[Postontzia]

Ondarretako ikastetxean agertutako aparkalekuei buruz

Lizar Arizti 2022ko mar. 10a, 10:09

Ondarretako ikastetxeko hezkuntza komunitatearen parte naiz, guraso gisa, nire seme nagusiak eskola garaia hasi zuenetik, 2015ean. 7 urte hauetan gauza asko bizi izan ditugu, baina, batez ere, ni, behintzat, abandonatuta sentitu naiz orain arte egon diren udal korporazio desberdinengandik (gogoratu behar da Ondarretako Ikastetxea Andoaingo ikastetxe publiko bakarra dela, Euskal Eskola Publikoen sarean integratua).

Otsailaren 24an, ostegun gizena, utzikeria horrek goia jo zuen, Udalak ikastetxeko sarrera aparkaleku gisa gaitzeko leku aproposa zela erabaki zuela ikusi genuenean. Eta ikusi genuela diot, Udal langileak Haur Hezkuntzako eraikinaren sarreran aparkalekuak margotzen aurkitu genituelako, aldez aurretik eskolari jakinarazi gabe.

Haur Hezkuntzako eraikinaren sarrera autobusak eskolara ekartzen zituen haurrak bertan sartzeko pentsatua zegoen. Sarrera horrek gatazkak sortu izan ditu nire semea eskolara joaten denetik, behintzat, aparkatzeko debekua adierazten duten seinale bertikalak eta lurrean marra hori batzuk margotuta egon arren, ez baitzen errespetatzen. Hori dela eta, baimendu gabeko ibilgailurik igarotzea galaraziko zuen pibote bat jartzea eskatu zitzaion Udalari.

Utzikeria eta mespretxua, Udalari proposatutako konponbidearen ordez, alderantzizko apustua egin zutenez, ez dugu ibilgailuen sarrera debekatuko, baizik eta berau sustatuko dugu, esan nahi duela dirudi udal korporazioak.

Gogorarazi nahi dut haur hezkuntzako eskola baten sarreraz ari garela, 2 eta 6 urte bitarteko haurrak joaten direla eskola honetara, herriak lau (cuatro, four, quatre) aparkaleku irabazteko udalak berauen segurtasuna arriskuan jartzeak merezi duela deritzaiolarik.
Hurrengo udal hauteskundeetan ustiatzen jakingo duten lorpen handia.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!