"Gure alaba gerra pairatzen ari da Ukrainan"

Mikel Arberas 2022ko mar. 3a, 11:17

Javier, Dihanna, Asun, Lena eta Alex, familia giroan. Argazkia atera zutenean gerraren arrastorik ez zuten.

Dihanna Petrechenko sei urterekin harreran hartu eta Andoainera ekarri zuten Javier Estevez eta Asun Garcia andoaindarrek. Geroztik gaztea urtero itzultzen zen Andoainera. Egoera zaila bizi du orain, Ukrainan

Asun Garciak Chernobil elkarteko kide batekin lan egiten zuen, eta haren bitartez ekimenari buruz gehiago jakin zuten. Haien asmoarekin bat egin zuten eta Dihanna, lehen aldiz, sei urterekin ekarri zuten Euskal Herrira, Andoainera.

Geroztik, urtero etortzen da eta Estevez-Garcia familiak komunikazioari eutsi dio geroztik. 18 urte bete zituenean, Dihanna Petrechenkok bere kabuz etortzeari ekin zion. Gerra piztu da Ukrainan, eta beren alaba egoera zailean da. Telefonoz eusten diote harremanari.

Familia oso kezkatuta bizi da Errusiak Ukraina hartu duenetik, eta elkarrizketan zehar behin baino gehiagotan malkoei ezin eutsirik daude.

Dihanna Petrechencorekin zenbatero hitz egiten duzue? Sarritan komunikatzeko aukera izaten ari al zarete?

Gerra hasi zenetik bai, ahal dugun guztietan. Betidanik eduki dugu kontaktu estua eta denbora luzez hitz egin dugu, baina Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik, ahal dugun guztietan kontaktatzen saiatzen gara, egunean lauzpabost aldiz, gutxienez.

Nolakoa da kontaktua hori, gerra egoeran?

WhatsApp bitartez jartzen gara kontaktuan, nahiz eta noizean behin bideo-deiak ere egin ditugun. Ezin du Internet-datu asko xahutu, ez baitakite noiz moztuko dieten Interneta, sarea edota kontaktatzeko beste baliabideak. Oso adi egon behar gara, eta neurriz jokatu. Dihannaren ahizparekin ere kontaktuan gaude, hura Malagan baitago. Hala ere, ez dakigu zer egingo dugun kontaktua galduz gero, ezjakintasuna izugarria da eta beldurra are handiagoa.

Albistegietan Ukraina eta Errusiaren arteko gerra da nagusi; irudi gogorrak, errefuxiatuak, heriotzak... Nola ari zarete kudeatzen emozio-egoera hau milaka kilometroetatik ikusita?

Ezin dugu hitzekin azaldu. Alabak bideo eta argazki ugari bidaltzen dizkigu WhatsApp bidez: bere herriaren egoera, zibilen heriotzak, suntsiketak, tiroak, leherketak etabar. Ez da gauza bera telebistatik modu inpertsonal batean irudiak ikustea, edo alabaren bidez bizi duenaren zuzeneko kontakizuna jasotzea. Gerra egoera bat bizitzen ari da Dihanna eta bihotza uzkurtzen zaigu "aita, ama leherketak eta tiro hotsak entzuten ari naiz, geroz eta ugariagoak dira", esaten digunean. Beldurgarria da gertatzen ari den guztia.

Dihanna nola ari da egoera hau guztia kudeatzen?

Gaizki. Oso izututa dago. Lehen aldiz bonbardatu zituztenean WhatsApp bidez deitu zigun, gaueko 02:00ak aldera: "Ama atera nazazu hemendik, mesedez. Lagundu irteten", eta segituan leherketen soinuak entzun genituen telefonoaren bestaldetik, "bonbardatzen ari dira, atera nazazue hemendik!". Hori guztia burmuinean iltzatuta daukagu. Alabaina, ahal duenean deitzen digu eta komunikatzen gara. Gaur, esaterako, konortea galdu duela esan digu, egoerak sortutako antsietatea eta inpotentzia medio. Hala ere, Interneteko datuak ez xahutzeko gogorarazi diogu, badaezpada. Konexioa galduz gero...

Hori gutxi balitz, Petrechenkok bi urteko seme bat du.

Oso txikia da haurra, ez dago modurik gerra bat zer den azaltzeko. Ez daki ezer, nahiz eta, seguruenik, ez-ohiko egoera dela sumatzen duen. Egia da, Dihannak aipatutakoaren arabera, leherketak entzuten dituenean lasterka beldurtuta ohe azpian ezkutatzen dela. Gainera, orain arte, 'babesleku' batera joaten ziren; baina joateari utzi zioten irtenbiderik eta ke-aterabiderik gabeko soto bat zelako, oso arriskutsua izan liteke bertan geratzea.

Jendeak uste du, lehergailuak Kieven eta gune militarizatuetan soilik jaurtitzen ari direla, baina zibilen etxebizitzetara ere bota dituzte. Herriak suntsitzen eta herritarrak hiltzen ari dira errusiarrak.

Gerrak herritar ugari kalera atera ditu azken egunetan, Donostian adibidez. Joan al zineten manifestaziora?

Bai, bertan izan ginen. Euskal Herrian bizi diren ukrainarrak eta gu bezalako familiak bertan elkartu ginen. Herritarrak ohartu behar dira gerra hau mundu osoari eragingo diola hemendik gutxira eta, hortaz, inplikazioa eta elkartasuna handiagoa izan behar duela. Jazotzen ari denari ikusgarritasuna eman behar zaio.

Ukrainak ba al du etorkizunik, ikusitakoa ikusita?

Aurretiaz herrialdearen egoera kaskarra zen. Beste herrialdeekin alderatuta atzeratuago daude, eta Chernobylgo gertakaria kolpe latza izan zen. Izatez, herrialde oso aberatsa da mineralei eta lurrei dagokionez, baina jendartean ez da hori hautematen. Egun, gerra honekin, etorkizuna ilun ikusten dugu.

Egunotan bizi duguna mundu mailan eragingo duen gertakari historikoa da. Herrialdeen arteko harremana guztiz aldatuko da, okerrera egingo du. Jada, hainbat gauzetan prezioek gorantz egin dute, soilik bost egunetan.

Errusiaren aurkako hainbat neurri ezarri dituzte; besteak beste, hedabideak zentsuratzea, Errusia futbolaren mapatik ezabatzea edota ekonomikoki mugatzea...

Ez zaigu justua iruditzen. Milaka errusiar Putinen politiken kontra daudela seguru gaude. Alabaina, ezer gutxi egin daiteke zibilak bonbardatzen dituen ero horren aurka. Gainera, Errusian egin diren manifestazioen irudiak ikusi ditugu, baina isilarazten saiatzen dira. Gutxi batzuen erabakiak, herriaren galera dakar.

Dihannak Andoainera itzultzeko nahia azaldu dio Aiurriri. Gaiaz hitz egin duzue?

Hona iristea lortuko balu, edonoren etxera etorriko litzateke, arazoa Ukrainatik ateratzean datza. Lagun eta familiako kide ugari prest agertu dira Dihanna eta semea etxean jasotzeko.

Dihanna Petrechenko, Andoainen errotutako ukrainarra

Dihanna Petrechenko sei urterekin etorri zen lehen aldiz Andoainera. Segituan egin zituen lagunak eta familiko kide berria bilakatu zen. Urtero itzultzen zen herrira, baita 18 urte bete ostean ere. Zorte handiko pertsona da, izan ere, egoera lazgarri honetan asko dira gerratik irten eta etxeko berotasuna emateko prest agertu diren lagunak eta familiak. Horrez gain, hiriburuetan elkartasun ekimen ugari antolatu dira Ukrainaren alde.
Bien bitartean, Javier eta Asun alaba etxera ekartzeko irtenbideak bilatzen saiatzen ari dira, amaiera garbirik ez duen gatazka belikotik urruntzeko.

Europar Batasunak adierazitakoaren arabera, ukrainar errefuxiatuek ez dute arazorik edukiko laguntza jaso eta Europan sartzeko. Zer diozue?

Hitzetik ekintzetara tarte handia dago. Orain hitz polit ugari esaten dira, baina Polonian ukrainar errefuxiatuekin arazoak sortzen ari dira. Beraz, ez dugu ilusio faltsurik egingo. Ez hori bakarrik, ez da batere erraza izango zure jatorria, etxebizitza, lagunak eta familia atzean uztean. Oso gaizki egonda ere, Ukrainan geratu nahi dutenak egongo dira.

Dihanna zorte handiko pertsona da, familia eta lagun ugari ditu hemen, baina beste milaka eta milaka ukrainarrek ez dute zorte bera. Beraz, eurentzako oso egoera zaila izan behar du, bai emozionalki eta baita kudeatzeko ere.

Orain guztiz inguratuta daude. Irpin hiritik irtetea posible al da?

Bertatik ateratzen saiatzeko moduak bilatzen ari gara. Ez dute autorik, eta autoa edukita ere hiltzeko arriskuan egongo lirateke. Kontuan eduki bi urteko haur batekin doala, beldurra eta erantzukizuna askoz ere handiagoa da. Pentsa ezazu memento batez mugara iristen zarela, ez dakizu igarotzen utziko dizuten, non sartuko zaituzten ala zer pasako den. Oso gogorra da, baina ezin dira bertan geratu. Alde egin behar dute, bai ala bai.

Dihannak Ukrainatik atera behar du, baina baita beste herritar guztiek ere; ez dugu nahi herritarrak hiltzea, ez dugu nahi tankeek autoak zapaltzea, ez dugu nahi familiak banantzea. Zerbait egin beharra dago, Vladimir Putin Errusiako presidenteak ez baitu erasoaldia geraraziko.

 

Irungo familia batek 2.800 kilometro egin zituen familiako kideak erreskatatzeko...

Etsipenak edozer egitera bultatzen zaitu. Gerra lehertu baino egun batzuk lehenago, hegaldiak begiratzen egon ginen bertara joan eta Dihanna eta bere familia bueltan ekartzeko, baina, bat-batean, gerran sartu ziren eta gure asmo osoa pikutara joan zen.

Inpotentzia izugarria da, gure alaba gerra egoera bat bizitzen ari da. Ziurgabetasun egoera da eta ezin dugu ezer egin.

Andoainera itzuli nahi du Petrechenkok

Andoainekin lotura estua duen ukrainiarra da Dihanna Petrechenko; memento latza, gerra-egoera bizitzen ari baita bere herrian. Ukrainako Irpin hirian bizi da gerra-egoera betean, Kievetik oso gertu, familiarekin eta semearekin: "Egoera larria da, lehergailuen eta tiroen hotsak entzuten dira. Etxetik irtetzen uzten digute, baina ez da gomendagarria, oso arriskutsua baita".

Hiritik irtetzeko asmoa zutela jakinarazi zion Aiurriri, aurreko igandean. Baina zailtasunak besterik ez dituzte aurkitu: "Hiritik igandean irtengo ginela pentsatzen genuen, baina autoan ez ibiltzeko gomendatu digute. Poloniara joan nahi genuen ahal bezala eta, bertan, Andoainera joateko hegaldi bat hartzeko asmoa genuen".

Egoeraren aurrean ezer gutxi egin dezakete: "Ezin dugu ezer egin. Kalean hiltzeko edo zauritua izateko arrisku handia dago. Itxaron besterik ez dugu, baina zeri? Gau osoan bonba-leherketak entzun ditugu: etxe osoak egiten zuen dardara, eta tiro-hotsak ez dira eten". Ukrainatik alde egin nahi duten arren, egoeraren larritasuna azpimarratu du Petrechenkok: "Autoa hartu eta kanpora joan gintezke, modu batera edo bestera. Alabaina, oso arriskutsua da, kaleetan errusiar tankeak ikus daitezke eta gure bizia arriskuan egon liteke, ez baitakigu bonba bat jaurtiko diguten ala tirokatuko gaituzten".

Aiurriko hizketaldiak iraun bitartean, telefonoaren bestaldean, lehergailuen eztandak entzuten ziren.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!