Ibon Altuna eta Aritz Rekalde Euskal Herriko txapeldunak bilakatu dira pala motzean

Aiurri 2022ko mar. 7a, 11:04

Altunak eta Rekaldek Euskal Herriko Ezker Paretako Kluben Arteko txapelketa irabazi zuten Vega-Arroita bikotearen aurka (40-32). Norgehiagoka, Gasteizko Ogeta pilotalekuan jokatu zen.

Txapelketa bereziki gogorra izan da, zeren eta zenbait lesio gainditu behar izan dituzte finala jokatu baino lehen. Andoaindarrek maila altua erakutsi zuten lehen minututik; hala ere, edonork irabaz zezakeen partida, oso parekatua izan zen. Aritz Rekalde: "Min handia egin digute euren pelotarekin. Gainera, Vega aurrelaria oso pilotari teknikoa da. Memento batean, alde handia atera digute, baina markagailua iraultzen jakin dugu". Bestalde, aukera zutenean andoaindarrek beren pelotak erabiltzeari ekin zioten, pisu handikoak eta mugitzeko zailagoak; erabaki horrekin asmatu egin zuten eta aurkariak menderatzen hasi ziren. 11 tanto egin zituzten jarraian. 

Esanak esan, hasiera bereziki zaila izan zen arren, partidari neurria hartzen jakin zuten Rekaldek eta Altunak. Azkenean, 8 tantoko aldeagatik irabazi zuten, nahiko lasai eta estutasun handirik gabe.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!