezpada, ordezko plan bat egitea pentsatu genuen, pandemia medio. Udalaren aldetik, hainbat ekimen egiteko ezetza jaso genuen, baina, bat-batean, neurri murriztaileak kendu eta inauteriak egingo zirela jakin genuen; horrek eszenatoki berri batera eraman gintuen. Egun, normaltasunez antolatzen gabiltza.
Santakrutzetako talde-eragileek nolako jarrera azaldu dute jaiei begira?
Pasa den astean, eragileekin elkartu ginen festen gainean duten iritzia jakiteko; gogo bizia dute Santakrutzetan parte hartzeko eta bilera baikorra izan zen. Horrez gain, inauteriak ospatzearekin batera, Santakrutzak normaltasunez antolatzeko itxaropena handia da.
Egia da, ekitaldi jendetsu batzuk egiteko formula bilatzen ari garela; esaterako, sagardodastaketarena edo bazkariena. Izan ere, jende ugari pilatzen den hitzorduak dira. Horrez gain, Udaletxeak zer egiten edo ez egiten uzten digun jakin behar dugu. Hala eta guztiz ere, gu prest gaude egitarau ohiko moduan plazaratzeko.
Oraindik ez-ohiko egoeran gaudela medio, bost eguneko egitaraua antolatzea ez da lan erraza izango. Laguntzarik jaso al duzue herritarrengandik eta Udalarengandik?
Sorpresa polita izan da herritar eta eragile batzuk erakutsi duten konpromezua. Esaterako, Kuadrilla Eguneko antolaketa taldean hainbat gazte batu dira laguntzeko prest. Talde-eragileek ere gogo bizia erakutsi dute Santakrutzak ahalik eta ondoen ospatzeko.
Bestalde, Udalarengandik jaso dugun partida ekonomikoa 2019ko berdina da (~30.000) eta erosahalmena izugarri jaitsi dela medio inurri-lana egin beharko dugu jaiak diru gutxiagorekin antolatzeko. Udaletik esan ziguten, aurrekontua onartu arte, Santakrutzak antolatzeko dirukopurua aurkezteko aukera egonen zela, prezioen igoera kontutan edukita. Jaso genuen mezua baikorra izan zen hasiera batean, baina aurreko astean ezezkoa eman ziguten.
Laburbilduz, 2019ko partida ekonomiko berdinarekin 2022an jaiak antolatzeko ahalmen ekonomikoa askoz ere txikiagoa da. Bide batez, aipatu nahiko genuke, Santakrutzetako jaiak antolatzeko diru kantitatea txikia izan arren, auzoko beste festen diru partida askoz ere txikiagoa dela. Auzoko festak gauzatuko badira, herritarren boluntaritzagatik izango da, ez digu inork soldata bat ordaintzen, herri- Jai Batzordeko hainbat kide, aste honetako bileran herrigintza da.