“Elkarlanaren eta proiektu berritzaileen” aldeko apustua egin nahi du EAJ-PNVk

Jon Ander Ubeda 2022ko mar. 6a, 08:00

‘Entzunez Eraiki’ proiektua Euzkadi Buru Batzarrak Euskadi osoan abian jarri duen dinamika parte hartzailea da. Larunbat honetan geldialdia egin zuen Andoainen. Aitor Aldasorok gidatutako saioan, besteak beste, Garbiñe Mendizabal Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak eta Estibaliz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskararen Sustapenerako zuzendariak parte hartu zuten.

Alderdiak bidalitako oharraren arabera, “afiliatuak, alderdizaleak eta euskararen munduko ordezkariak elkartu ziren Euskarak egiten gaitu izenburupean egindako jardunaldian”. Entzunez Eraiki egitasmoak Gipuzkoan izan dituen lehen bi hitzorduak Errenterian eta Arrasaten egin ziren, politika sozialak eta ekonomiaren etorkizuna ardatz hartuta, hurrenez hurren. Andoainen, berriz, euskararen geroari buruzko gogoeta egin zuten.

Agenda 2030

EAJren entzuketa aktiboaren, elkarrizketaren eta lankidetzaren dinamika da Entzunez Eraiki, alderdi jeltzalea lanean ari baita bere proiektu politikoa herritarrekin partekatzeko eta etorkizuna modu kolektiboan eraikitzeko. Topaketa hori hilabete hauetan lurraldeko eskualde guztietan izango diren topaketen agenda trinko baten parte da, non bost erronka nagusi jorratuko diren, euskal herritar guztiei eragiten dietenak, eta Gipuzkoaren eta Euskadiren bilakaera markatuko dutenak: klima-aldaketa, garapen ekonomikoa, gizarte-politikak, gobernantza eta euskara.

‘Entzunez Eraiki’ proiektua Euzkadi Buru Batzarrak Euskadi osoan abian jarri duen eta urrira arte gauzatuko den dinamikaren barruan kokatzen da, egungo erronkei erantzuten dien agenda politiko eta sozial baten inguruan, eta Agenda 2030ean jasotako erronka handiekin lotuta dago: globalizazioaren eragina, desafekzio politikoa, iraunkortasuna, enpleguaren etorkizuna edo digitalizazioa. Gipuzkoan 15 topaketa baino gehiago egitea aurreikusten da, eta horien artean Andoainen egin dena.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!