Burdina, ekimen betean

Xabier Lasa 2022ko mar. 5a, 09:00

Burdina taldeak aurten egin beharreko egitasmoen zerrenda zehaztu duenean, ekimen gehienak Ubarango bailaran kokatuko dituela iragarri du. Antzinako geroz eta elementu gehiago topatzen ari dira inguru hartan.

Burdinako kideek azaldu dutenez, antzinako elementu gehiago biltzen ari dira Gordelekun, Andoaingo herritarren bizitza eta ogibideak azaltzen dituen erakustoki etnografikoan.

Hauxe 2022 urterako zehaztu duten lanen zerrenda:

  • Ubaran bailara: Txingurri karobia (bigarren fasea, finkatze eta bermatze lanak); “La Fortaleza” meatze-lubakia (berreskuratze eta bermatze lanak); Ubarango karobia (berreskuratze eta bermatze lanak).
  • Asuko karobia: berreskuratze eta bermatze lanak.
  • Ortzaikako karobia: piztea.
  • Bi bisitaldi gidatu: herriko ondareetan barrena.

Aurreko urtetan berreskuratutako hamabi elementu: mantentze eta zaintza (garbiketa eta konponketa).

Gordeleku: Andoaingo historia eta bizitzarekin zerikusia duten objetuen berreskuratzea eta mantentzea. Extremadura 7 kalean kokatzen da Gordeleku izeneko espazioa, eta bertan Burdina taldeko kideek urtetan bildu dituzten lan-tresneria eta pieza etnografikoak gordetzen ari dira, etorkizunean Andoaingo herriaren eta andoaindarren iraganeko bizimoduaren erakusgarri izateko asmoz. Gogoratu dutenez, herritarrek dohaintzan emandako objetuak ere jasotzen ari dira, eta alde horretatik, eskerrak eman nahi dizkie orain arte Gordelekura azaldu diren herritar horiei, eta aldi berean, deialdia luzatu dute etxean antzinako tresnak, aparatuak… dauzkatenek gauza berbera egin dezaten.

Andoaingo ondarearekin lotutako ekimen horiez gain, Burdina elkarteak zehazteko dauzka zeintzuk izango diren aurten Asteasu, Elduain eta Berastegiko udalerrietan egin beharreko egitasmoak.

Hogei urteko ibilbidea

Burdina elkartea 2002an jaio zen, ondare historikoa berreskuratzeko eta herritarrei zabaltzeko helburuz, eta hortaz, 20 urte bete ditu. Atzera begira jarrita, egindako ibilbidea datuetan eta gauzatutako egitasmoetan islatu nahi izan dute bere kideek. 120 boluntariok hartu dute parte bere ekimenetan, modu batera edo bestera; Andoaingoak ez ezik, baita Donostia, Hernani, Urnieta, Lasarte-Oria, Zizurkil, Amasa-Villabona edo Tolosakoak.

Egitasmoak hainbat udalerrietan gauzatu dituzte bi hamarkada horietan: Villabona, Zizurkil, Tolosa, Beizama, Elduain, Berastegi, Leitza, Areso eta Andoain. Horietan, sasiak janda eta ezkutatuta edota desagertze zorian zeuden 38 ondare historiko (karobiak, garbitokiak, errotak, burdinolak, kobazuloak, meatze-lubakiak…) berreskuratu, txukundu eta argitara jarri dituzte; hain zuzen, Andoainen hamabost, Berastegin sei, Elduainen zortzi, Leitzan hiru, Zizurkilen hiru, Tolosan bat, Beizaman bat eta Areson bat.

Ubaran bailaran dagoen Auzokalteko karobia da berreskuratu duten azken ondarea. Hain zuzen, bailara horretara bideratu dituzte ahaleginak azken aldian, eta hiruzpalau urtetako egitasmoari ekin diote, bertan identifikatu dituzten zenbait ondare (errota, zubia, borda, karobia, errota…) berreskuratzeko asmoz.

Burdinako kideek adierazi dutenez, irekia da elkartea, eta ongietorria eskaintzen zaie boluntario gisa modu batera edo bestera lan egin nahi duten pertsonei.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!