"Denborarekin nire estiloa garatzen joan naiz"

Xabier Lasa 2022ko ots. 25a, 09:41

Konposatzaile gazteei begira, Luis Fraca saria irabazi berri du Uxue Ricon Ulanga Andoaingo Piano Jaialdian. Urnietako musikaria pozarren dago, konposatzaile lanagatik saritu dutelako.

Luis Fraca konposizio saria irabazi duzu berriki, Piano Jaialdian. Nola hartu duzu saria?
Pozik, jakina! Arrazoi bat baino gehiago dauzkat sentimendu hori edukitzeko: sortu zenetik, gertutik bizi izan dudan Andoaingo Piano Jaialdian eman didate saria, eta, gainera, sormen-lanen bidetik segitzeko bultzada izango da. Bestalde, sariak badauka bestelako berezitasunik: Andoaingo udal musika eskolako zuzendari izandako Luis Fracaren izena darama sariak. Izan ere, nire amaren irakaslea izan zen, eta gogoratzen naiz, 8-9 urte nituela, nola etorri zen behin etxera, bisitan. Etxeko pianoaren aurrean jarri, eta berari oso gauza sinplea jotzea atera zitzaidan, modurik naturalean. Gizon apala eta atsegina zen, eta uste dut sinpatiaz hartu zuela nire bat-bateko erakustalditxoak. Gogoeta egiten dut, eta ateratzen dudan ondorioa da musika gizakien arteko harremanak pizteko eta sakontzeko balio duela.

Ikusten da oso goiz barneratu zenuela konposatzeko dohain hori.
Bost urterekin hasi nintzen pinoa jotzen, eta, bi urteren buruan, nire soinu propioa bilatzen hasi nintzen; ekintza inkontzientea izan zen. Ez ziren gauza harrigarriak hasieran, baina, denborarekin, eta, pixkanaka, nire estiloa garatzen joan naiz.

Pieza mordoa al duzu sortuta, honezkero?
Bai. Batzuk jada idatzita dauzkat, baina beste batzuk partituretara eramateko edo garatzeko ditut.

Estilo propioa lortu duzula esan al daiteke?
Aurreko batean lagun batek, nire musika definitzeko orduan, Rajmananinoven eta Pat Methenyren arteko nahasketa dela adierazi zidan. Gogoko ditut bi musikariak, eta nire sormen- lanak ezingo nituzke finkatu musika genero bakarrean.

Zerk inspiratzen zaitu?
Sentimendu edo emozio pertsonalak baino gehiago, eguneroko bizimodua. Esan behar dut kontrolaezina egiten zaidala sormen prozesua.

Burutik pasa al zaizu sortutako piezekin noizbait kontzertua ematea?
Ez dut baztertzen egunen batean hala egitea. Baina oraingoz, doinuak sortzea eta idazten segitzea dagokit. Eta gerokoak gero.

Musika ikasketei dagokionez, nolako ibilbidea egin duzu?
Andoaingo Udal Musika Eskolan hasi nintzen, eta gero Urnietako Lourdes Iriondo Musika Eskolan jarraitu nuen. 12 urterekin, Donostiako kontserbatoriorako jauzia eman, eta bertan sei urte egin nituen, musikako titulu profesionala lortu arte. Ondoren, Filologia Hispanikoa karrera eta irakaskuntzako masterra egin nituen.

Oso gertutik bizi izan duzu beti Andoaingo Piano Jaialdia.
Nola ez, txikitatik piano-jole izanik eta nire ama antolakuntzan egonik! Jaialdiak izugarrizko dimentsioa hartu du gazteen erakusleiho gisa, eta ospe handia bereganatu. Baina ez da galdu hastapenetik bere-berea izan duen familia-giroko filosofia hori.

Amak –Myriam Ulanga– etxera ekarri ohi ditu antolaketak eragiten dituen buruhausteak, eta bikain datorkio entzungo dion pertsona gertu edukitzea. Bestela ere, jaialdiko arima diren Txitxu Castrok, Ainhoa Aiertzak eta hirurek laguntzaile taldea behar izaten dute atzealdean, eta neu ere laguntzen ahalegintzen naiz. Zenbait edizioetan, jaialdiko kartel ofiziala diseinatzea ere egokitu zait; 2006ko lehenbiziko ediziokoa, edota azken urtetakoak, nik eginak dira.

Lan bikaina egiten ari da pianoaren zabalkundean.
Piano elitearen instrumentua izatetik, herrikoia izatera igaro da, jende mota guztietara hurbildu da pianoa, eta eginkizun aberasgarri horretan erantzukizun handia daukate musika eskolek, eta baita Andoaingo Jaialdia bezalako ekimenek ere.

Interpretatzaile izatetik konposatzaile izatera ordea, badago aldea…
Musika komertziala nagusi da egun, eta pianoa kanpoan geratzen da. Ahotsa, gitarra eta bateriaz osatutako taldea osatzea da ia beti lehenbiziko aukera, eta horretara bideratzen da sorkuntza gehiena. Apenas sortzen da errepertorio berria pianoarentzat.

Iruditzen zait, berez, pianojotzaile gazte guztiak saiatzen direla sonoritate propioa esperimentatzen eta bilatzen, ni hasi nintzen eran. Baina, gero, gehienek ez dute bide horretatik jarraitzen. Arrazoi desberdinengatik: motibazio edo denbora falta, ezertarako ez duela balioko pentsatzen dutelako...

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!