Dihanna Petrechenko Andoainen da, Ukrainako Irpin hiria utzita

Aiurri 2022ko mar. 10a, 11:18

Errusiar armadak txikitutako eremua da Irpin. Dihannak eta bere haur txikiak bertatik irtetea lortu dute.

Aurreko Aiurri astekariko protagonistatakoa izan zen, baina, dagoeneko, gudu-zelai bilakatu den Irpin sorterria utzi eta Andoainen da Dihanna Petrechenko ukrainar gaztea.

Chernobyleko eztanda nuklearraren ondorioz, Ukrainako eta Euskal Herriko hainbat familien arteko loturak egonkortu egin dira. Lurralde hartako haur zirenek bigarren familia topatu zuten gure lurretan. Andoainen, esaterako. Asun Garcia eta Javier Estevez andoaindarrek bere garaian 6 urteko neskatoa ekarri zuten Euskal Herrira. Dihanna izenekoa, harreman estua egin zuten eta ukrainar gaztearentzat Andoaingoa bere bigarren familia da. Haur horrek 25 urte ditu orain, eta egoera oso zaila bizi zuen sorterrian.

Ukrainak Errusiaren eraso bortitza jasan du, eta bertan jarraitzea ezinezkoa zen. Hango leherketen eta erasoen berri eman zuen gazteak, eta Aiurri.eus webgunean bere lekukotza zabaldu zen. Irpin hiriak, bereziki, bonbardaketa ugari jaso ditu eta bertako eraikin ugari txikituta daude. Are gehiago, hainbat hedabideek zabaldutako irudien arabera, errusiar armadak zibilen aurka jo du. Aurreko astean, Dihannak Irpinetik irten eta bere desioa bete ahal izan zuen: Andoainera itzultzea, bere bigarren etxera itzultzea. Haur txikiarekin bake pixka bat izango duen bizitokia bilakatu da Andoain. Dagoeneko, gazteak sare sozialen bitartez hainbat mezu zabaldu ditu Andoaindik. Urrunetik bada ere, gertutik jarraituko du Ukrainako egoera. Dihannak badu ahizpa bat, eta hura Malagan bizi da. Biak ala biak seguru daude. Bestelako kontua izango da gainerako senideen egoera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!