Udalak utzita, Balastrain-Matxineako industrialdean dagoen biltegi batean bildu dituzte beren orgak, talde gehienek. Bertan topatu ditugu Kolokaitos taldeko kideak azken prestaketa lanetan murgilduta, eta Iban Guiradok azaldu dizkigu asteburuari begirako xehetasunak.
Bereziak izango dira aurtengo inauteriak; ohiko desfilerik ez da izango, osasun egoera dela-eta. Horren ordez, zortzi orgak herriko plazetan sakabanatuta ibiliko zarete. Zer iruditzen formatu berria?
Dagoenari heldu behar zaio! Halabeharrez asmatutako berrikuntzak funtzionatzen duen ala ez ikusteko, probatu egin beharko da lehenbizi. Larunbat arratsaldean ohiko desfileari ekin, eta 19:00ak aldera Goikoplazara iritsita festak kitto egitea izan zen Udalaren lehen proposamena, baina taldeek ez genuen egokia ikusi. Azkenean, larunbat goizean hasi eta igande bitarte karroza bakoitzak plaza bat hartzea izan da aukerarik bideragarriena. Horrela, talde bakoitza dagokion plazan ibiliko da, soilik larunbat iluntzean Goikoplazan bilduko gara zortzi orgak. Hori bai, gaueko 21:00etarako festa bukatutzat ematea egokitzen zaigu.
Zuek nondik ibiliko zarete?
Larunbat goizean hasita eta igandea bitarte, lau plaza egokitu zaizkigu: Goikoplaza (goia), Zumea plaza, Goikoplaza (behea) eta Bastero plaza.
Zer esango zenieke desfile ikusi zaleak diren herritarrei?
Plazaz plaza ibili dadila, gozatu dezala kuadrilla bakoitzak prestatu dituen mozorroekin, koreografiakoarekin, ikuskizunarekin…, eta gorputzak eskatzen badio, murgildu dadila kuadrillaren giroan. Eta gainerantzean ere, beren aldetik antolatu dezatela inauteriak nahi duten eran, dauden festarik herrikoienak eta parte-hartzaileenak baitira.
Jakin al liteke zuek zertaz mozorrotuko zareten aurten?
“Alice Mirarien Herrialdean” hartu dugu gaitzat. Karakterizazioari dagokionez, emakumeak “Bihotzetako erreginak” izango dira, eta mutilak “Kapela eroak”. Koreografia txukun samarra prestatu dugu, lau bat abestiez osatuta. Entseguak egin, egin ditugu, eta duin nahiz zabar dantzatu, hitz ematen dut ikuskizuna ziurtatuta daukala hurbiltzen den publikoak.
Nola ibili zarete aurten, zuen karroza antolatzeko?
Orain hiru bat urte karabana zahar bat erosi genuen inauterietan espreski erabiltzeko, eta bere gutxieneko mantenimenduaz gain, urtero egokitzen zaigu prestaketa lanak egitea, hau da, apaintzea, margotzea, elementu berriak eranstea… Egia esan, iraila aldera ekiten diegu antolaketa lanei: diru-eskotea sortu, gaiaren inguruan irudimena astintzen hasi, mozorroak erosi… Ardurak gure gain hartzen ditugu, baina aitzakia polita izaten da lagunok elkartzeko egitasmo dibertigarri baten inguruan.
Igandean Poperoak, Lupercales eta zuek animatu zarete igandera arte luzatzeko inauteri giroa.
Hamairu lagunek, heldu zein haurrek osatzen dugu kuadrilla. Familia-giroko inauteriak dira gureak, eta ez daukagu aukera askorik larunbat gauean ordu txikietan segitzeko parrandarekin; horrek inauteriak igandera bitarte luzatzea errazten digu. Azken urtetan, jai batzordean igandea indartzearen alde matraka eman dugun taldeetako bat izan gara. Oso hutsa geratzen baitzen, larunbateko jai potoloaren ostean. Zorionez, azken bi urtetan lortu zen herri-bazkaria antolatzea, eta nik uste frogatuta geratu zela formula egokia dela festa gogoari eta festa giroari jarraipena emateko, eta batez ere, kuadrillen arteko harremanak sendotzeko. Egoera normaltzen denean, bazkariaren ideia berrabiarazi egin beharko litzateke. Urtez urte sustraitzen joango litzateke Andoainen.